Euskaldunok munduan  II. urtea // 20. zenbakia - 2003ko zezeilaren 15a

Euskal poeta eta musikariak New Yorken

Kirmen Uribe poetak AEBetako New York urian hainbat poesia errezital emoteko konbidapena jaso dau; poesia eta musikea batuko dituan emonaldiaren izenburua 'Zaharregia, txikiegia agian' da. Elizabeth Macklin idazleagaz izandako hartu-emonen ondorio dira errezitalak, izan be, New Yorkeko idazle horrek itzuli ditu ingeleserara Kirmen Uriberen 'Bitarten heldu eskutik' liburuko poemak. Ganera, zenbait poema uriko Open City aldizkarian argitaratuko ditue.

Aitatutako errezitaldiotan, Kirmen Uribe ez da bakarrik egongo eta laguntzaile onak izango ditu alboan, hirurak oso ezagunak: Mikel Urdangarin abeslaria, Bingen Mendizabal bibolin-jolea eta Rafa Rueda kitarra-jolea.

Danetara, bost emonaldi eskainiko ditue: martiaren 16an, domekan izango da lehen emonaldia Bowery Poetry Club-ean; martiaren 18an, martitzenean Nicholas Roerich Museum-en eta martiaren 22an, zapatuan Cornelia Street Cafe-n izango dira. Egun berean, Ear Inn-en New York uriko beste hainbat poetagaz batera parte hartuko dabe. Azken emonaldia New Yorkeko Unibersidadean izango da (CUNY).

Azken boladan, euskal artista eta musikariak bape bildur eta konpleju barik egiten dabe salto gure mugetatik kanpora euren beharrak erakusteko; egia esan, kanpoko musika adituak be aspaldi konturatu ziran Euskal Herrian talde eta bakarlari onak dagozana. Izen batzuk aitatzearren, Kepa Junkera eta Oreka TX oraintsu egon dira Eskozian Celtic Conections Jaialdian. Martiaren 28 eta 29an zuzeneko diskoa grabau baino lehen, Marokon be kontzertuak emongo ditu Kepa Junkerak. Orain denpora asko ez dala, Ruper Ordorika New Yorken egon zan kantaldi batzuk eskaintzen eta gustora gelditu ei ziran danak. Literatura eta poesia arloan be zer esanik ez, Bernardo Atxaga eta honezkero Unai Elorriaga be oso ezagunak dira Euskal Herritik kanpo; Elizabeth Macklin idazlearen itzulpen beharrari esker, Kirmen Uribe poetaren poesiak Shakespeare handiaren hizkuntzan be irakurri daitekez eta hemetik aurrera irakurle gehiago izango ditu segurutik; horrezaz ganera, New Yorken poesia errezitaldiak egiteko konbidapena jaso dau. Zorionak.

Bizkaie!