Kulturea  IV. urtea // 148. zenbakia

Tindaya mendiko proiektua badoa aurrerantz


Tindayaren bideragarritasunaren gaineko zalantza teknikoak albo baten geratu diran honetan, hemendik aurrerako arazoak erabagi politikoetatik etorri daitekez. Izan be, Fuerteventurako Cabildoak (CoaliciĆ³n Canaria alderdiaren eskuetan dago) buru-belarri ekin gura deutso Tindaya mendiko proiektuari, baina Kanarietako Gobernua, antza, zatituta dago: alde batetik, monumentuaren aldekoak dagoz, eta bestetik proiektua bertan behera itxi gura dabenak. Azken horreek motibo handiak daukiez euren eretxiari eusteko, ze ez da ahaztu behar, batetik, Txillidaren asmo honek hasiera-hasieratik jaso dituala mobimentu ekologisten kritika arrazoituak, eta, bestetik, oindino epaitegietan dagoan ustelkeria kasu bat be sortu zala Txillidaren proiektuaren inguruan: irregulartasun ekonomikoak egon ziran 2000. urtean, proiektuaren ardurea eukien enpresek 1.900 milioi pezetako iruzurra egin ebela zabaldu zanean.

Medio gehienek Tindaya mendiko proiektuaren kontra dagozanen eretxiak emoten ez baditue be, egon badagoz. Ben Magec-Ekologistak Martxan taldeak salatu dauenez, ikerketeak hutsune asko daukaz, eta proiektua hormigoizko egiturakaz indartu ezean, Tindaya mendia jausteko arrisku handia dago. Hormigoia sartu ezkero, barriz, Txillidaren proiektuaren filosofia apurtu egingo litzateke. Aitatutako taldekoak ez dira kontra dagozan bakarrak: Greenpeace eta Adena taldeek be aurre egin deutsie proiektuari.

Arazoa ez da teknikoa edo politikoa bakarrik. Atzean sensibilidade asko dagoz, eta danak alkarren kontrakoak dira: alde batetik, Eduardo Txillidaren 'azken amesa' dago, haren emazteak eta semeak sarritan aitatu izan daben moduan. Bestetik, Tindaya mendi sagradua da Fuerteventurako biztanleentzat, ez dira-ta alperrik topau esangura sinboliko eta mistikoko berrehun podomorfo baino gehiago mendiaren tontorrean, antxinako guantxeen hilobiez gainera.

Edozelan be, sensibilidadeak sensibilidade, Tindaya mendiko proiektuak argi berdea dauka aurrera egiteko. Eta, itxura guztien arabera, aurrera eroango da.

Julen Gabiria

Hamar urte beteko dira aurten Eduardo Txillida eskultore donostiarrari Tindaya mendiaren proiektua bururatu jakonetik. Hamar urte kritikaz, aldeko eretxiz, ustelkeria kasuz eta azterketa geoteknikoz beteta. Txillidari 'arraza eta kolore guztietako gizakiei tolerantziaren aldeko eskultura handi bat' egitea bururatu jakon, eta Fuerteventurako biztanleetako bat be ez zan geratu epel, onerako edo txarrerako. Hainbesteko saltsa sortu zan proiektuaren hasierako etapa hareetan ze, eskultoreak berak esan eban proiektua bertan behera itxiko ebala.

Gero, 2002an, Txillida hil egin zan, baina asmoak aurrera egin eban, eta azken emoitzak oin dala gitxi kaleratu dira. Hain zuzen be, Fuerteventurako Tindaya mendian egindako ikerketa geoteknikoek adierazo dabenez, Eduardo Txillidak mendi horren barruan berrogeita hamar metroko kuboa egiteko asmoagaz sortutako proiektua bideragarria da. Tindayako harria trakitazkoa da, eta emoitza uniformeak emon ditu egin diran azterketetan, mazizo horretako harria 'ona' eta 'bikaina' artekoa dala esan dabe-ta adituek. II. fasea amaituta, lanak koordinetan dabilen Estudios Guadiana enpreseak uste dau eraikuntza-proiektua eta horri jagokon aurrekontua uda ostean emongo deutsela instituzinoei. Plana onartu ezkero, obrak 2007. urteko udan hasi leitekez, 2010ean amaitzeko. Aurrekontuetarako dagozan aurreikuspenak 40 eta 50 miloe euro artekoak dira.

Lehenengo fasea 2003ko zemendian amaitu zan, eta, horren bitartez, Txillidaren obrea egiteko egozan alternatibak aztertu ziran. Horretarako, zerutik hartutako argazkien azterketa konputerizatua, azterketa geofisikoak eta Tindayaren inguruko analisi geoteknikoa egin ziran. Fase horretan lortutako informazinoagaz, esan dogun moduan, monumentua eregiteko aukerak neurtu eta konparau ahal izan ziran.

Ointxe amaitu dan II. fasean, barriz, lau zundaketa egin dira mendiaren beste hainbeste lekutan, hamar zentimetroko diametroko hamabi zulaketaren bitartez. Modu horretan, 1.705 metro hatx atara eta aztertu egin ditue, mendian eta laborategian. Proiektuaren hasieran planteautako galdera nagusienetako bat zan mendiak tensino horizontal nahikoa eukiko ete eban, sabai lisuari eusteko. Oin jakin danez, azterketek baiezko erantzuna emon deutsie zalantza horri; baiezkoa Txillidaren asmoei.