Bardintasunik ez neska-mutikoen artean
Desbardintasuna zuzentzea
Emakunderen ustetan, hezkidetzea tresna egokia da, desbardintasuna zuzentzeko; guztiagaz be, dan-dana ez dago irakasleen esku, gizarteak eta familiak zeregin garrantzitsua beteten dabelako jarreren aldaketan. Edozelan be, Moyuaren eretxiz, hezkuntzako profesionalei jagoke hezkidetzearen ganeko preparazinoa eskatzea, bai eta aldaketarako proposamenak bultzatzea be, ikastetxeetan bardintasunaren gaia lehentasunezkoa izan daiten.
Txostenak azken hamarkadotan egindako lana positibotzat jo arren, oraindino asko be asko egiteko dagoala adierazoten dau; izan be, bardintasuna lortuta dagoalako ideia zuztartuta egon arren, hori ez da benetako errealidadea. Azterlanak desbardintasunen ganeko arreteari eusteko beharrizana aitatu eta oraindino indarrean dirauen desbardintasun adierazleak agirian iminteko beharra landu behar dala azpimarratzen dau.
Edozein kasutan be, Emakundek uste dau momentu itxaropentsu batean gagozala, Andrazkoen eta Gizonezkoen arteko Bardintasunaren ganeko Lege onartu barriak bete beharreko neurriak ezartzen dauzalako; halanda ze, gai honetako hezkuntza politikek aurrera egingo dabe.
Azkenik, Emakunderen azterlanean hezkuntzearen historiaren ibilbidea be aztertzen da, laurogeita hamarreko hamarkadako mugarri garrantzitsuak azalduz eta protagonisten lekukotzen barri emonez. Era berean, erakundeek hartutako lehentasunak be jasoten dira, bai eta ikastetxeek egindako ekarpenak be.
Begiluzea
Neska-mutikoak bardintasunean hezteko egin diran ahaleginak eta lortu diran emoitzak aztertu dauz Emakundek, eta azken urteotan aurrera egin dala autortuta be, oraindino zeregin handia dagoala azpimarratu dau. Izan be, nesken eta mutikoen artean bardintasunik ez dagoala eta estereotipo asko indarrean dagozala jasoten dau Emakundek egindako azterketeak.
Mutilen kasuan, gazteen gizarte onarpen eta prestigio erreferenteak futbolariak dira; nesken eretxiz, ostera, itxura fisikoa da gizarteak onartzeko biderik nagusienetarikoa, Emakundek agindutako azterlanak dinoaren arabera.
Inkesta hau Gipuzkoako hiru ikastetxetako 183 ikasleren artean besterik egin ez arren, argi dago estereotipoek indarrean jarraitzen dabena. Mutilei jagokenez, futbolaren eta gizontasunaren artean lotura estua dago; nesken kasuan, gorputzea euren nortasun eta identidadearen ispilua da, hau da, besteek onartzeko bidea eta ganerako andrazkoakaz lehiatzeko bitartekoa.
Emakunderen zuzendariak, Izaskun Moyuak, aurreko astean aurkeztu ebazan azterlanaren ondorio nagusiak eta ostera be azpimarratu gura izan eban heziketeak gizonezkoen eta andrazkoen arteko desbardintasunei amaierea emoteko daukan erantzukizun handia.
Moyuak adierazotakoaren arabera, azterturiko ikasgeletan guztiz desbardinak diran jarrera bi ikusi dira. Batetik, estereotipoak apurtzen ahalegindu eta errespetu jokabide zabalak daukiezan gazteak agiri dira, eta, bestetik, eztabaida hau bape interesetan ez jaken gazteak daukaguz, mutilak eta neskak ados paretako trabak iminten dabezanak.
Azken kasu honetan, mutilek ganerakoen arretea bereganatzeko ahaleginak egiten dabez, txandak errespetau barik eta astrapala handiak sortu eraginez. Neskek, ostera, gitxitan adierazoten dabe euren eretxia eta irakasleek ez dabez oso kontuan hartzen, nahiko beharra daukielako eztabaidearen dinamikea apurtzen ahalegintzen diran mutilei kasu egiten.