Euskaldunok munduan  IV. urtea // 147. zenbakia

Obabakoak, Habanako Liburu Azokan


Bizkaie!

Kubako Arte y Literatura argitaletxeak (Yukio Mishima, José Saramago edo Antonio Tabucchi, besteak beste, Kuban argitaratu dituan etxeak) Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren gaztelaniazko itzulpenaren argitalpen barria aurkeztuko dau Habanako Liburu Azokan, zezeilaren 2tik 12a bitartean. Atxagaren libururik ezagunenaren 5.000 ale kaleratuko dabez Karibeko 'kaimanaren ugartean'.

Irakurketa musikatua eta berbaldia

Liburuaren aurkezpenagaz batera, zenbait kultur ekitaldi preparau dabez aste horretarako, Pamiela argitaletxeak koordinauta eta Euskal Idazleen Elkartearen laguntzinoagaz. Bernardo Atxagak berak irakurketa berezi bat egingo dau Ruper Ordorikaren kantuakaz buztarturik.

Beste alde batetik, Joxe Mari Iturraldek Euskal Literaturaz berbaldia eskainiko dau Habanako Unibersidadean. Era berean, Montxo Armendarizen Obaba (http://www.oriafilms.es/Obaba.asp) filma eskainiko dabe eta zenbait alkarrizketa, mahai inguru eta kantaldi antolatzen dabiz La Habanan Obabakoak liburuaren argitalpen kubatarraren harian.

Oraingoz, ondoko egitaraua zehaztu dabe zezeilaren 6rako:

- 9:30etan, Joxe Mari Iturralderen berbaldia ('Lengua vasca y literatura'). La Habanako Unibersidadeko Arte eta Letren fakultadean.

- 14:30etan, Obabakoak liburuaren aurkezpena, La Habanako Liburu Azokan. XV. Feria Internacional del Libro de Cuba 2006. Lekua: Fortaleza San Carlos de la Cabaña (Castillo Morro-Cabaña). Ondoren, Bernardo Atxagaren Irakurketa literarioa, Ruper Ordorikaren kantuakaz, Jose Lezama Lima aretoan.

- 20:30etan, Obaba filmaren proiekzinoa ICAIC (Instituto Cubano del Arte y la Industria Cinematográfica) erakundeak antolatuta, La Rampa zinema aretoan. Ostean, Atxaga eta Armendarizen arteko alkarrizketea izango da.