Primavera Sound 2006 jaialdiaren aurkezpena Bilbon
Delorean
Primavera Sound jaialdiari amaierea emoteko Delorean rock taldea aukeratu dabe antolatzaileek. Zarautzeko taldea lan barria preparetan dago gaur egun eta ezustekorik ezean, martian plazaratuko dabe. Rock doinuak dantzarako erritmoakaz buztartzen dituan taldea da. Delorean taldearen azken diskoagaz estaduko jaialdirik garrantzitsuenetan ibili dira eta kritika ezin hobeak jaso dabez.
Gotzon Uribe
Bagilaren hasieran (1, 2 eta 3an), urtero Bartzelonan egiten dan Primavera Sound jaialdiaren aurkezpen jaia Bilbon egingo da aurten, zezeilaren 17an, Kafe Antzokian hain zuzen. Nazinoarteko jaialdi ospetsu honek hiru talde ekarriko ditu Bilbora: Eric Messler, Micah P. Hinson eta Delorean zarauztarrak.
Micah P. Hinson
Micah P. Hinson 23 urteko kantari gaztea dogu, Memphis (Tennessee) urian jaioa, hain zuzen Ronald Reagan tirokatu eben egun berean. Baina bere istorioa familiagaz bizitera Texasera alde egiten dauenean hasten da. Bertako musika eszenan oso gaztetatik sartu zan da burubelarri; neskalaguna ezagutu eta honi esker rockaren mundu ilunean sartu zan, izan be, haren erruz atxilotu eta kartzelan sartu eben. Autoa, etxea, dirua eta familia arin galdu ebazan Micah Paul Hinson gazteak. Edozelan be, 19 urtegaz kartzelatik urten eta lanean hasi zan. Egun, sasoi ilun hareetan idatzitako abestiak plazaratu ebazan 2004an taldeagaz batera (The Earlies), lehen diskoa izango zan “Micah P. Hinson and the Gospel of Progress” izenburukoan. Gero 'The Baby & The Satellite' izenko diskoa etorri zan.
Hinson jn.ak gitarra akustikoa joten dau eta bere ahotsagaz batera, taldekideen artean pianojolea, bibolinjolea, gitarrajolea, baxujolea eta bateriajole bat ditu bidaide. Folk eta country iluna jorratzen dituan sortzailea da, Estadu Batuetako hegoaldeko doinu garratz baina sano erakargarriak; Lambchop zein Jonny Cash-en eragina nabaria da Hinsonen abesti ilun esanguratsuetan. Kantagintza amerikarraren tradizinoari heltzen deutson musikaria da eta mugarik bako blues doinuak, galtzaileen inguruko istorioak jorratzen ditu. Aitagarria, aztertzen gagozan diskoa 2005eko diskorik onenen zerrendatan azaltzen dala.
Erick Messler
Egun berean, Erick Messler musikariak igazko udan plazartutako estreineko lana “Dreaming in the royak oaks” diskoa aurkeztuko dau. Negu giroko abestiak landu ditu diskoan, folk ilunagaz eta indar handiko testuakaz batera. Seattle-eko Sub Pop zigilu ospetsuagaz plazaratu dau diskoa.