'Zirkuitoa' ekimenaren lehenengo zatia martxan dago
Bizkaie!
Bilboko Udalaren Kultura eta Euskara Sailak antolatzen dauen 'Zirkuitoa' izeneko dibulgazino programea, formatu txikiko talde amateurrei zuzenduta dagoana zezeilaren 2an hasi zan eta aurtengo edizinoaren hiru zatietako lehenengoan hamar antzezlan taularatuko dira uriburu bizkaitarreko hiru barruti desbardinetan zezeilean eta martian.
Antolatzaileen arabera, helburua antzerkia auzoetan zabaltzea litzateke eta ekimena finkatzen ari dala onartzen da uriaren kultur programazinoan, izan be, azken edizinoan 3.500 ikusle izan ziran.
Zezeilaren 2tik martiaren 23ra arte, Otxarkoaga, Begoña eta San Frantziskoko auzo etxeek 10 muntaia hartuko dabez. Eguenero taularatuko dira arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrerea doban izango da. Aurten programautako obra guztiak Bilbon sortu dabez oso-osorik herriko taldeek eta ekimena gaur egun Bizkaiko uriburuan dagoan antzerki amateurraren zirkuitu bakarra da.
Programazinoan formatu txikiko obrak sartzen dira, bai gaztelaniaz bai euskeraz, testu originalak zein egokitzapenenak. Obren edukinari erreparau ezkero, danetarik dago. Beraz, aurreko urteetan lez, era askotako ikusleak izatea espero da. Udalak eginiko eretxi azterketen arabera, ikusleak normalean antzerkira joaten ez diranak dira, eta eskertzen dabe holako ikuskizunak euren ingurura hurreratzea.
'Zirkuitoa', antolatzaileen esanetan, aukera parebakoa da sortzaile eta antzerki talde amateurrek euren lanak taularatu eta jentearen aurrean aurkezteko. Aldi berean, taldeei aukerea emoten deutse ganerako konpainien lana ezagutzeko.
Antzezlanak
Programazinoa Otxarkoaga barrutiko udaltegian hasi da daborduko. Hermanos Bolinga konpainiak 'Puestos en libertad' taularatu dau. Ostean, 'Encuentros' emongo dabe, Larressistens konpainiaren hirugarren obrea.
Gero, bata bestearen atzetik emongo dira honako honeek: 'Y al fondo... el sol en el horizonte', Totum konpainiarena; 'La mujer cuerda', Leire Utxaren ikuskizuna; 'Una hora de radio', Pakidermorena; 'Cuadros insólitos', Cuerpo Escenak taularatua; 'Cicatrices de la memoria', Ikastola Teatroren eskutik; 'Hemendik aurrera biok bakarrik gaude lur zabal honetan', Lur Zabal taldearena; 'Nitología' Igor de Quadraren lana; eta 'N World. Hipótesis sobre la división de las personalidades', Neverland Companyk egindakoa. Horreek osotzen dabe 'Zirkuitoa' ekimenaren V. Edizinoaren programearen lehenengo zatia. Bigarren zatia apirilean, maiatzean eta ekainean izango da eta azken zatiak irailean, urrian, azaroan eta abenduan.