Barriketan  IV. urtea // 148. zenbakia

Galder Perez: ‘marrazkietan oinarritutako poesiak idazteko asmoa daukat'

Irrati gizon, kazetari, aktore, gidoigile, poeta... Saltsa askotan ibiltea gustetan jako eta danatan dabil gustora. Sortzea eta komuniketea dira bere pasinoak eta azken urteak horretan emon ditu. Azken aldian, ‘El Cocidito Madrileño’ antzezlan arrakastatsuan ezagutu dogu baina daborduko herririk herri dabil ‘Todos nacemos vascos’ liburuan oinarritutako antzezlana, Galder Perez eta Eloi Beatoren gidoiagaz.

Kazetaritza eta Arte Dramatikoko ikasketak egin ostean, irratian dabil beharrean azken 20 urteotan (Radio Euskadi eta Bilbo Hiria). Antzerkian orain 10-12 urte Deustuko Gilkitxarogaz hasi zan eta ‘Krotos 2.0’ lanagaz Kafe Bar Bilbaok antolatutako Teatro Laburreko III. Lehiaketea irabazi eban 2004an. Pasa dan abenduan, barriz ‘Hiru txerritxoak’ obrea zuzendu dau eta film luze batean aktore ibilitakoa da.


1.- Film luze batean aktore lana egin dozu baina filma oraindino estreinau barik dago, ezta?

Bai, igaz beste pelikula bat egin neban Yolanda Torresegaz, ‘Nocturnia’ hain zuzen, nahiko errealistea eta oraintsu, barriz, ‘Arcadia’ izenburukoan parte hartu dot, barriro Yolanda Torresen zuzendaritzapean. Pelikula fantastikoa da, Euskal Herrian girotutakoa, maitagarriak eta munstroak protagonista dirala; nire papela Galdonena izan da, izaki-munstro antzeko bat, maltzurrarena egitea tokau jat eta oso gustora ibili naz. Oso oker ez banago orain montajeagaz eta ibiliko dira eta noiz estreinauko dan zehatz ez dakit. Badakizu zinearen mundua oso konplikatua da eta zer esanik ez zine alternatiboa edo aurrekontu bajuko zinea.

2.- Antzerkian eta irratian zabiz urteetan baina zer izan zan lehenengo antzerkia ala irratia? Zeinetan gustorago?

Lehenengo zein izan zan zehaztea ez da erraza; txikitan etxean irratia egiten nebalako anaiakaz eta antzerkia lehengusuakaz. Era profesionalean, irratia izan da lehenengo, Radio Euskadin hasi nintzalako 80. hamarkadaren amaieran eta, geroago, antzerkia etorri zan.

Bigarren itaunari erantzunez, ezin dot bat aukeratu, biak txikitatik egiten dodaz eta bietan oso gustora nabil; ganera alkarren osogarri dirala esango neuke eta neure kasuan, batak bestea behar dau. Irratiko lana be sormen lana, komunikazinoa da niretzako eta, beraz, gauza amankomun asko daukiez. Pentsaizu irratian gabilzanok personaje bat aireratzen dogula, batzuetan personaje hori norberagandik hurren dagoana izaten da baina beste batzuetan oso urrun dagoana. Irratiak antzerkiaz asko dauka eta sarritan gehiegi.

3.- Antzerkia arte guztien aita dala entzun dogu inoiz. Zer dira zuretzako antzerkia eta artea?

Antzerkia arte guztien ama dala esango neuke, aitak zeresana daukan arren, izakiaren sorkuntzea amaren kontua dalako.

Labur esateko, ...guzurra dana egiazko modu poetikoan kontetako jarduerea dala antzerkia esango neuke. Artea, barriz, sormenaren gailur...koloretsua. Jakina, bihar galdera bera egiten badeustazu, segurutik beste erantzun bat emongo deutsut.

Edozelan be, berba potoloa da artea, beti gabiz artea zer dan, artistak nortzuk diran zehaztu guran baina nik neuk gehienetan besteen lana aitatzeko erabilten dot artea berbea, ez dakit zergaitik, akaso, errespetuagaitik edo...

4.- Antzerkian, Gilkitxaro taldean hasi zinan baina gaur egun zuzendaritza lanetan be bazabiz, izan be, oraintsu ‘Hiru txerritxoak’ obra zuzendu dozu...

Bai. Oraintsu euskeraz estreinau dogu eta laster gaztelaniazko bersinoa etorriko da. Oso ezaguna dan ipuin batean oinarritutako testua idatzi neban aldez aurretik eta gero testu hori aktoreakaz, musikariakaz, koreografoakaz, eszenografia zein jantzien ardurea eukenakaz landu genduan alkarlanean. Hori bai danok tren bera hartu behar genduan, kolore berean margoztu behar genduan koadroa eta hor artearen osotasuna nabarmenduko neuke. Zuzendariarena erantzukizun handiko lana da, hainbat sortzaile batu eta tren hori gidatzea, lanari osotasun bat emotea toketan jatzulako eta bakotxaren ekarpenak aintzat hartu eta baloretan jakin behar dalako.

5.- Javier Vizcainoren irratsaioan oinarritutako ‘El cocidito madrileño’ obran parte hartu dozu eta 9 hilebetetan 150 emonaldi eskaini dozuez. Zure eretxiz zein da arrakastearen arrazoia?

Pentsaizu ‘El cocidito madrileño’ produktu mediatikoa dala eta arrakastearen arrazoia hor be badago. Babes handiko antzezlana izan da, komunikabide publikoetatik ataratakoa izan dalako. Horrezaz ganera, azken aldian modan dago umore mota hau eta horrek be eragina izan dau. Edozelan be, arrakastea, kasu honetan, ikusle asko izan ditualako esaten da baina beste lan batzuk ikusle gitxiago euki arren, zentzu artistikoan arrakastatsuak dirala uste dot.

