Kulturea  II. urtea // 21. zenbakia - 2003ko martiaren 1a

Alex Sardui (Gatibu): 'ez dogu behar justifikazinorik bizkaieraz kantetako, geurea da eta'

'...antzerkian lortzen dan komunikazino puntua emon gura deutsegu zuzenekoei'


8. Alboka doinuak, kitarrak, Alexen ahots berezia...; Exkixutik zer hartu dau Gatibuk?

Albokaria eta neu; ez da gitxi. Ahotsarena erreferentzia handia da, ahotsa aldatzerik ez dago eta jenteak erreferentzia hori izaten dau. Exkixuren gogoa be hartu dau Gatibuk, eta jakina, sasoi haretan hartutako esperientzia be ona izan da proiektu hau aurrera atarateko.

9. Diskoaren grabazinoan laguntzaile asko izan dozuez eta deigarrienak beharbada, Extremoduroko Robe eta Platero y Tu-ko Fito. Kantu banatan euren ahotsak baino ez dira entzuten, eta hori ez da oso ohikoa izaten

Lagun handiak dira bi horreek, baina ez daiguzan ahaztu Batiz eta Iñaki. Robe eta Fitorentzat abenturea izan da euskeraz, bizkaieraz kantetea eta ilusino handiagaz ibili dira. Hasikeran, kantu horreetan neure ahotsa be nahastutea zan asmoa, baina oso gustora geratu gara danok emoitzeagaz; ganera, eurakaz izan dogun tratua be sekulakoa izan da, eta jenteari be gustau bajako, zer gehiago eskatuko dogu ba?

10. Diskoa pasa dan abenduan aurkeztu zenduen, eta zuzeneko aurkezpenakaz oraintxe martian hasten zarie, batez be 'montaje' berezia preparau gura izan dozuelako. Ze ikuskizun eskainiko dozue zuzenean?

Kontzertuetan giro berezia sortzea da gure asmoa. Jentea, entzuleak, inpliketea gura dogu eta zeozelan antzerkian lortzen dan komunikazino puntu hori emotea ikuskizunari. Kantuez ganera, beraz, eszenografia lantzen gabilz, soinua eta irudiak buztartzeko.

11. Laukotea da Gatibu: Haimar Arejita, Gaizka Salazar, Mikel Caballero eta zu zeu, Alex. Hasikeran Batiz be ibili zan bajista beharretan. Taldea sendotuta dago? 'Entrenamentuak' erregulartasunez egiten dozuez? Non?

Bai. Gatibu proiektua lehenengo talde legez, serio hartu dogu danok. Edozertarako danok gara bardin. Ensaioak Bilboko lokal baten egiten doguz astean birritan edo hirutan, baina aurkezpen kontzertua ganean dago, martiaren 7an, sorpresak tartean, Bilboko Kafe Antzokian ekingo deutsegu zuzenekoei eta astean lau bat egunetan edo egin beharko doguz entrenamentuak.

Hurrengo kontzertuak: martiaren 15ean, Gasteizeko Azkena Aretoan eta martiaren 21ean, Hernanin joko dogu Raimundo Amador, Toni Manero, La Polla eta Desmond Deckerregaz batera.

12. Euskal Herrian musikatik bizi diranak gitxi dira. Zein da Gatiburen asmoa?

Kontua ez dago erraz, baina ni neu ez naz biziko musikatik, ez dot pentsetan; aspaldion beste behar bat daukat eta holan ataraten dot bizimodua. Edozelan be, oso pozik gagoz orain arteko erantzunagaz, abenduan diskoa atara eta hilebeteko epean 7.000 disko saldu genduzan. Ba bai, oso pozik gagoz.

13. Denporatxua daroazu musikearen zurrunbiloan. Pasadizu bereziak asko biziko zenduzan. Kontaiguzu bat.

Baten ederra pasau jakun. Oreretara joan kontzertua emoteko usteagaz eta eszenatokia oraindino montau barik egoan. Holako kontuak asko pasau jakuz. Grabazinoetan be gauza bitxiak pasetan dira. Zoramena diskoko 'Musturrek sartunde' kantua grabetan gengozala gauza bat oker egin, teknikariak geratzeko agindua emon eta barriro grabauko genduala pentsaurik, umore handiagaz nengoala-eta, bromatan barreka hasi nintzan eta kantuaren lehenengo berbak kantetan. Kontua da ze teknikariak grabau egin ebala eta hara, holan geratu da diskoan. Askotan, pentsau barik egiten diran gauzak ondo urteten dabe.

Bizkaie!


'Exkixu', 'Txulufrina eta Arrosa' eta orain, barriz, 'Gatibu' baina libre, musika munduan egurra emoteko prest Alex Sardui, Haimar Arejita eta ganerakoak. Lehendik be ezagunak doguz eta proiektua barria izan arren, sano indartsu sartu dira oso mugatua dan euskal merkatuan; datu legez baino ez bada, 'Musturrek sartunde' (alkondarie) lehen singelari esker, diskoa kaleratu eta hilebeteko epean 7.000 disko inguru saldu ditue. 'Zoramena' diskoaren zuzeneko aurkezpenak martiaren 7an hasiko dira Bilbon baina Gatibu taldearen jarraitzaileak gero eta gehiago dira.

