Agur eta ohore
Bizikai Alkarte Kulturalaren ekinbidez sortutako proiektua, Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa, aspaldiko ideia, Interneten dozu eskura 2001eko apiriletik aurrera; esana eta izana ez dira gauza bera, amesa orain urte batzuk eta errealidadea, ostera, gaur egun. Bidea ez da erraza izan baina; esaera zaharretan ez da guzurrik esaten, eta gure kasuan be holan izan da: 'gustoko lanean aldatzik ez'. Kontuak kontu, bide luze horretan izandako nekeak, trabak eta aldatz gorak pasau dira eta emoitzea eskuragai dago Sarean.
Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoaren helburuak asko dira, besteak beste, jenteak bizkaieraz gehiago irakurri daian aukerea emotea, bizkaierea aisian erabiltea, bizkaieraz egon badagozan herri aldizkariak sareratzea, ume eta gazteen hizkuntza gaitasuna sendotzea, munduko bazter guztietara heltzea...
Zorionez, azken bolada honetan, indarbarrituta agiri da bizkaierea eta gero eta gehiago dira bizkaierearen alde ezeze, euskalki guztien alde azaltzen diran ahots eta eretxiak; euskerearen onerako duda barik. Izan be, Unescoren txostenei jaramon larregirik egin barik, euskereak aurrera egin daian, derrigor suspertu eta erabili beharko doguz euskalkiak, era horretara, euskera batu aberatsa osotu ahal izateko. Alde horretatik, Bizkaie! aldizkariak bidea urratu dau, kontuan izanda orain arte ez egoala bizkai euskera hutsean argitaratutako aldizkaririk Interneten. Aurrerantzean, lagunartean edo etxekoakaz bakarrik ez, bizkaierea teknologia barriakaz buztartu eta aisian, denpora librean be erabilteko aukerea izango da. Ez da ahaztu behar, Interneten ipinten dan informazino guztia munduko edozein txokotan irakurteko edo eskuratzeko modua dagoala eta, beraz, mundu mailako zabalkundea izango dau Bizkaie! aldizkariak.
Orain www.bizkaie.biz helbidean topauko dozuena 0 zenbakia da eta, beraz, probatzat hartu geinke; edozelan be, maketazinoari eta egitureari jagokenez, aldaketa larregirik ez dozue igarriko ondorengo zenbakietan, baina bai, ostera, edukietan. Bizkaie!, oraingoz behintzat, hamabostean behin sareratuko dogu eta maiatzaren 1etik aurrera, atalak eguneratzeko egunak hilaren lehenengo eguna eta hilaren 15a izango dira. Aldizkariaren adierazmoldea bizkaierea izango da eta, aurreikusitakoaren arabera, era guztietako gaiak jorratuko doguz hamalau ataletan.
Geroago ezagutuko badozuez be, hona hemen, hamalau atalak: AGENDEA, BARRIKETAN, BEREN BEREGI, KULTUREA, JO BEGIZ, BIZKAIAN ZEHAR, EUSKEREA BERBAGAI, JAN-EDANAK, BIDAIDE, BERTSOTAN, EUSKALDUNOK MUNDUAN, ANTXINA-BARRI, SAREAN, IRAKURLEAREN TXOKOA.
AGENDEA:
Herririk herri, musika, antzerkia, dantza, bertso saio, berbaldi, jai, jardunaldi, erakusketa eta bestelako batzuen barri emotea da helburua.
BARRIKETAN:
Bizkaie aldizkarian atalik mardulena izango da. Momentuan momentuko interesaren arabera, edozein gai edo pertsonaia oinarritzat hartuta, alkarrizketa zabala, argazkiakaz horniduta.
BEREN BEREGI:
Era guztietako gaiak aztertuko doguz atal honetan; azken egunotako gairik jorratuenak edo deigarrienak eta, beraz, kulturea, musikea, kirola, gizarte arloko gaiak zein bestelakoak agertu daitekez.
KULTUREA:
Kulturearen arloko kritikea: zinea, literaturea, ikuskizunak, komunikabideak, artea, musikea..., ahal dala, inor hankaz gora jarri barik.
