Hegazkin konpainia tradizionalak ala merkeak? (I)
Trikimailuak
Logikoa dan legez, danak dauka azalpena. Salneurririk ekonomikoena lortzeko, aste bi lehenago hartu behar izan dodaz hegaldiak, txartel elektronikodunak (ez dira fisikoak baina oso erabilgarriak dira, ezin diralako galdu) eta nire plangintzea zeozertxu aldatuta. Hurrengo egunerako hegaldia gura badogu ibilbidearen prezioa 70 eurotik gora egongo da. Egun berean hartu gura badogu hegazkina, prezio horren bikotxa pagau beharko dogu. Ganera, salneurri merkeek ez dabez data zein ordu aldaketak egiten ixten.
Baina gehien harritzen nauena honako hau da: zelan irabazi leike dirua aire konpainia batek horren salneurri merkeak eskainita? Hegazkin komertzial batek ehun kilometro egiteko 4 litro keroseno behar ditu bidaiari bakotxeko. Holan, Spanairrek 12 litro gastauko ditu ni Madrilera eroateko eta 20 bat Bartzelonarako. Erregaiaren prezioa kontuan hartuta, 6 eta 8 euro bitarteko gastua ekarriko deutse. Logikoa dan legez, hainbat faktore ganeratu behar jakoz: beharginak, hegazkina, teknikoak, publizidadea... Non dago trikimailua? Zergaitik dira ‘low cost’ hegaldiak konpainia tradizionalarenak baino karuagoak?
Nire amamak erakutsi eustan inork ez dituala emoten ogerlekoak pezeten lekuan eta arrazoia eukan. Gitxiago egungo munduan. Horregaitik, Spanair eta Vueling konpainietara deitu dot, erantzun eske. Zorionez, kazetari izateak lagundu egin deust. Konpainia bietako ordezkariak ados dagoz: kostuak ahalik eta gehien murriztea (beharginak, jatekoa, txartelak...) eta hegaldiak betetea da bidea. Vueling konpainiaren kasuan, hegaldi batzuk Spanair konpainiak eskaintzen dituanak baino karuagoak izan arren, data eta ordu aldaketak egin daitekez. Ganera, ez daukie ‘Bussines’ mailarik eta txartel gehienen prezioa, batez beste, 35 euro ingurukoa da. Hiru azafata baino ez dagoz, legeak arautzen dauen gitxiengoa; hegazkin bakotxak, egunean, sei hegaldi egiten ditu batez beste; gainontzeko konpainietako hegazkinek, barriz, lau edo bost. Spanair konpainian, ‘low cost’ hegaldiak baino merkeagoak topau geinkezan arren, jarlekuan % 10a baino ez da eskaintzen 19 euroan (aldaketak galarazota dagoz eta bidaiariak biajeari uko egiten badeutso, ez deutse dirua bueltan emoten). Hortik aurrera, prezioek gora egiten dabe, Avant mailako 220 euroetara heldu arte. Holan, jarleku bakotxaren batez besteko prezioa Vueling konpainiarena baino nahiko karuagoa da. Baina aerolinea tradizionalek ezin dabez bezero mueta horreek galdu eta horregaitik egiten dabez publizidade eta prezio kanpaina gogorrak. Igaz, ‘low cost’ konpainien sektorea % 20 hazi zan; hegaldi tradizionalen sektorea, barriz, ia bape.
Eta, zer pasetan da biaje-agentziakaz? Gero eta lagun gehiagok erosten ditu txartelak Internetez (baita neuk be). Askotan, oporrak eurak be bai. Bilboko Tagus Bidaiak agentziako zuzendari Garbiñe Matek autortu dau sektorea nahiko arduratuta dagoala. ‘Batetik, ezin doguz kostu gitxiko aerolineen txartelak saldu eta, bestetik, konpainia tradizionalen txartelen % 1a baino ez dogu jasoten. Bezero kopuruak nabarmen egin dau behera eta ulertzekoa da. Etxetik urten barik lortu daitekez txartel merkeak eta oso gatxa da horri aurre egitea’. Halanda be, Materen esanetan, ‘oraindino askori ez jake gustetan Internetez erostea, txartelik ez eukitea edo, batez be, arazoren bat badago nora jo ez jakitea’. Baina biaje-agentzien etorkizuna ‘baltz’ ikusten dau.
