Euskaltzaindiaren arautegiaren aldaketa-proposamena
Euskaltzaindia
Euskaltzaindiak 2006ko batzar-egutegiaren aurkezpena egin eban pasa dan astean eta, bide batez, Andres Urrutia Euskaltzainburuak Euskaltzaindiak onartu dauen arautegi-aldaketeak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak buletin ofizialean argitaratu arte ez daukala indarrik argitu eban. Izan be, egun batzuk lehenago, komunikabide batek gaia kaleratu eban eta komunikabide danei informazino bera emoteko azaldu ebazan Euskaltzainburuak arautegiaren aldaketa-proposamenaren oinarrizko datuak.
Euskaltzaindiak 2005eko maiatzaren 27 eta 28an Argomaizen egin ebazan XIV. Barne Jardunaldietan, Estatutuen aldaketa egitea onartu eban aho batez. Aldaketearen arrazoiak honeek ziran: euskaltzain osoak 75 urtera heltzen diranean, euskaltzain emeritu bihurtuko dirala, hau da, euskaltzain oso izaten jarraituko leukie baina 75 urtera heltzen dan euskaltzain bakotxeko euskaltzain oso barri bat izentauko litzateke, baina muga bategaz: gehienez euskaltzain osoen herena, hau da, zortzi.
Aldaketa hau proposatzearen arrazoia euskaltzainen edadeak eta osasun-egoereak Erakundearen funtzionamentuan daukien eragina da. Bestetik, Akademiko emeritu edo supernumerarioak badira beste Hizkuntza Akademia batzuetan, eta ideia hori egokitu egin dau Euskaltzaindiak bere egoerara.
Euskaltzaindiak arautegiaren aldaketaz onartu dauen proposamenak pausu honeek egin behar ditu prozedura administratiboan: Instituto de EspaƱa erakundearen txostena; Eusko Jaurlaritzearen eta Nafarroako Gobernuaren txostenak eta onespena; Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren onespena; Ministro Kontseiluaren onespena eta, azkenik, Estaduko Buletin Ofizialean argitaratzea.