Musikea  IV. urtea // 147. zenbakia

Agur, Metak


Hona hemen Metak disketxeak komunikabideei bialdutako oharra:

‘Zuetako askok entzuna izango du dagoeneko kalean dagoen esamesa. Egia da, edo egia izan daiteke. Esamesek handiak izaten baitute lehen alditik azkenaurrekora. Egia da urtarrilaren 31 gure azken eguna izango dela egoera ekonomikoak bultzatuta. Metak itxiko dugula alegia.

Ur harrotuen artean ibili gara beti, egoera zaila da diskogintzan, are zailagoa euskal musikan. Salmentek urtez urte behera egin dute, nabarmen. Honek kinka zailaean ipini izan gaitu ia ekoizpen bakoitzarekin, eta azkenean joera hori gailendu eta benetan hondoratu aurretik lehorreratu beharrean ikusi gara. Zinez gogorra egin zaigu erabaki hau hartu izana, baina bai, zenbakiek agintzen dute eta jakin bagenekien ez zela samurra, baina aurrera egin dugu ahal izan dugun arte.

5 urteotan egindako lanarekin pozik gara. Katalogo sendo bat uzten dugulakoan gaude, zeinaren banaketa dendetan bermatua izango da Elkar banaketen bitartez. Egindako apustuak ez zaizkigu damutzen, argitaratutako diskoak bere momentuan argitaratu nahi genituenak ziren. Egindako harremanak iraungo duten harremanak izango direlakoan gaude.

Eskerrik asko denoi, urteotan gurekin izan zaretenoi, talde, entzule, banatzaile, kazetari, lagun eta bidaide guztiei.

Batek daki, bidea luzea da eta akaso batekin edo bestearekin topatuko gara berriz.

Agur,

Metak'

Bizkaie!

Metak disketxeak, sortu eta ia bost urtera, agur esan deusku. Arazo ekonomikoek bultzatuta, ateak ixteko erabagi gogorra hartu behar izan dabe arduradunek. Euskal diskogintzearen krisia gero eta larriagoa dala azpimarratu dabe, ixten daben egoerearen larritasunaz jaubetuta.

Jabier Muguruza, Betagarri, EH Sukarra, Etsaiak... eta beste hainbat euskal talderen lanak argitaratu ditu Metakek. Ganera, talde barriei diskoa grabetako aukerea emon deutse, Kuraia, Sagarroi, Inoren Ero Ni eta Seiurte dagoz horreen artean, besteak beste.

Hutsune nabarmena ixten dau disketxeak. Ganerako diskoetxeek igarriko dabe faltea, batez be konpetentzia murriztuko dalako eta ‘konpetentzia beti da ona’, dino Anjel Valdes Euskal Disketxeen Alkarteko presidente eta Elkar disketxeko editoreak. Oihuka disketxeko editore Ritxi Aizpururen esanetan, ‘ez da alarmismoz jokatu behar eta aurrera egin behar dogu danok’. Halanda be, egoerea larria dala onartzen dau Ritxik. Gor disketxeko editore Marino Goñik Metak disketxearen desagerpenak zuzen-zuzenean euskal diskogintzearen beherakadea dakarrela dino eta Gaztelupeko Hotsak disketxeko editoreak ’barri txar’ legez definidu dau egoerea.