Jan-edanak  IV. urtea // 149. zenbakia

Loditasuna eta loditasun morbidoa


Tratamentua

Gaixotasunaren tratamentu onena prebentzinoa da. Gaztetan pisua handitzen bada, astiro-astiro eta eten barik loditasunera eta loditasun morbidora heltzeko arriskua errazagoa izango da. Elikadurea zaintzea eta kirola egitea jokabide zuzenak dira.

Medikuaren diagnostikoa ‘loditasuna’ baldin bada, esandako moduan, gaixotasun kronikoa izan arren, osatzeko modua dago nahiz eta tratamentua luzea izan: elikatzeko arau gogorrak, jarduera fisikoa, eta askotan botikak hartu behar izatea.
Beste alde batetik, diagnostikoa ‘loditasun morbidoa’ danean, loditasunagaz batera sor daitekezan bestelako gaixotasunak eta arazoak zaindu behar dira. Gaixotasun kardiobaskularren edo gaixotasun metabolikoen ondorioz, heriotzeari aurre egitea da helburua. Dana dala tratamentua ez da hor amaitzen, izan be, faktore horreek kontrolau eta kirurgia da pisua galtzeko bide seguruena. Atara kontuak, 100 kilo baino gehiago galtzeko dieteagaz, urteak behar dira!

Kirurgian teknika bi dagoz:

- Kirurgia murriztailea: sabelaren bolumena txikitzen da, beraz ez dago janari asko sartzeko lekurik. Gehien erabilten dan teknikea da.
- Hesteak mozteko kirurgia: hesteetan elikagai batzuk xurgatzen diran zatiak mozten edo sikatzen dira. Teknika hau askoz erangingarriagoa da, baina bigarren mailako ondorioak sortarazoten ditu eta ebakuntzea bera bestea baino arriskutsuagoa da.

Ebakuntza bietan dieta oso berezia eta kontrolatua jarraitzea komeni da, malnutrizinorik agertu ez daiten: lehenengoan oso gitxi jaten dalako eta bitamina zein gatzen faltea egon daitekelako eta, bigarrenean, elikagai asko xurgatzen ez diralako (xurgatze okerraren sindromea).

Azken buruan, pisua kontrolpean eukitea komeni da. Kontua ez da geure burua larregi estutu eta ‘pisu idealean’ egotea, norberaren altueraren araberako pisuari eustea baino.

Amaia Laforga,
Dietetika eta Gizaki Elikaduran diplomaduna

Azken hilebetean barri batzuk agertu dira gaixotasun honen inguruan. Sigüenzan (Guadalajara) 200 kiloko 51 urteko emakume bat hil da loditasun morbidoaren ondorioz. Madrilen be 213 kiloko gizonak kaderako hazurra apurtu eban jausi ondoren; loditasunak eragindako konplikazinoak ezin izan ebazan gainditu eta ospitalean hil zan. Bi persona honeek etxetik atarateko suhiltzaileen laguntzinoa beharrezkoa izan eben.

Holako kasuak harrigarriak dira, salbuespenak, baina gero eta gehiago entzuten dira, loditasunaren arazoa gero eta larriagoa da gure gizartean.
Edozelan be, loditasuna gaixotasun kronikoa izan arren, osatzeko modukoa da. Gantzek ehun adiposoa metatu eta pisua handitzen da. Loditasunak arazo batzuk sortarazoten ditu: bihotzean, liseri-sisteman, hazurretan, diabetesean, eta minbizi mota batzuk (hesteetakoak). Persona nagusien artean, loditasuna zelula adiposo horreek gantz gehiegi metatzean oinarritzen da. Umeen loditasuna, ostera, zelula-kopuru handiegia egotean datza.

Behar doguna baino gehiago jan eta edaten badogu sobran dagozan kaloriak gantz lez pilatuko doguz gantz ehunean, hau da, gastetan doguna baino energia gehiago hartzen badogu, loditu egingo gara. Egoera horri luzaroan eutsi ezkero, gehiegizko pisua agertzea erraza izango da. Gehiegiezko pisuari loditasuna deitzen deutsagu geure osasunerako kaltegarria bihurtzen danean.

Loditasuna azaltzeko gehien erabilten dan adierazlea Gorputz-Masaren Indizea da (GMI). Adierazle honek pisua eta altuerea kontuan hartzen ditu: GMI = kg / (mt)²
GMI 20 eta 25 bitartean osasun egoera normala da; 25 eta 27 bitartean gehiegizko pisua; 28 eta 39 bitartean loditasuna da, osasunerako kaltegarria; eta 40-tik gora loditasun morbidoa deitzen jako. GMI gero eta altuagoa dan neurrian, gaixotasunak izateko aukerea gehitzen da eta, kasu batzuetan, hilteko arriskua be egon daiteke.
Zergatik pasetan da hori? Disfuntzio hormonala nabarmena dan kasu berezi batzuk kenduta, gaixotasunaren zergaitietan heredautako faktoreak, jaiotzetikoak zein faktore psikologikoak egon daitekez.

- Heredautako faktoreak: geneek gorputzaren pisuaren % 33 zehazten dabe.
- Faktore sozio-kulturalak eta ingurumenagaz lotutakoak: bizimodua, elikadura-ohiturak, kirola...
- Faktore psikologikoak: jateko jarduerea aldatuta baldin badago, hau da, janari gehiegi hartzen bada denpora tarte laburrean eta kontrolik barik (betekadak).

- Beste arrazoi batzuk:
o Kanpoko gaixotasun batzuk: hipotiroidismoa, Cushing sindromea.
o Botika batzuk: esteroideak, antidepresiboak...