Zinea  IV. urtea // 148. zenbakia

The family stone


'The family stone' filmak Gabonen inguruan diru erraza helburu daukien familiarteko komedien bersino lotsabako eta ausarta izan gura dau. Eta jomuga hori goragarria izan arren, emoitzea sano goraberatsua da.

Kontakizunaren mamina Everett Stonek eta andregaiak mutilaren familiari egindako zoritxarreko bisitan dago. Everett-en gurasoak eta neba-arrebak abegitsuak eta liberalak dira, baina Meredith urduriak gauzarik txarrenak esango dauz unerik txarrenetan. Orduan, seme kuttunaren andregaiaren eta familiaren arteko ezkutuko burrukea hasiko da.

Sinopsi labur hori irakurrita, honako hau Gabonetako ohiko komedia biguna dala emoten dau, baina Thomas Bezucha-ren gidoia askoz mingots eta dramatikoagoa da. Momentu barregarriak egon badagoz, baina umorea egoera deseroso eta larrietan oinarritzen dabe; ondorioz, film honek ez dau inoiz be jadesten drama eta komediaren arteko orekarik.

Guztiagaz be, antzezleak eta antzezpenak onak dira; Sarah Jessica Parker-en beharra, esate baterako, sano sinisgarria da. Rachel McAdams-ek ondo be ondo beteten dau arreba gorrotagarriaren zeregina eta Crig T. Nelson eta Diane Keaton laguntza ezin hobea emoten deutsie filmaren sendotasunari. Makalen azaltzen dana Dermot Mulroney da, baina akatsa antzezpenean baino gehiago gidoi gazbakoan egon leiteke.

Horrenbestez, film honetan une barregarriak eta tristeak topau ahal izango doguz, baina biak buztartzeko modua ez da egokiena. Negarren eta irribarreen nahasketa bitxi honek ez deutso pelikuleari laguntzen ezertan be.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Thomas Bezucha.
Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 106 minutu.
- Antzezleak: Claire Danes (Julie Morton), Diane Keaton (Sybil Stone), Rachel McAdams (Amy Stone), Dermot Mulroney (Everett Stone), Craig T. Nelson (Kelly Stone), Sarah Jessica Parker (Meredith Morton), Luke Wilson (Ben Stone).
- Argazkia: Jonathan Brown.
- Muntaia: Jeffrey Ford.