Euskal Eskola Publikoaren Jaia bagilaren 4an egingo da Oñatin
Bizkaie!
Jaia Oñatin egiteko erabagia 2005ean 25. urterrena ospatu dauen bertako Errekalde Guraso Elkarteak EHIGE Konfederazinoari bere garaian egindako eskariari jarraituz hartu da, antolatzaileen esanetan.
Bidebatez, jaiaren bidez, 'Goieskola-Debagoieneko Euskal Eskola Publikoa' egitasmo komunitarioa sustatu gura da. Egitasmo horretara 2.500 familia, 3.000 ikasle, 425 irakasle eta beste 65 langile dagoz bilduta, eta helburu nagusia Debagoienako ikastetxe publiko guztietan hezkuntza integral eta kalidadezkoa lantzea da; horretarako beste hainbat talde eta erakundegaz lankidetzea bideratzen eta barruko hartu-emonak eta kooperazinoa sustatzen ari dira partaideak.
Euskal Eskola Publikoaren Jairako lelo nagusitzat 'Mugak Gaindituz' hartu zanetik, berau erabili da beti, momentu bakotxean egoki eretxitako esaldi osogarriak gehituta.
Mugak gaindituz, guztiontzako tokia eginaz; desbardintasunei esker hazten garalako eta oztopoak gaindituz geurea indartzen dogulako; geure kulturan, geure hizkuntzan, aurrera egiten ari garalako; eta, jakina, oztoporik bako geroaldia eregiteko bideak zabaltzen gabizalako apurka-apurka.
Aurten, lelo nagusiagaz batera, 'herriak biribilduz' aukeratu dabe antolatzaileek hezkuntza komunidade guztiaren ahaleginari esker beteten ari garalako eskolea eta, azken batean, herri euskaldun eta solidarioa lortzeko helburua.
Euskal Eskola Publikoaren jaigunea Oñatiko alde zaharrean antolatuko da eta bidebatez euskal arte zibil nahiz erlijiosoko hainbat obra aitagarri ezagutzeko eta Aizkorriren magaleko herri haretako jenteen adeitasunaz gozetako aukerea izango dugu.
Ohiukoa izaten dan lez, ekintza ugari eta askotarikoak preparauko dabez, besteak beste, Unibersidadean, parrokiako klaustroan, Foru Plazan, Santa Marina plazan, Kale Barrian zein Atzeko Kalen; eskola publikoari babesa emon gura deutsen euskaltzale guztientzat antolatutako erakusketa, kontzertu, euskal dantza, pailazo, haur parke, tailer eta abarren bidez egun ederra pasetako moduan.
Ondo paseteaz gainera, Euskal Eskola Publikoko guraso elkarteen aldarrikapenak gogoratzea be ondo dago: 0-3 tartea publikoa izan daitela, eskola mapa barria, hizkuntza ereduak gainditzeko preminea, ikastetxeen autonomia eta, familien parte-hartzea eskolan.