Egoerea ozpindu egin dabe palestinarren botoek?
Eta orain zer? Patetikoa izan da George Bushek biharamonean egindako agerraldia. Ekialde Hurbila ordenetako haren planak barriro be hankaz gora joan dira errealidade gordinak aginduta, Iraken pasau zan lez. Israelentzako interlokutore biguna, 'uso' bat gura eban Bushek. Orain, barriz, zorionez ala zoritxarrez, 'belatza' izango dau. Beraz, gustau ala ez, sakoneko arazoari egin beharko deutse aurre edo egoerea gero eta gehiago ozpinduko da. Israelek ezin dau Palestina birrindu. Palestinak ezin dau Israel menperatu. Alde biek hori ulertzen badabe, pakerako bidea ezinbestekoa izango da. Osterantzean, gerrea lehen baino gordinagoa izan leiteke.
IƱaki Atxutegi
Palestinan ezuztekoa izan da: Hamas talde islamiarrak gehiengo osoa atara dau hauteskundeetan. Hauteskundeak baino arinago geurera etorritako inkestek duda barik esaten euskuen Al-Fatah gobernuko alderdiak hauteskundeak irabaziko ebazala. Ez dabe asmau inkestek. Manipulauta egozan ala ez eben jakin egoerearen nondik norakoak atzemoten?
Nork espero eban Yasser Arafaten alderdiak boterea galtzea? Eta zelan heldu dira egoera horretara? Galdera honeei erantzuna emon guraan dabilz sartaldeko horrenbeste lekutan. Egoera barriari zelan aurre egin ez dakiela igarten da.
Ez dago jakiterik Arafat buruzagi zaharra bizirik egon izan balitz Hamasen garaipena hain erraza izango ete zan. Gogoan daukagu Arafat bizirik egoanean, Estadu Batuetatik sarri esaten ebela Arafat beti egoala Hamaseri begira. Ganera, negoziazino ahaleginetan behin eta barriro esaten eutsen konpromisoa hartu behar ebela, hau da, Estadu Batuek eta Israelek eskainitakoa onartu behar ebala. Argi dago Arafatek uste baino hobeto ezagutzen ebala herria.
Kontua da nekez hartu leitekezala konpromisoak jipoitua eta zapaldua zaranean. Konpromisoa baino gehiago, palestinarrek amore emotea gura eben. Gatazkea ez dabe jakin behar bezela kudeatzen sartaldekoek eta horra ondorioa: jarrerarik gogorrena agerten dabenek gehiengo osoa atara dabe.
Horrezaz ganera, Arafat desagertuta dagoan honetan, al Fatah alderdiak ez eukan, hain zuzen lar irudi onik okupautako lurraldeetan. Al Fatahko arduradun askok urteak emon dabez atzerrian eta ez dabe behar beste ezagutzen Palestinako egoerea. Palestinar askok urrun ikusten ebezan euren agintariak. Ustelkeria kasuak be sarri agertu izan dira.
Ikusitakoak ikusita, islamistek euren sarea eregiten ibili dira azken urteotan. Pobreak, behartsuak, alargunak eta umezurtzak laguntzeko prest agertu izan dira okupautako lurraldeetan eta, era horretara, boto partidea lortu dabe.