Eretxia  IV. urtea // 148. zenbakia

Adierazpen askatasuna eta tolerantzia


Iñaki Atxutegi

Gitxiengo batek eragindakoak ei dira, edo hori esaten dauskue, behintzat. Musulman danak ez dira bardinak, badakit. Musulmanen artean badagoz desbardintasun handiak eta eretxi kontrajarriak. Telebistako irudiak ikusita ez da erraza, halandabe, musulmanen arteko desbardintasunak topetea Mahomaren ganeko komikien kontra protestaka dagozanean. Euren Profetaren izen ona defendiduten ez dago ñabardurarik.

Danimarkako Jyllands Posten egunkarian argitaratu ziran lehenengoz zoritxarreko marrazkiok. Horreen ondorioz hainbat protesta izan da mundu musulmanean. Danimarkako produktuen kontrako boikota egitera be heldu dira. Norvegia, Alemania eta Frantziako egunkariek be argitaratu dabez marrazkiok Danimarkako egunkariagaz alkartasuna agertzeko eta adierazpen askatasunaren alde egiteko. Horren ondorioz, istiluak eta protestak areagotu egin dira. France Soir egunkariko zuzendaria kaleratu egin dabe marrazkiak argitaratzearren. Eta talde erradikalek europarrak arriskuan dagozala iragarri dabe.

Adierazpen askatasuna eta erlijinoa alkartzen diranean, ez dira beti lagun onak. Eta ez dira musulmanak ustezko edo benetako erasoen kontra oldartzen hasten diran bakarrak. Judu eta kristinauen artean be badagoz kritikak onartzen ez dabezanak eta akzinora pasetako arazorik ez daukienak. Adibide ugari daukaguz memorian, bai gaur egunekoak zein iraganekoak.

Egoerearen aurrean, seguru nago askok pentsauko dabela erlijinoa beti datorrela intolerantziagaz lotuta, baina, nire ustez, ez da holan. Badagoz fededun zabalak eta zarratuak eta euren ikuspuntua baino ikusten ez daben fedebakoak. Arazoa ez da erlijinoa, tolerantzia eza baino. Hemen, gurean be, tolerantzia oraindino gainditu beharreko irakasgaia da, eta ez bakarrik erlijino kontuetan.

Jazoeren aurrean Europak eredu bat agertu behar dau. Tolerantziaren lurraldea da Europa. Adierazpen askatasunari eutsi behar deutso, nahiz eta batzuetan oso latza izan. Eta egoerea baretzen ez bada, latza, oso latza izan leiteke eskubideen defentsan jardutea.