Erreportajearen bigarren zatian Egoitz Elorz pilotoagaz alkartuko gara. Aerolink Bilbao enpresako irakaslea da eta konpainia merkeen segurtasunaren eta beharginen eta hegazkinen preparazinoaren inguruan egingo dogu berba.
Testua eta argazkiak: Zigor Aldama
Normalean, hegaldi luzeak eta kontinente artekoak egin behar izaten dodaz eta konpainia merkeek ez dabe zerbitzu hori eskaintzen; gitxiago, ganera, Asia eta Pazifiko aldera. Baina oraingoan, lan kontuak dirala eta, Madrilera, Bartzelonara eta Valentziara joan behar dot eta hegaldi merkeak topeteari ekin deutsat, autobusean joan behar ez izateko. Preziorik onena topetako ez da biaje-agentzietara jo behar. Internet konekzinoagaz eta pazientzia apurtxu bategaz nahikoa da. ‘Low cost’ horreen inguruan berba asko egiten da eta, egia esan, nik ez dot inoiz holako hegaldirik hartu. Horregaitik, lehenengo-lehenengo vueling.com webgunera jo dot, jakinminez beteta eta hainbestetan entzun dodazan 10 euroko txartelen bila. Baina, horra hor nire ezustea! Bilbo-Bartzelona-Bilbo hegaldia baino ez dau egiten. Eta hamar euroko eskaintzea (tasa barik, jakina) ez dago nik gura dodan egunean. Baina ezta hiru egun lehenago edota geroago be. Hurrengo tarifea 40 eurokoa da ibilbide bakotxeko: danetara, 100 euro baino gehiago joan-etorria. Hori ez da hegaldi merkea...
Beraz, Bizkaiko uriburutik hegaldiak eskaintzen dabezan konpainia tradizionaletara jo dot. Ezustea barriro. Spanair.com webgunean Bilbotik Madrilerako eta Bartzelonarako joaneko ibilbidea 19 euroan dago. Eta ez hori bakarrik: prezio hori nik bidaiatu behar dodan egunetan lortu neike eta hegaldiaren ordutegia aukeratu daiteke (Vueling konpainiak egunean hegaldi bi baino ez daukaz). Hori gitxi balitz, Lufthansako ohiko bidaiariaren programarako puntuak emoten ditu. Ez dot birritan pentsau. Kreditu txartelegaz Bartzelonako joan-etorria 63 euroan (autobuseko txartelak 60 euro balio dau) eta Madrilekoa 62 (autobusean 45 euro inguru) euroan pagau dodaz. Ordutegia nire beharrizanen araberakoa da eta autobuseko 22 orduko ibilbidea ebitau dot.
Kuriosidadez, Iberiara jo dot, nahiz eta albo batera itxita daukadan atzerapenak izaten ditualako beti. Harrituta jarraitzen dot. Aerolinea espainiarrak 19 euroan eskaintzen ditu hegaldi nazionalak, tasak aparte. Halanda be, prezio horretara moldatu ahal izateko goizeko lehenengo orduan (seietan) edo gaueko azkenengoan (hamarretan) egin behar da biajea. Bitarteko hegaldien prezioa 29 eta 41 euro bueltan dagoz. Vueling baino merkeago.
Valentziara, barriz, Air Nostrum konpainiak (Iberiaren filiala) baino ez ditu eskaintzen hegaldi zuzenak eta 220 euro bueltan dabil joan-etorria. Barriro, Spanairrek eskaintzen dau preziorik merkeena, Madrilen eskalea eginda 40 euroan ibilbide bakotxa. Duda barik, edozeinek hartu leike hegazkina, trena bera baino merkeago.