Brokeback Mountain
Ang Lee zuzendariaren azken film honek Ennis Del Mar eta Jack Twist-en istorioa kontetan deusku; gazte bi honeek 1963ko udea Wyoming-eko Brokeback mendian igaroko dabe artzain lanetan. Biek bizitzan jadetsi gura dabenaren asmo nahiko argia euki arren, mendiko alkarbizitza estuak maitasun istorio sutsu batean murgilduko dauz. Horrek kolokan iminiko dau menditik bajatu osteko bizimodua, biak aldez aurretik finkaturiko ibilbideari jarraitzen ahaleginduagaitik be.
Handik aurrera, pelikuleak bizitza osoa iraungo daben ezkutuko hartu-emonak aletuko dauz. Maitasunak eta, aldi beratan, bildurrak ardazkaturiko maitasuna ikusi ahal izango dogu, desbardina izatea ikaragarri karu pagetan dan ingurune batean.
'Brokeback Mountain'”-ek bizitasun handia erakusten dau erritmo motel eta geldo baizen sendo batean; isiluneak eta keinuak esanguratsu eta adierazgarriagoak dira alkarrizketak baino. Hori dala eta, antzezleen beharra aparteko garrantzia hartzen dau, eta zorionez, protagonista nagusiek ondo be ondo jardun dabe, mailakaturiko neurritasunari etekin zoragarria atarata.
Edozelan be, film honetan gehien harritzen gaituana istorioa aurkezteko eta garatzeko sentiberatasuna da; egoera guztiak deskribiduteko erabilitako soiltasuna ezin hobeto kontrajarten jako sentimentuen uriolari. Inor ez dau epel lagako bakardadearen hondora egindako bidaia bikain honek.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Ang Lee.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 134 minutu.
- Antzezleak: Heath Ledger (Ennis Del Mar), Jake Gyllenhaal (Jack Twist), Linda Cardellini (Cassie), Anna Faris (Lashawn Malone), Anne Hathaway (Lureen Newsome), Michelle Williams (Alma), Randy Quaid (Joe Agirre), Kate Mara (Alma Jr.).
- Gidoia: Larry McMurtry eta Diana Ossana, Annie Proulx-en kontakizun batean oinarrituta.
- Argazkia: Rodrigo Prieto.
- Muntaia: Geraldine Peroni eta Dylan Tichenor.