Crash
Los Angeles, uri kosmopolita, kaotiko, krudel eta bizia, personek sufridu, poztu, negar egin eta barre egiten daben lekua. Kontakizunaren erritmo bizian harilduriko egitura narratibo bizkor bati esker, modu batera edo bestera lotuta dagozan hainbat istorio eta personaiaren barri eukiko dogu, arrazismo eta bereizkeria ardatz hartuta.
'Crash' jentearen ganeko film bat da, personen gorabehera animikoen ingurukoa. Halanda ze, pelikulan banan-banan azaltzen jakuzan kontakizunetatik harantzago, filmaren ildo nagusia personen alderdirik ilunenetan oinarritzen da, bildur, paranoia, sufrimentu, gorroto eta bortizkerian, hain zuzen. Personaia guztiek egoera gatx jakin bati egin behar deutsie aurre, baina guztiak lotzen dauzen ezaugarria daukie: bakardadea eta larritasuna, mundutik kanpo bizi diran sentsazinoa. Keinu, alkarrizketa eta jokabide guztien atzean samina baino ez dago.
Haggis-en pelikula honek hamaika itaun aurkezten dauz, baina akats handia egin dau; izan be, erantzunak emoteko jokaereari amore emon eta erantzungura horretan korapilatzen da. Ikusleari ez deutso askatasunik emoten, ibilbide egokia zein dan asmatzeko gauza izan daiten; ganera, on eta txarraren arteko mugea lar fina dala gomuta eragiteko lana behin eta barriz agertzen da, sarritan era behartuegi batean agertu be. Guztiagaz be, 'Crash' esperientzia fresko eta entretenigarria da. Pelikula honen erakargarritasuna, azken batean, erantzunik ez daukien itaunetan dago.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Paul Haggis.
- Herrialdeak: AEB eta Alemania.
- Iraupena: 100 minutu.
Antzezleak: Sandra Bullock (Jean Cabot), Don Cheadle (Graham Waters), Matt Dillon (Jack Ryan), Jennifer Esposito (Ria), William Fichtner (Jake Flanagan), Brendan Fraser (Rick Cabot), Terrence Dashon Howard (Cameron Thayer), Thandie Newton (Christine Thayer), Chris "Ludacris" Bridges (Anthony), Ryan Phillippe (Hansen), Larenz Tate (Peter).
- Gidoia: Paul Haggis eta Bobby Moresco, Paul Haggis-en argumentu batean oinarrituta.
- Argazkia: James Muro.
- Muntaia: Hughes Winborne.