Edadea, nobedadea
Antzokiko saioaren ostean, tabernakoaren simulazinoa etorri zan. Agirrek eta Lazkanok lagun arteko alkarrizketa neurtu eta errimatu ederra egin eben. Lazkanoren bihotzaren zailtasunak ezagutzen genduzanontzat, pozgarria izan zan lehendakari zaharra zaharbarrituta ikustea. Edozelan be, momenturik historikoena Manuel Lasarte bertsolariaren agerraldiagaz sortu zan. Azken agur legez hiru bertso kantau ebazan makildun eta txapeldunak. Hemen bat:
Ikusten degu bertso saioak
Indartzen dihoazela
Pentsatzen nuen hemen entzule
Ugari bilduko zela
Nik ere berriz esagai daukat
Pozik etorri naizela
Zuenganako det maitasuna
Zuek neretzat bezela.
Atalen artean, Eñaut Agirre bertsolari hernaniarrak bertso musikatuen saio bi preparau ebazan soinuaren eta gitarraren laguntzinoz. Lehenengoan, historian batutako bertsoen bilduma bat agertu eban. Esan beharra dago bertsoen aukeraketea nahiko gipuzkoarra izan zala. Alde horretatik, bizkaierearen presentzia murritza izan zan eta ganera gipuzkerearen ohiko pronuntziazinoduna. Bigarren atalean bertso idatzi batzuk eskaini ebazan Agirrek, 1952an etorkizunari egindakoak balira legez. Hemen batzuk:
Laurogeigarren urteak hartzen
dira kanbio urtetzat
modernidade baten zantzuak
baitatoz bertsoarentzat.
Bertso kantuan hasiko dira
lehenbiziko Gonzalezak
apaiz ateo batek bi txapel
jantziko ditu beretzat
ta ondoren ruso baten semiak
ta gero Bizkaiko beltzak
Etorkizunak luze jardun dit
bertsoaren aldaketez
Barakaldoko saio batera
joango dan milaka jendez;
txapelan bila saiauko diran
patilladun eta neskez…
Neskai txapelik emango al diye?
Esan zaidazu mesedez!
Bertsolaritza aldatuko da
pixka bat bai, hainbeste ez!
Txapeldunak zein gehiago diran
galdetu diot propiyo
ta erantzun dit galdera horrek
hola ez dula baliyo,
Txapelduna zein ta zenbat aldiz
omen dala egokiyo.
Zarauztar batek behin jantziko du
ta ez du erantsiko gehio
Francori azken arnasak baino
gehiago iraungo diyo.
Galdetu nion dena joango al da
txapelketaren neurrian
erantzun zidan ez beste batzuk
badabiltza indarrian:
taberna zulo baten bertsotan
jo eta su egurrian
beste zeozer entzun nahi duen
jende mordo bat aurrian;
detaileren bat kendu ezkero,
lehengo ohitura zaharrian!
Bertsoak asmau eta jarten badira be, honek jarri eta asmau egin dau!
Xabier Paia
Bertsolaritzea modan dago. Euskal Herriko kultur eskaintza guztien lehiakide gero eta sendoagoa bihurtzen dabil. Horren seinale dira BECeko finala, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak jasotako Argia saria, Andoni Egañak hartutako Sabino Arana saria edo joan dan zapatuko Bertso Eguna. Azkenak 60ko hamarkadan bertsotan hasi ziran bertsolariei emon gura izan deutse protagonismoa, bertsolarien bataz besteko edadea gero eta gazteagoa dan aro honetan. Gaur egun plazan ikusten ez diran bertsolari zaharren eguna izan zan urtarrilaren 28a. Aukera ederra bertsozale eta bertsolari gazteek garai bateko bertsolaritzearen erreferentzia bizia izan dagien.
Arrastiko seietan hasi zan bi ordu inguru iraun eban ekitaldiak. Saioak hiru atal izan ebazan. Hasierean, Mañukorta, Koxme Lizaso eta Txomin Garmendia agertu ziran suete bateko mahaiaren inguruan. Garai bateko auzolanaz, Ameriketara joan beharraz eta holako kontuez jardun eben bertso luze-laburretan. Neurriari jagokonez, azpimarragarria izan zan zortziko eta hamarreko txikietako 8/6a, egungo 7/6aren ordez. Naturalidade handiz kantetan eben, doinuen egiturea aldarazo barik.
Ondoren, bost bertsolari agertu ziran antzokietako saioen adierazgarri: Joxe Lizaso, Patxi Etxeberria, Jon Azpillaga, Egileor eta Jose Luis Gorrotxategi. Laxaro Azkune gai-jartzaileak orduko gaien estiloa ekarri euskun orainaldira, ez bazan orduko eta oraingoaren arteko konparazinorik egiten ebala. Saio polita osotu eban boskoteak.