Sarean  IV. urtea // 148. zenbakia

Teknologia matematikak ikasteko lagungarri


Gotzon Plaza,
informatikoa

Gogorrak dirala, gatxak, ulertezinak, aspergarriak eta beste gauza asko. Ia guztioi pasau jakuz antzeko gauzak matematikakaz, bai eskolan bai unibersidadean. Baina gauzak aldatu leitekez.

Holan pentsau dabe, behintzat, Madrileko istitutu publikoko irakasle bik, Ildefonso Mazas eta José María Arias-ek. Azken sei ikasturteotan proiektu barri baten inguruan egon dira lanean, hau da, teknologia barriak zelan erabili matematikak irakasteko bertako gazteei.

Emoitzak, ezin hobeak. Orokorrean, teknologia barriak erabiliz ikasleek %24,39ko hobekuntzea daukie gai honetan. Berbarako, 2003-2004 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Heziketako Madrileko 19 istitututako 1.822 ikaslek parte hartu eben proiektuan. Saioak egiteko, talde bi eratu ziran institutu bakotxean. Biak irakasle bardinagaz, batak programa informatikoak erabilten ebazan arloa lantzeko eta besteak ez. Lehengo taldea 846 ikaslez osotuta egoan eta bigarrena 976 ikaslez.

Lehen taldeak (talde 'teknologikoak') azterketa bi egin ebazan, bata ordenadorez eta bestea betiko moduan (papelean eta boligrafoz). Azterketen emoitzetik atara dira %24,39ko hobekuntzea adierazoten daben emoitzak. Baina, betiko azterketa bakarrik kontutan hartuta be, hobekuntzea %11,2koa izan da eta, aldi berean, talde ez teknologikoak ez eban ezelako aurrerapauso nabarmenik izan azterketan. Zer esan gura dau horrek? Arestian esandakoa, teknologiak lagundu egiten deutsola ikasleari matematikak ulertzen eta ikasten.

Baina teknologia, ordenadoreak eta programa egokiak ez dira nahiko horretarako. Ez eurak bakarrik, behintzat. Beste parte nagusia irakaslegoaren prestakutzean dago. Irakasleak ez baditu ezagutzen teknologia barriak eta euren aplikazinoak, ezin izango deutso lagundu ikasleari ikasketa prozesuan. Erabilten diran programak honeek dira: 'Derive', aritmetikea ikasteko, 'Cabri' geometriarako eta 'Excel' estatistikarako.

Gauza bitxi legez, ondorengo hau aitatu geinke: teknologiak erabiliz eta ordenadoreak kalkulu guztiak eginda, baten batek aurpegi txarra iminiko leuke hau ez dala matematika erakusteko erarik egokiena esanez, ze matematiketan logikea eta kalkulua aplikau behar dira eta teknologia barriakaz ez da kalkulurik egiten.

Madrileko irakasleek horretan be pentsau dabe eta era bitxi batean, nire ustez. Lehen eta behin, gazteek ezelako ordenadore eta kalkulagailurik erabili aurretik, euren kabuz jakin beharko dabe kalkuluak egiten. Batuketak, biderketak, zatiketak, dezimal eta dezimal barik... ondo baino hobeto menperatu behar dabez eragiketok. Hori erakusteko, azterketatxo bat egin behar dabe, akats barik. Behin hau lortuta, badaukie ordenadoreak eta kalkulagailuak erabilteko eskubidea. Baina eskubide hau hilero barriztau behar dabe beste aproba batzuk eginda. Edota, behin ikasle batek ez badau azterketea gainditzen, hurrengo hilean dauka beste aukera bat. Holan, gazteek akulu antzeko bat daukie atzean eta gehiago ahalegintzen dira.

Proiektuaren ganeko informazinoa www.infoymate.net helbidean topau zeinkie.