Lurraren beroketeak ardaogintzan izango dauen eragina aztergai Bartzelonan
Imanol Sarasola,
enologoa
Klimearen aldaketea eta lurraren beroketea gai eta ardura larri bihurtu dira gure belaunaldian. Negutegi efektua dala eta, lurra aldaketa klimatikoa sufriduten ari dala nabarmena ei da, berau neurri handi batean behintzat, erregai organikoen konsumoak eragiten dauelarik. Halan da be, arduragarriena ez da beroketea bera, ezpada zelako abiadureagaz doan prozesua.
Aurten, martiaren 24an eta 25ean, munduko zenbait adituk Bartzelonan aurkeztuko dabez klima aldaketeak eta lurraren beroketeak ardaogintzan izan daben eraginaren ganeko ikerketa desbardinetako emoitzak. Jardunaldiotan aztertuko dabez lurrazalaren beroketeak izan leiken eragina, temperatura aldaketea sufriduteko arrisku handiagoa daben lurraldeetan zein mahats mota landatu ahal izango dan, ardaoen gehiegizko graduazinoa, pH aldaketak, hartzidurea eta era, berean, ondorio finantzieroak eta sozialak, beroketeak berez ekarriko dituanak.
Southern Oregon Universityko Gregory Jones Doktoreak eta bere kideek, 50 urteko eguraldiari buruzko ikerketa lan bateko emoitzak argitaratu dabez; datuok mundu zabaleko 27 lurralde ardao–produktore desbardinetan jaso dabez eta emoitzak harrigarriak izan dira. Tenperaturea, batez beste, kalidadezko ardaogintzea produziduten dan lurraldeetan, gradu bi igon dira azken 50 urteotan. Era berean, tenperatura igoerearen pare-parean uztak be nabarmen hobetu dira.
Aztergai izan diran 27 lurralde honeek eta eginiko azterketetan lortutako emoitzen arabera, hurrengo 50 urteetan 2´04 graduko igoerea aurreikusi dabe. Bestalde, lurralde honeen artean, tenperatura igoera handiena izango dabenak Portugal eta Espainiako hegoaldea dagoz (2´85º C), ostera, gitxien eragingo dau Hegoafrikan (0´88ºC).
Espainiarako egindako aurreikuspenen arabera, uztak aurreratu egingo dira, sikateak gogorragoak izango dira eta, beraz, alkohol gradu gehiagoko ardaoak produziduko dira; gauzak holan dirala, kontu handiz ibili beharko da azidotasunagaz.
Pancho Campo, ardaogintzan aditua danaren arabera, aldaketa klimatikoa ukaezina izan arren, gehien kostetan jakuna aldaketea bera onartzea da, eta are gehiago, neurriak hartzea. Edozein modutan, adi egongo gara hurrengo hilebetean Bartzelonan egingo diran jardunaldietako ondorioei erreparetako.