6.- Oraintsu Bilbon estreinautako ‘Todos nacemos vascos’ antzezlana ikusgai dago Euskal Herrian. Oscar Terolen liburuan oinarritutako obrea da eta gidoiaren moldaketea Eloi Beatogaz batera egin dozu. Zelan aldatu da zure bizimodua ‘El cocidito madrileño’-gaz hasi zinanetik?

Zentzu batean ‘El cocidito madrileño’-ren jarraipena bada ‘Todos nacemos vascos’, batez be, obreak inguruan daukanagaitik. Dana dala, obra desbardina da, antzekotasunak erritmoan eta umorean dagoz baina Eloik eta biok antzerkiaren egitura klasikoa planteau gura genduan (planteamentua, korapiloa eta korapiloa askatzea). Bestalde, ‘Todos nacemos vascos’ obreak farsa edo vodevil etxurea dauka eta jarrera horregaz joan behar da ikusten be. Obra zuria, ulerterreza da eta ez dago ezelako kutsu politiko edo ideologikorik. Kontrako pentsau arren, ez deutsagu gure zilborrari begiratzen, barre egiteko modua baino ez da herri eta kultura guztiakazko errespetuan oinarrituta.

Zorionez nire bizimodua ez da gehiegi aldatu. Jakina, orain ez nago Radio Euskadin, Bilbo Hiria irratian nago eta, alde horretatik, aldaketa handia izan da nire bizitzan.

Jakina, antzerki profesionalean ezustean sartu nazanean, ‘El cocidito madrileño’-gaz itzelezko bira egin genduan eta gogorra izan bada be, aktore eta interprete lez asko ikasteko balio izan deust, ikasketa prozesua etenik bakoa izan arren.

Orain, barriz, oso gogotsu nabil gauza personalagoak egiteko denpora gehiago daukadalako, nire betiko taldeagaz, Gilkitxarogaz behar egiteko, idazteko eta proiektu barrietan sartzeko.

7.- Pagotxa ederra topau dau Glu-Glu Producciones taldeak aurreko lan bi horreekaz baina zoritxarrez gurean talde amateurrak gehiago dira profesionalak baino...

Bai, filosofia kontua baino ez da. Talde amater asko egotea ez da txarra, izan be, holakoetan antzerki interesgarri asko sortzen da eta ekintza ludiko lez planteetan danean, aktoreak gozau egiten dau. Antzerki amateurrean be profesionaltasun handia dagoala esango neuke. Jakina, talde asko dagoz profesional mailan jardun guran, antzerkia ogibide lez planteau guran eta euren lana aurrera atarateko modurik ez daukienak. Hori oso gogorra da.

Beste kontu bat da, programazino kontuetan eskaintzea zabala izan arren, obra eta konpainia jakin batzuen alde baino ez dala egiten sarritan, eztabaida beroa dago hor. Danantzako lekua edo merkatua ete dagoan, orain arteko eskaintzeari eutsiko ete jakon, antzerki mueta jakin bat baino ez ete dan egingo... Hausnarketarako gaiak dira.

8.- Komedia eta umorea jorratzen zabiz azken aldion; akaso, gizartean nahikoa drama dagoalako?

Beharbada bai. Gizartea era dramatikon ulertzeko jokerea dogu mendebaldean eta pentsetan dot badaukagula umorearen preminea. Munduko bazterrik pobreenetan, barriz, bizitza modu komikoan ulertzen dabe eta bitxia izan arren, holako lekuetan tragedia eta dramak egiten maisuak dira.

Bestalde, jenteari bere burua astintzea ez jakola horrenbeste gustetan uste dot, gehiago gura dau ondo pasau eta arazoak ahaztu. Esangura horretan, komedia genero arrakastatsua da.

9.- Literatura generoen artean, antzerkia da indar gitxien daukana. Zergaitik?

Testua antzerkiaren osogaietako bat da eta sano garrantzitsua. Literaturearen barruan, beste genero bat da niri asko gustetan jatana baina antzerkia irakurtea oso gatxa eta astuna dala, gauza asko irudikatu behar dirala eta enparauak atxaki lez jartea zabal dabil.

10.- Zure eretxiz zein da gaur egun euskal antzerkiaren egoerea?

Beti esaten da antzerkia krisian dagoala baina ulertu behar dogu antzerkia ez dala masa handi batentzat egiten dan zeozer. Nik uste dot, gauza asko eta era guztietakoak egiten dirala eta horrek erakusten dau euskal antzerkia osasuntsu dagoala. Edozelan be, egia da sortzen diran lan askok bide laburra izaten dabela, antzerki arloan ikasketa ofizialak egiteko modurik ez dagoala eta ohiko lan komertzialetatik kanpoko gauzak erakusteko modu gitxi dagoala, akaso, ikusle gitxi dagoala...

Dana dala, dantzearen egoerea okerragoa dala uste dot...

11.- Poesia be idatzi izan dozu. Ze proiektu dozu orain buruan?

Azken boladan enkarguzko lan asko egin dodaz eta denpora gitxi euki dot sormen lanetarako. Poesiagaz badaukat alkarlanerako proiektu bat Gontzal Gutierrez marrazkilariagaz batera. Marrazkietan oinarritutako poesiak idaztea da asmoa.

Antzerkian, barriz, antzezlan barri bat daukat buruan bueltaka eta Gilkitxarogaz udabarrian estreinauko dogu obra barria: ‘Aharrausika’, obra poetikoa.

Koldo Isusi Zuazo