Musikea  IV. urtea // 149. zenbakia

'Abestien Konposaketa eta Moldaketa', Bixente Martinezen eskutik


Bizkaie!

Bixente Martinez konpositoreak 'Abestien Konposaketa eta Moldaketa' tailerra emongo dau Bilboko Esperientzia Aretoetan, SGAEren eskutik. Oskorri talde ezaguneko musikariak lau egunez, zezeilaren 16tik martiaren 9ra bitarteko eguenetan, irakatsiko deutse ikasleei abesti baten sormen prozesua aztertzen.

'Kantak idazteko, moldatzeko eta kaleratzeko gogoa daukan edonori' zuzenduta dago SGAEren esanetan. 'Orokorrean, sormen musikala erakargarri ikusten dauenari'.

Ikasketa eskaintzea musika lan baten konposaketatik harago doa, izan be, 'abestiaren alderdi formalak' aztertzen dira gehien bat, 'musikeaz gan testua bera be kontuan hartuta', dino Martinezek.

Martinezen ibilbide profesionala

Bixente Martinez instrumentista profesionala, konpositorea eta moldatzailea da. Oskorri talde ezaguneko grabazino danetan parte hartu dau 1973tik gaur egunera arte. Era berean, Hiru Trukuren kide be bada, Ruper Ordorika eta Joseba Tapiagaz batera.

Hainbat musikarigaz egin dau lan, bai estudioan baita zuzeneko emonaldietan be: Ruper Ordorika eta Joseba Tapia, Kepa Junkera, Hertzainak eta Emilio Cao, besteak beste. Zinerako musikak be sortu ditu, José M. Tuduriren 'Crónica de la carlistada' filmerako berbarako.

Antzerkian, Kukubiltxo taldeko 'Behin bazen', 'Kukubel' eta 'Txirrikiz' lanetarako kantak egin ditu. Era berean, 'Duplex' eta 'A! Zer parea', ETBko telesailek be Martinezen musikea izan eben, baita Fernando Amezketarra, Lazkao Txiki eta Txirrita marrazki bizidunek be.