JO BEGIZ:
Argazki bildumea, ahalik eta modurik erakargarrienean; argazki zaharrak, persona ezagun zein ezezagunen argazkiak, kirol ekitaldiak, eraikin ezagunak, herriak, eleizak, baseleizak, mendiak, hondartzak, abereak, piztiak, landarak, koadroak, kotxeak, motorrak eta abar; irakurleek eurek be argazkiak bialtzeko aukerea izango dabe eta, beti be, interesaren arabera sareratuko geunkez; helburua estetikoa izanik, argazkirik deigarrienak aukeratuko doguz, kalidadea zainduz, jakina, baina irakurleek bialtzen dabezan argazkien kalidadeari aparteko garrantziarik emon barik.
BIZKAIAN ZEHAR:
Bizkaian argitaratutako aldizkariak batzen dituan txokoa; herrietako aldizkarietan topautako artikulu, alkarrizketa edo atal interesgarrien aukeraketea; aitatutako artikuluen jatorrizko bersinoa irakurteko aukerea izango da.
EUSKEREA BERBAGAI:
Izenburuak berak dinoanez, euskerea bera izango da berbagai, bizkaierea lehenetsita: esaera zaharrak, lokuzinoak, herrietako euskerea, galtzeko arriskuan dagozan berba edo adierazmoldeak, aholkuak, gramatika kontu arinak, bitxikeriak; horreez gan, tarteka bizkaieraz idatzi daben idazleen pasarteak edo atal interesgarriak be agertu daitekez. Edozelan be, maila apalean, ez da eta hizkuntzalarientzat egiten dan atala.
JAN-EDANAK:
Gastronomiari eta, oro har, nutrizinoa, dietetika eta elikadura arloari eskainitako atala; enologia (bertoko eta kanpoko ardaoak), nutrizinoa eta osasuna, produkzino ekologikoa...
BIDAIDE:
Bidaia kronikak, ibilaldiak, mendia, eskaladea, abenturea, ibilbide turistikoak...
BERTSOTAN:
Bertsogintza gai orokorraren barri emongo dau eta ez Bizkaiko bertsogintzearen barri bakarrik. Bertso idatziak zein bapatekoak, bertso tramak, bertso Eskolak, plazak, bertso saio eta afariak, txapelketak, aspaldiko bertso bitxiak, bertsolari gazteak, gai zehatzak (ahozkotasuna, transmisinoa...).
EUSKALDUNOK MUNDUAN:
Internet sareak eskaintzen dauen aukerea aprobetxatuz, munduan sakabanatuta dagozan euskaldunen txokoa izango litzateke; NABO eta munduan zehar dagozan Euskal Etxeetako kideakaz alkarlanean jardutea da helburua: bertakoen ardurak, kronikak, hangoen barri...
ANTXINA-BARRI:
Historiako pasadizo interesgarriak, ipuinak, antxinako kontu bitxiak, jakingarriak...
SAREAN:
Interneteko kontuen barri emoteko atala: aukerak, orrialde eta bitarteko interesgarriak...
IRAKURLEAREN TXOKOA:
Ohiko txokoa, irakurleen euren gutunak eta artikuluak argitaratzekoa.
Beste alde batetik, gure kolaboratzaileen artean, izen ezagunak eta hain ezagunak ez diranak topauko dozuez: irakasleak, idazleak, bertsolariak, teknikariak, informatikoak, bidaiariak, argazkilariak, sukaldariak, enologoak zein dietistak. Kolaboratzaileak, gizarteko arlo askotakoak dira eta zuzendaritzeak ez dau nahitaez bat egingo lankideon eretxiakaz. Aurrera begira, gure asmoen artean lantaldea osotzea eta zabaltzea legoke, irakurleei ahalik eta fruturik onena eskaini ahal izateko.
Azken buruan, bidearen hasikerea baino ez da hau, baina gehienetan, bidea urratzea, nagiak baztertzea eta lanean hastea izaten da gogorrena, eta gure kasuan, behar hori eginda dago. Hemendik aurrerakoak be ez dira errazak izango, baina horrek beti adi egotera eta zuhur jokatzera behartuko gaitu. Horixe da eta izango da behintzat gure jarrerea.
Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa gustora hartuko dozuelakoan eta, beti be, zuen esanetara gagozala, jaso eizue besarkada beroa Bizkaie! egiten dogun guztion partez.