Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 147. zenbakia

Galdutako altxorraren bila


Teknologiarik onena

Teknologiari jagokonez, 'Odyssey' enpreseak munduko ekiporik onenak daukaz. 'Odyseey Explorer' itsasontziak miloe bi dolarreko kostua euki eban. Itsasontzi hau kokapen dinamikoko sistema batez horniduta dago, hau da, alboko helizeak daukaz, itsasontzia hondoaren ganeko puntu berari eusteko kapaza izan daiten, beti be GPSren laguntzaz eta itsasoaren nahiz haizearen egoerea gorabehera. Hori abantaila ikaragarria da, 700 metrora 7 metroko luzerako eta 3 tonako urpekuntzi bat egon ezkero.

'Zeus' izeneko urpekuntzi hori Robert Ballard-ek 'Titanic' esploraukeran erabilitakoaren antzekoa da. Itsasontziari kable batez lotuta dago eta beso artikuluak, bideo kamerak eta hondoa garbitzeko presino txorrotak daukaz. Ganera, tona bateko pisua hartzeko garabi batez atonduta dago. Dan-dana azaleratik gobernetan da 'joy stick' sistemearen bitartez, hau da, bideojoko bat balitz lez. Inbersino handi honeen helburua argia da: urregorriz betetako altxorrak topetea.

Berreskuratu leitekean altxorretik 'Odyssey'-k % 80 eskuratuko leuke, beti be hondotik ataratakoa 45 miloe dolarreko kopurura ailegetan ez bada. Harrapakinak 500 miloeko zenbatekoa gaindituko baleu, altxor bilatzaileek erdia eskuratuko leukie; ganerako zatia Britania Handiko diru kutxetara bueltauko litzateke. Dirua batuko litzateke berreskuraturiko txanponak bildumagile eta partikularrei salduz 'Numismatic Conservation Services' eta '“Numismatic Guaranty Corporation konpainien bitartez; gaur egun, azken enpresa horreek arduratzen dira 'Odyssey'-k Virginiako itsasertzean hondaraturiko 'SS Republic'” itsasontziaren barrualdetik ataratako dolarrak merkaturatzeaz.

Begiluzea

XXI. mendeko piratek Wall Streeten kotizau eta munduko historialaririk onenak kontratetan dabez hondoraturiko itsasontzien azterrenak topau daiezan. Ekatxek eta hurakanek itsasoaren hondora jaurtitako itsasontzi, galeoi eta bapore horreen barruan altxor ikaragarriak ei dagoz. Publizidade agentea izaniko Greg Stemm estadubatuarrak Cadizeko itsasertzetik 11 miliara historiako altxorrik handiena topau dauela esan dau.

600 metroko sakoneran, Gibraltarreko itsasarteko korronteek astindutako basatzazko geruza handi batean, 'HMS Sussex' itsasontziak garraiatzen ebazan bederatzi tona urregorri dagoz. Ingalaterrako gineak erabili gura izan ebezan Saboiako dukerearen laguntzinoa erosteko Habsburgotarrek Luis XIV.aren Frantziaren kontra eukien gerran. Baina ezusteko haizete batek 'Sussex' eta beste 14 itsasontzi hondoratu ebazan 1693an.

Altxorra topau guran dabilen 'Odyssey' enpreseak 3.000 miloe euro balio dauela aurreikusi dau. Balio honetako altxorra jokoan egonda, zaletasunez urpean uger egiten daben amateurrak ahaztu behar dira. Behar honetan benetako profesionalek dihardue, urpeko errekaste lanen munduko lehenengo enpresak, hatan be. 'Odyssey Marine Exploration Inc' izena dauka eta Greg Stemm-ek nahiz John Morris-ek 1994an fundaturiko enpresea da, diru azoketan kotizetan dauena. Danetara, 50 bat behargin daukaz, urpekariak, marinelak, historialariak eta artxibozainak kontuan hartuta.