Irakasleak ikasle
Gauza bat dago argi: gelara sartzen dana ez da bertsolaria, irakaslea baino. Ikasleak asko motibetan dira bertsolaria ikusita eta haregaz hartu-emonetan hasten diranean baina guk argi izan behar dogu irakaskuntza prozesuaren erantzun pedagogiko egokia emon behar dogula, gure bertso-esperientziaz ganera, didaktikarako beharrezkoak diran bitartekoak erabilita. Eta horregaitik bihurtu jakuz gure irakasleak ikasle, bertsolaritzea modu eraginkorrean irakasteko badagoalako zer ikasi.
IƱaki Aurrekoetxea
Bertsolaritzeak 80. hamarkadan bertso-eskolei esker ezagutu eban iraultzeak eskolearen bidezko transmisinoaren bidea erakutsi euskun. Dana ez da bertsotan ikastea baina. Bertsolariak sortzeaz ganera, badago transmitidu leiteken ondare zabalago bat bertsoagaz batera: gure historia, ahozko literaturearen tradizino aberatsa edo ahozkotasuna lantzeko bitarteko interesgarria. Eta holan sartu zan bertsolaritzea hezkuntza arautuan.
Ikastolen Elkarteak bidea erakutsi ostean, geroago Bertsozale Alkarteak be egin dau irakaskuntzearen aldeko apustua. Apustu horrek Bizkaiko uriburuan izan eban adierazle nagusiena, Bilboko udalagaz 90. hamarkadearen hasikeran sinatutako akordioari esker, bertoko ikastetxe publikoetan bertsolaritzea lantzeko programea abiatu zanean. Aurten, Bilboko 30 ikastetxetan eta danetara Bizkaiko 70 ikastetxetan dabilz eskolak emoten Bizkaiko Bertsozale Alkarteko lau irakasleak: Josu Landeta, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes eta Unai Ormaetxea. Nafarroan, Araban eta Iparraldean be badira Bertsozale Elkarteko langileak irakaskuntza arautuan.
Bertsolaritzearen irakaskuntzea hobetzeko ahaleginetan, Bertsozale Elkartea irakasleen prestakuntzan eta materialaren sorkuntzan dabil buru-belarri. Ikasturte honetan, Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultateagaz (HUHEZI) formazino plana hitzartu dau bertsolaritza irakasleen prestakuntzea bideratzeko. Formazino plan honen helburu nagusia honakoa da: hizkuntzearen didaktikarako ezagupenetan oinarrituta, bertsolaritzea irakasteko didaktika espezifikoa sortzea. Horretarako, bi ikasturtetan banandutako ikasketa programea garatzen dabilz, 4 ikasgai edo moduluz osotua eta proiektuagaz amaituko dana. Ikastaroa on-line modalidadean egiten da, saio presentzialak tartekatuta. Modulu honeek HUHEZIk eskaintzen dauen Hizkuntzak Kudeetako Unibersidade Aditu Titulua lortzeko be balio dabe, horretarako beste pare bat modulu egin ezkero.
Ikastaroan izena emon dabenak Euskal Herri osoko 17 lagun dira, gehienak Bertsozale Alkarteko irakasleak eta euren artean Bizkaiko laurak. Ikastaroko irakasle eta arduraduna Matilde Sainz HUHEZIko irakaslea da. Gabon aurretik lehenengo hartu-emonak izan zituen Eskoriatzako Magisteritza Eskolan, formazino planaren aurkezpena egin eta on-line prozeduretarako gela birtualaren barri jasoteko. Egia esan, ordenagailua tresna nagusi izango dauen ikasketa prozesuak sortzen dau holako errespetu eta errezelorik, baina gure irakasleek PC, arratoi eta enparauak ederto kontroletan ditue eta honezkero badabilz Matildek agindutako etxeko lanei erantzun elektronikoa emoten.
Aurten bi modulu jasoko ditue. Egunokaz lehenengoan dagoz sartuta, 'Hizkuntzen didaktikarako marko epistemologikoa eta didaktikoa' izenekoan. Bertan didaktikearen markoa zehazten ibili dira, parte hartzen daben elementuak, hizkuntzea definiduteko iturri teorikoak..., izan be, teoria mailako ezagupen asko behar dira gero gure helburuen araberako didaktika bat sortu ahal izateko. Modulu hau martira arte izango dabe eta apiriletik bagilera bitartean bigarrenera pasauko dira: 'Bertsolaritzea lantzeko sekuentzia didaktikoa'. 2003-2004 ikasturtean, hurrengo modulu biak hartuko ditue: 'Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa' eta 'Hizkuntza Curriculuma'.
Gorago esan dogun moduan, formazino plan honen azken helburua bertsolaritzearen curriculuma aztertu eta egokitu ostean, berau irakasteko didaktika espezifikoa lantzea da, horretarako material egokia sortuz. Azken helburu hori datorren ikasturteko modulu biak ikusi ostean egingo daben proiektuan gauzatzea espero da.