Palindromoak: berbakaz olgetan
Zenbait hizkuntzen adibide legez, hona hemen Guillermo Roak 7k-n aspaldi argitara emon eban palindromo zerrendea:
· Euskaraz: Iker, ireki!.
· Gaztelaniaz: Nuria, sonría y ate la maleta y a irnos a Irún.
· Frantsesez: Un soleil de Sud lie l'os nu.
. Katalanez: A soca, a cops es poca cosa.
· Ingelesez: Able was I ere I saw Elba.
· Italieraz: E la turba brutale.
· Alemanez: Ein neger mit gazelle zagtim regen nie.
· Nedelanderaz: Dood Sire, die eider is dood.
· Txekieraz: Bude zarastovat saze dub.
· Suomieraz: No Turo kenelle nekorut on?
· Latinez: Meritis servi sinummunis ivres sitirem.
Ikusten dot honezkero palindromoren bat edo beste pentsetan zabizela. Ez da hain gatxa. Ea zer pentsau dozun:
O, tire… Zauz OK! Animo, dominaukozu, azerito!
Xabier Paia
Beti gustau izan jat berbakaz olgetea. Izan be, horretan ibilteko ez dozu ezeren beharrik. Nahikoa da burua eta mingaina eukitea. Kotxean, autobusean, trenean edo alde batetik bestera gabizela, boltsiloko liburuei eta mp3-4 zein discmanei aurre egiteko alternatiba polita da: bilatu egizuz berba edo esaldi palindromoak euskeraz.
Palindromoa berba edo espresino kapikua da. Bai normal bai alderantziz leiduten dogunean, gauza bera edo berba bera da. Euskaraz, adibidez USTETSU edo AISIA berbak palindromoen adibide argiak dira. Etimologikoki palindromo hitza palin eta drom erro grekoetatik dator. Horreek barriro eta korrika egin esan gura dabe, hurrenez hurren. Errazenak berba laburrak izaten dira, grafia simetriko samarra daukienak: oso, kaiak, ele, ama, amama, eme, ulu, irri, orro, erre, arra… eta euskeraz erraz topau geinkezan beste hainbeste.
Palindromoen artean, ostera, badagoz beste mueta batekoak be. Aurreko definizinoa osotzeko, palindromo zehatz honeei lotu ahal deutseguz erretrogrado deitzen diranak (etimologikoki, alderantziz dabiltzanak esan gura dau). Berba horreek, erretrogradoak, alderantziz leiduta be espresino zentzudunak dira hizkuntza berean, nahiz eta esangureak desbardinak diran. Euskeraz, berbarako, ARAZI eta IZARA.
Palindromo soilak jostagarri izan ahal dira bisualki landu ezkero eta erretrogradoak, ostera, kode sekretuen zentzua hartzen dabe. Lehenengoa sistema perfektua izango litzateke anbulantziek aurrean idatzita eroaten daben hori idazteko; noski, idazteko erabilten diran letrak simetrikoak izango balira. Bestela esanda, 'A' letrea beti da bardina, ezkerretik zein eskumatik leidu, baina 'B' letreak ez dau 'zentzubikotasunik' onartzen. Perfektua izango litzateke atzerako ispilurik barik ibilten garenontzat batez be.
Palindromoak antxina asmatzen hasi ziran; emoten dau Sotades izena eukala sortzaileak (K.a. III. mendean bizi zan poeta greziar bat). Kretako Sotadesek olerki satiriko bat idatzi zion Egiptoko Ptolomeo II.ari. Ptolomeo, Alexandriako erregea bere alaba Arsinoërekin ezkondu zan eta Sotadesek bertso-lerro palindromikoak erabili ebazan hari adarra joteko. Noski, Ptolomeoren soldaduek Sotades hartu eta itsasora bota eben saski batean sartuta. Edozelan be, historiako hainbat unetan agertu izan dira palindromoak.
Berba palindromikoek, ganera, homologoak daukiez beste arlo batzuetan: atzetik aurrera egin ahal diran melodiak, zenbaki kapikuak, simetria axiala daukien marrazkiak... Palindromoak egin gurean, ostera, askotan zentzu bako esaldiak urteten jakuz, asmakuntzeari pisua kentzen deutsienak. Berbarako, euskeraz topau dodan luzeena Markos Zapiainen blogean topau dot: NIK ENARA NERAMAN AMAREN ARANEKIN. Palindromo lez lorpen itzela da, baina nekez erabili ahal izango dogu alkarrizketa normal batean.