Jan-edanak  IV. urtea // 149. zenbakia

Ahate eta foie kaneloiak saltsan


Ahate eta foie kaneloiak saltsan

Osogaiak

- Ahate izter bi.
- Oliba orioa (0,4º).
- Berakatza: ale 2.
- Azenarioa: 0,20 kg.
- Porrua: ale 2.
- Ardao zuria: 0,05 zl.
- Maizenea.
- Kipulea: 0,10 kg.
- Foie grasa: 100 gr.
- Albaka orri bat.
- Kalabazea: 0,25 kg.
- Idarrak: 0,10 kg.

Zelan egin

Jarri ahatea ontzi batean, gatza eta piperbaltzagaz, oliba-orioa ganeratuta. Sartu laban, txingartu arte. Barazki-hondoa egiteko, jarri berakatza xerratan ebagita eta azenarioa ilargi-erditan zatituta. Tapau dana eta itxi 15 bat minutuz. Ostean, bota porruaren atal zuria eta tapau barriro, beste 15 minutuz. Gero, ardao zuri apur bat bota eta itxi urritzen bost bat minutuz. Atara ahatea eta kendu hazurrak. Laban bota dauen saldeari txikitutako barazkiak ganeratu eta maizeneagaz loditu. Puntuan dagoanean, ahateari ganeratu foiegaz batera. Atondu albakeagaz.

Kaneloiak egiteko: egin azafraizko pasta freskoa. Egositako pastea errektangelutan ebagi eta geroko gorde, orio apur bategaz bustita. Apaingarriak egiteko, ebagi azenarioa laukitxotan eta zuritu bako kalabazea. Ingeles erara egosi dana, idarrakaz batera, bikarbonato apur bategaz.

Bete sei kaneloi razino bakotxeko. Berotu laban, saltsa apur bategaz eta tapauta. Mahaira atarateko, bota saltsea platerera eta barazki-hautsa ganeratu. On egin!

Beñat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko sukaldaria

Kaixo irakurleok. Aurrekoan sarrerako entsaladea edo eta hasierako plater hotza landu genduan. Oraingoan beste hasierako bat preparauko dogu, baina oraingoan beroa izango da. Etxean janari berezi bat preparetako orduan egiten dogun horreetakoa izango da hau. Apur bat berezia bai baina lantzeko erraza eta jateko hobea, ikusiko dozue. Errezeta honetan erabiliko dogun osogai nagusia ahatea izango da eta kaneloiakaz jarriko dogu saltsan.