Antxina-barri  IV. urtea // 149. zenbakia

Emakume Abertzale Batzako taldeak

Gizartearen zirrikituak aprobetxatuz


EAB, Emakume Abertzale Batza

Taldearen jardunbidean helburuak bi ziran: abertzaletasun ideiak emakumeakana heldu eragitea eta emakumeak politikagintzan jardutekom pausuak emotea. Asmo biak Eusko Alderdi Jeltzalea alderdiaren inguruan garatu ziran.

Giro horretan, emakumeek mitinetarako ibilaldiak antolatu, edo mitin eta abertzaleek antolatutako ekintzotan erabili beharreko ikurrinak eta beste hainbat gauza preparetan ebezan.

Apurka-apurka ezagunak egin ziran mitin horreetan parte hartzen eben emakumeetako batzuk, besteak beste: Polixene Trabudua, Haydee Agirre, Julene Azpeitia edo Sorne Unzueta.

EABko taldeen arrakastea 1930eko hamarkadan etorri zan. Hego Euskal Herrian Errepublika indarrean egon zan bitartean, hainbat lekutan sortu ziran EABko taldeak, batzuetan EAJren lokal edo batzokietan eta beste batzuetan leku horreetatik kanpo.

Gorago aitatutako mitin eta abertzaletasun ekintzetarako preparazinoak ez eze, emakumeak beste hainbat ikastaro antolatzen hasi ziran, besteak beste, janaria prepareteko antolatutako ikastaroak, makinaz idazten ikastekoak edo irakasletzarakoak, sorbidean egozan ikastoletan klaseak emoteko.

Ikastaro horreek sano mesedegarriak izan ziran euskal emakumeentzat, euren bizimodua erraztu eta orduko gizartean ohikoa zan gizonen menpekotasunetik urten eta beste aukera batzuk zabaldu jakezalako.

EABko taldeak iraultzaileak izan zirala esatea ez litzateke zuzena eta, esangura horretan, ezin doguz konparau sozialista edo anarkisten taldeekaz. Era berean, ez litzateke zuzena izango alde batera ixtea, EABk antolatutako ikastaroei esker, hainbat emakumek izan eben aukerea. Euren bizimodua goitik behera aldatu zan emakumeek orduko gizarteak ezarritako hainbat hormatzar gainditu ostean.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria


1908ko zezeilaren 4an sortu zan ‘El Ropero Vasco’ erakundea, Emakume Abertzale Batzako (EAB) taldeen aitzindaria. Hori dala eta aste honetako artikuluan emakumeei zuzendutako talde honeen historiari errepaso txiki bat emongo deutsagu.

‘El Ropero Vasco’

XX. mendeko lehenengo urteak ez ziran errazak izan euskal gizartearentzat. Industrializazinoa pil-pilean egoan eta Bizkaia aldeko hainbat industria gizon asko aberastu ziran. Horretarako, bertoko zein kanpotik etorritako langileen lana aprobetxau eben, beharginen egoera ekonomiko zein sozialaz bape arduratu barik. Kasu batzuetan, pobrezia gorria bizi eben beharginek, oinarrizko baliabideak, etxebizitza, janaria, erropea edo osasuna jaso ezinik.

Egoera horri aurre egiteko 1908an sortu zan Bilbon ‘El Ropero Vasco’ erakundea, emakume Bilbotar batzuen ekinbidez. Erakunde honen asmoa aberatsen edo behintzat egoera ekonomiko nasaiean egoazanen erropak batu eta honeen faltan egozenei emotea zan.

Lan polita egin eben talde honeek XX. mendeko lehenengo urteetako Bilbon. Baina hau garrantzitsua izanda, ‘El Ropero Vasco’-ko taldeek beste gauza bat be erakutsi eutsien emakumeei: indarrrak batu eta alkarlana garatzen, hain zuzen be.

Gauzak holan dirala, emakumeak konturatu ziran XX. mendeko lehenengo urteetako gizartean, emakumeak ez zirala ia politikagintzan agertzen, sozialista eta anarkisten kasuak kenduta. Baina emakumea gero eta indar gehiago hartzen joian eta, beraz, emakumeen lana politikagintzan bideratu behar eban taldea sortzearen preminea gero eta argiagoa zan. Irlandatik etorri jaken eredua: ‘Cuma an Bam’ taldeak emakume abertzale irlandarrez osotuta egozan eta antzeko zeozer egitea bururatu jaken euskal emakumeei. Holan sortu zan 1922an EAB: Emakume Abertzale Batza.