Sagarra barriztau egin da
Gotzon Plaza,
informatikoa
Aurtengo apirilean Apple konpainiak 30 urte beteko dauz. Ez da edade txarra, ez gero. Eta urtebetetze barriagaz gauzak zeozer aldatzeko momentua heldu jakela uste dabe bertako arduradun nagusiek, batez be buru nagusia dan Steve Jobs jaunak.
Orain arte Apple-eko ordenadoreek PowerPC txipak eukezan barruan baina hemendik aurrera Intel-eko produktuak (mikrotxipak) erabiliko ei dabez. Holan iragarri dau Steve Jaobs-ek San Frantzisko urian egindako aurkezpenean. Apple-n produktu barriak aurkeztu ebazan: mahai gaineko ordenadore barria eta ordenadore eroangarri barria.
Apple markako ordenadoreak beti egon dira puntaren puntan, adituen ustez eta erabiltzaileen ustez onenak dira, beti gauza barriak asmetan eta gero beste batzuk (Microsoftekoek batez be) gauza barri eta aurrerakoiak aurkeztuko dabezan elementuak inork baino lehenago garatu eta merkaturatzen. Euren merkatu kuotea % 3 eta % 5en tartekoa izan da baina azken urteotan ikarragarrizko arrakastea izan dabe iPod fenomenoagaz: danetara, 42 miloe saldu dabez, euretatik 30 miloe pasa dan urtean. Are gehiago, 2005eko azken hiruhilebeteotan (Gabonaldia tartean) 14 miloe saldu ziran.
Produktu barrien ezaugarriak:
- iMac barria: Intel Dual Core prozesatzaileduna. Orain arte erabili dan G5 prozesatzailea baino bi edo hiru aldiz azkarragoa (eta prezio berean gainera).
- Ordenadore eroangarri barria: MacBookPro, Intel-eko prozesatzaile bikotxagaz, azken G4 saileko ordenadorea baino ia bost aldiz ahaltsuagoa. Prezioa: 2.000 eta 2.500 dolar bitartekoa.