Munich
Munich filmari kritika zorrotzak egin deutsiez zehaztasun historiko falteagaitik, baina kontuan hartu beharra dago gidoia oinarritzen dala benetako jazokizunak ardatz dauzen beste liburu batean. Egia esan, istorioaren puntu nagusiak benetakoak dira, baina bilbea eta personaiak ez; beraz, ez dakit zeintzuk diran Spielberg-en aukera hori kritiketako arrazoiak, filmaren helburua gertakizun historikoen barri emotea ez dalako. Mezua askoz garrantzitsua da: indarkeriaren gurpil zoroa modu gordinean salatzea.
Ezaugarri zinematografikoak gorabehera, Spielberg-ek orain dala hogeita hamar urte baino gehiago izandako tragedia abiapuntutzat hartu eta gaur egungo munduaren ganeko ikuspegi eta eretxia emon gura izan dauelakoan nago. 'Munich'-ek ez dau erantzunik emoten, baina gogor gaitzesten dauz boterearen obsesinoan, mendekuan eta indarraren itxurapean oinarritutako jardunak.
Bestalde, lan tekniko eta narratiboari jagokonez, zuzendariaren maisutasuna agiri-agirian dagoala esan beharra dago. Batetik, espioitza pelikularik onenen itxurea dauka, eta, bestetik, indarkeria berezko naturaltasunari jarraituz aurkezteko gauza izan da, eszena horreei errealismo ikaragarria emonez.
Spielberg-en lan serioetan ohikoa dan lez, lan honetan be ez dago filmari indarrik edo protagonismorik kenduko deutson izarrik, baina bai euren lana ezin hobeto ezagutzen daben antzezle bikainak. Ganera, pelikulearen argazkia, tonua eta girotze lana ezin hobeto jagon dira.
Laburbilduz, 'Munich' lan ona da eta ederto agertzen da hainbat mailatan: espioitzako thriller modura, sano eraginkorra da, suspensea, ekintza eta personaien jarduna egokiro buztartu diralako; adierazpen politiko modura, mezu interesgarria heldu eragin gura deusku. Kontakizun sendo, interesgarri eta entretenigarria da.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Steven Spielberg.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 164 minutu.
- Antzezleak: Eric Bana (Avner), Daniel Craig (Steve), CiarĂ¡n Hinds (Carl), Mathieu Kassovitz (Robert), Hanns Zischler (Hans), Geoffrey Rush (Ephraim), Ayelet Zurer (Daphna), Omar Metwally (Ali), Ami Weinberg (Zamir generala), Valeria Bruni Tedeschi (Sylvie), Yvan Attal (Tony), Lynn Cohen (Golda Meir).
- Gidoia: Tony Kushner eta Eric Roth; George Jonas-en liburuan oinarrituta.
- Argazkia: Janusz Kaminski.
- Muntaia: Michael Kahn