1. Musikagintzeak krisia bizi dauela entzun dogu sarri, baina batzuk ez dabe krisirik igarten. Hori da Gatiburen kasua?

Bueno, sormenari jagokonez, nik neuk ez dot krisirik ikusten; hori bai, azpiegitura eta ensaioetarako lokalen aldetik, ostera, badagoz hutsuneak. Dana dala, jenteak gogoa eta ilusinoa ditu gauzak egiteko; jente gaztea sakaka dator oso indartsu, eta nik pentsetan dot hemetik urte batzuetara musika mobimentua behintzat oraingoa baino aberatsagoa izango dala. Gaur egun, gazteek estilo desbardinak jorratzen ditue. Sormenaren aldetik polito dabilz eta, dinotsudan legez, iraultza interesgarria dator.

2. Lehendik ezagunak izateak bide asko zabalduko eutsuezan diskoetxeen artean. Lehengo maileari eutsi beharra presinoa izan da zuontzat?

Ezaguna izateak horixe dakar, zeozelako presinoa, lehengoa behintzat bardindu eta ahal dala hobetu egin behar dalako. Hemen ez dago trukorik, beharra eta beharra baino, eta gu prest gagoz horretarako. Ezagunak izateak, duda barik, mesede egin deusku eta diskoetxeagaz laster lortu genduan akordioa; ateak zabal-zabal ipini deuskuez.

3. Kantuak sortzeko orduan, askok egiten daben legez, lehenengo doinua ataraten dozue eta gero berbak. Prozesu horretan, alkarlana egiten dozue ala bakotxak bere zereginak ditu?

Alkarlana egiten dogu, bai, baina bakotxak bere egitekoak ditu. Egindako beharra danon artean aztertzen dogu eta bakotxak bere eretxia emoten dau, ahal dala, produkturik onena atarateko. Ez dogu ezelako erreparorik bata besteari gauzak esateko eta, era horretara, norberak egindako okerrak errazago ikusten dira. Haimarrek egiten ditu musika arregluak eta enparauak eta nik neuk berben ardurea hartzen dot; melodiak, normalean, erdibana egiten doguz.

4. Bizkaieraz kanteteak mesede ala kalte egin deutsue gehiago?

Baegoan arriskua, batez be, Bizkaitik kanpoko jenteari begira, baina kontua da bai Gipuzkoan eta bai Nafarroan oso ondo hartu dituela kantuak. Gernikako euskeraz kanteteak mesede egin deusku eta Nafarroatik deitu deuskuen batzuen esanetan, puntazoa da bizkaieraz entzutea, ze gaur egun dana entzuten da batueraz. Gipuzkoako eskualde eta herri batzuetan be bizkaieraz egiten dabe, eta leku horretan be gustora hartu ditue gure kantuak. Dana dala, ez dogu behar justifikazinorik bizkaieraz kantetako, geurea da, barrutik urtetan deusku, eta listo.

5. Kantuetan Gernika aldeko bizkaierea darabilzue, baina gernikarra izanda, normaltzat hartu beharko geunke hori. Bizkaieradunon konplexuak badoaz desagertzen?

Zorionez, bai. Bizkaitarron artean baino gehiago Euskal Herriko beste herrialdeetako jentearen artean ikusi dot nik aldaketea; lehen bizkaierearen kontra egoan jarrerea desagertu egin da neurri handi baten. Kontua da ze guk danen euskerea aitzen dogula eta guri, ostera, ez deuskuela ulertzen. Ahaleginak egitea da kontua, danak be parean egon gaitezan.

6. Azken boladan rock & rollak indarra hartu dauela emoten dau. Gatiburen 'Zoramena' be disko kañeroa da...

Disko zuzena da bai berben aldetik eta bai musikearen aldetik be. Bai, gustua hartu deutsagu rockari eta jentea be pozik dago; azken aldian, heavy asko entzuten da eta teknoa eta bestelako estilo batzuk be bai, baina rockak bere lekua dauka, zer esanik ez. Beste estilo horreek nagusitzen joan dira, baina rockak ez dau sekula bere lekua galdu. Rock & rollak badakigu zelako oinarriak dituan, eta esan leiteke lehengora datorrela jokerea, rockaren baseak, kitarrak eta era horretakoak.

7. Danok gara zeozeren edo inoren Gatibu eta danok gagoz apur bat zoratuta. Baieztapen horretan oinarritu zarie taldearen eta diskoaren izenak aukeratzeko?

(Barre algarea) Zuzen zabilz. Gustau ala gustau ez, onerako eta txarrerako bizitearen preso edo gatibu gara, eta euskaldunok ezin esan zoroak ez garanik. Horixe izan da oinarria. (Barre algarea).