Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 148. zenbakia

Zilborrestearen odola eta zelula amak


Linfomak osatzea

Etorkizunean emoileak edo senideren batek gaixotasunen bat tratetako zelula amak erabili behar izan ezkero, amari erditu ostean ataratako odola erabiliko litzateke horretatik zelula amak eskuratzeko; gomutatu beharra dago zelula amek organoak eta ehunak birsortzeko gaitasuna daukiela.

Antza danez, zelula amei esker etorkizunean hainbat leuzemia edo linfoma mueta osatu ahal izango dira; ganera, bihotzekoek kalte egindako zatiak lehengora ekarri edota bizkarrezur-muinetako gaixotasunak osatu ahal izango dira.

Bestalde, Valentziako laborategiak erabilitako teknikeak ez ei dakar legezko arazorik, gordetan dan odola bota ohi dalako ama umearengandik banatukeran. Izan be, prozesua hasten da amak erditu ostean oraindino daukan zilborrestetik odola ataraz. Minutu batean 60 eta 80 gramo odol ataraten dira. Etorkizunean substantzia hori zelula amak emoteko erabiliko da; zelulon bitartez, leuzemiak, linfomak, traumatismoak... osatu ahal izango dira.

Begiluzea

Valentziako laborategi bat daborduko hasi da zilborresteko odola gordetan; horri esker, zelula amak eskuratu eta etorkizunean emoilearen edo familiartekoen hainbat gaixotasun osatu ahal izango dira.

Estadu osoko milaka familia umea erditu ostean zilborrestea izoztu eta atzerrira bialtzen dabilz etorkizunean umearen gaixotasunen kontra erabili ahal izateko. Gurasoek 1.500-2.000 euro inguru pagetan deutseez Interneten agertzen diran eta zelula horreek garraiatzeko eta jagoteko ardurea daukien enpresa horreei. Osasun Ministerioak ez-legezkotzat joten dau jardun hori, transplanteen legearen doako espiritua urratzen dauelako; beraz, enpresa mueta honeek debekatzeko arautegia buruan ei darabil.

Edozelan be, Valentziako Biostab laborategiaren arduradunak, Alfonso Escribanok, biokimikako doktoreak eta farmazeutikoak azaldu dau estaduan material hau izozteko legezko hutsune bat dagoala, nahiz eta esparru interesgarritzat jo; izan be, normalean material hori sastarrontzira bota eta galdu egiten da. Valentziako enpresa honetan kriokontserbazino tanke bat instalau dabe, miloe bat euroko inbersinoa eginez; horrenbestez, zilborresteko odola bildu eta gordeteagaitik 120 euro inguru kobrauko dabez urtean. Escribanok 25 urterako krionizazinoa aldez aurretik pagetako aukerea be aitatu dau; kasu honetan kostua 80 eurokoa izango litzateke urtean.

Zilborrestetik ataratako odola antikoagulante batez tratau, zigilatu eta laborategira bialtzen da. Bertan lagin horren tratamentu biokimikoa egiten da eta boltsa desbardin bitan sartzen da 4.000 litro nitrogenoko biltegi batean, zero azpitik 200ko gradu inguruko tenperaturan.