Eretxia  II. urtea // 20. zenbakia - 2003ko zezeilaren 15a

ALKARTASUNA EUSKALDUNON EGUNKARIARI


Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoak alkartasun osoa adierazo gura deutso Euskaldunon Egunkariari eta auzibide hori ahalik eta arinen konpontzea eskatzen dogu. Danok gara Egunkaria!

Bizkaie!

Entzutegi Nazionalaren aginduz, euskerazko egunkari bakarra zarratzea eta Egunkariako 10 behargin ETAkoak edo ETAren laguntzaile diralako akusazinopean, atxilotuta eroatea larria da, adierazpen askatasunaren arloan gauzarik larrienetakoa; era horretako erabagiak hartzeko eta atxiloketak egiteko froga argiak izatea nahitaezkoa da eta atxilotutako lagunen inplikazinoa argi eta garbi frogatu beharko dau bateren batek, frogatzerik badago behinik behin, lehengo 'garzonada' askotan argi asko ikusi ahal izan dogunez. Egunkaria zarratzea onartezina da. Harrituta, hasarre eta ezintasun edo inpotentzia sentsazinoagaz gagoz.

Ze eskubide dago herri bat, hizkuntza bat edo ideiak kriminalizetako? Justiziaren eta zuzenbide estaduaren izenean, dana dago libre? Babesik barik ikusten dogu geure burua. Hau eskandalu handia da.

Azken boladan, euskal usaineko edozer eta edonor kriminalizetako jokerea hartu dau Entzutegi Nazionalak eta gaur egun, antza, ez dago inor libre. Euskal kulturea, komunikabideak, ikastolak, euskerea..., oro har, euskalgintzan gabilzan guztiok gagoz susmopean eta ez dogu beste erremediorik zama horregaz bizitea baino. Zer da hau?