Antxina-barri  IV. urtea // 148. zenbakia

‘Eliodoroak’, Euskadiko dirua


Azken buruan, diruaren 'asmatzailea' Eliodoro de la Torre zanaren omenez, Euskadiko diruari 'eliodoroak' deitu eutsien Bilbo inguruan. Gero gerrea Bizkaian amaitu eta dirua baliorik barik itxi eben Frankistek. Orduan, asko erre egin ziran baina beste askok etxeetan gorde ebezan arrazoi sentimentalakaitik edo beharbada egunen baten barriro be balioa izango ebelakoan. Ez ziran gitxi izan diru barria balio barik egoala jakin ebenean, euren zorrak pagetan arin joan ziranak...

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

1946ko urtarrilaren 28an hil zan Baionan Eliodoro de la Torre. Orain dala 60 urte beraz. José Antonio Agirrek gidatzen eban gobernuko Ogasun Sailburua zan. Hainbeste diru bere eskuetatik pasau eta gero ia pobrezia gorrian hil zan. Gaur orri honeetan, berak ogasun sailetik zabaldutako diruaren barri emongo dogu: Euskadiko 'dirua' izango zanaren gorabeherak jakiten ahaleginduko gara.

Mendeetan zehar sasoi desbardinetan gure herrialdeak izan dau bere diru propioa, Nafarroako Erresuma edo erreinuaren sasoian berbarako. 1936an Gerra Zibila hasi eta berehala hegoaldeko euskaldun gehienak Francoren ejerzitoaren kontra jarri ziran. Araba eta Nafarroa berehala jausi baziran be, beste horrenbeste pasau jakon irailean Gipuzkoari. Bien bitartean Bizkaian gerreari aurre egiteko Gobernadore Zibilak Guda Batzordea sortu eban. Honetan Francoren kontra egozan alderdi guztiek hartu eben parte. Handik gitxira urriaren 7an sei egun arinago Madrilen onartutako Autonomi Estatutuaren ondorioz, José Antonio Agirrek Lehendakari kargua sinatu eban Gernikan eta ondoren Euzkadiko Jaurlaritzea deituko zana eratu eben. Erakunde honetan be Francoren kontra egozan alderdi politiko guztiek hartu eben parte anarkistak izan ezik.

Jaurlaritzearen lehenengoetako arazoa izan zan gerreagaitik bildurturik jenteak etxean gordeten ebala dirua. Kalean ez egoan dirurik, ez soldatarik pagetako, ez gauzak erosteko, ez saltzeko, eta holan izanda, eta trukearen denporak ahaztuta, ekonomia jarduerak ezin ziran aurrera eroan, Gobernu barriarentzat beste arazo bat, beraz.

Kontuak kontu, dirua atara beharra egoan. Antzeko zeozer egina zan abuztuan bertan; Guda Batzordekide zan Eliodoro de la Torrek, diru balioa euken txeke edo taloi antzeko papelak atara ebazan Bilbon ziran Banketxe eta Aurrezki Kutxen bermea aprobetxatuz.

1937rako Gobernua konturatu zan ataratako dirua ez zala nahikoa eta balio txikiagoko dirua atara behar zala, hau da, txanponak egin behar zirala erabagi eban. Holan ba Belgikan egoan lantegi bati enkargua emon eta pezeta bat eta biko txanponak egitea erabagi eben. Txanpon horreek nikelezkoak izanda berezko balioa euken eta hartzailearentzat txanpona bera bihurtzen zan bermea, ezelako banketxearen onarpenik barika. Horregaitik ba txanpon horreetan ez zala beharrezkoa Espainiako Banketxearen izena agertzea eta aurreko arpegian 'Gobierno de Euzkadi' esaldia jarri jaken. Eta atzetik balioa: pezeta bat edo bi, honek biak baino ez ziralako atera.

Diruak Belgikatik itxasontzian ekarri ebezan eta martirako Bilboko kaleetan zehar ebiltzan. Aurretiaz Aurrezki Kutxa eta Banketxeek Gobernuak emonda agindua euken bezeroak diru 'zaharrakaz' hurreratzen ziranean, hareek hartu eta barriak emoteko.

Baina diru txarteletara bueltatuz, abuztuan eta irailean ataratako txekeak ez ziran kalidade onekoak eta erabilterakoan letrak eta borrau egiten ziran, azkenean paplr zikin bat baino geratzen ez zala. Eliodoro de la Torrek urrian sortu barria zan gobernuan Ogasun Sailburu izentauta diru 'barria' atarateari ekin eutson. Baina ez egoan Euskadiko Banketxerik diruaren balioa bermatzeko. Beraz, Bilboko egoitzan Espainiako Banketxeak eukan urregorria erabili eben diruaren garantia modura eta Espainiako Banketxearen izena jarri eben bileteetan.

Lehenengo batean, 5, 10, 25, 50, 100, 500 eta 1000 pezetako diru-txartelak ataratea aurreikusita baegoan be, azkenean kaleetan azkenengo biak (500 eta 1000 pezetakoak) ez ziran agertu, egiteko denporarik egon ez zalako eta atara baino arinago Bilbo frankisten esku geratu zalako.

Bilete bakotxean agertu behar ziran irudiak orduan margolari ospetsuenetarikoa zan Nicolás Martínez Ortizi enkargau eutsozan. Honek bilete bakotxerako Euskal Herrian egiten ziran lanakaz zerikusia euken marrazkiak egitea pentsau eban: baserritarrak, mehategietako lana, arrantzaleak, artzainak, eta abar. Hau atzeko partean. Aurrekoan, barriz, banketxearen leiendeagaz batera, Euzkadiko Jaurlaritzearen ikurra edo armarria euken jarrita.

Euzkadiko alde hau ez zan diru propioa izan eban esparru edo gune bakarra. Esan behar da beste leku batzuetan be izan ebela euren diru propioa, batez be CNT sindikatuko anarkistek indarra euken lekuetan: Katalunian edo Asturiasen. Ganera, anarkisten ikuspegitik 'dirua' berez kapitalisten kontua zan, eurek ez eben onartzen holako sistemarik eta dirua baino 'txartelak' edo 'kupoiak' gurago izan ebezan. Egia esan Euskadikoa izan ezik beste 'diru barri' horreek ez eben eragin onik izan ekonomian.