Euskaldunok munduan  II. urtea // 20. zenbakia - 2003ko zezeilaren 15a

Jokin Zaitegi (1906-1979), munduan zehar be euskerearen alde


Euzko Gogoa aldizkariaren berrargitalpen digitala

Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dau Euzko Gogoaren berrargitarapena. Historian zehar kaleratu ziran 44 zenbakiak ipiniko ditue Interneten osorik. Susa Argitaletxearen egitasmoa dan Literatur Aldizkarien Gordailuan (Ibiñagabeitia Proiektuan) izango dau lekua. Irakurleak testu guztiak eta irudiak faksimilean eskura izango ditu datorren astelehenetik aurrera (zezeilaren 17tik aurrera). Edozelan be, aurrerapen legez, hona hemen zenbaki bi:

http://www.armiarma.com/andima/eugo/eugo23/eugo23.htm

Koldo Isusi Zuazo

Euskerea izan zan Jokin Zaitegiren bizitzearen ardatza. Arrasaten jaio zan 1906ko garagarrilaren 26an eta 14 urtegaz Jesusen Lagundian sartu zan; olerkigintzeagaitik baino ezagunagoa izan da itzultzaile legez egin eban beharragaitik; euskerearen alde egiteko asmoagaz, latin eta grekerazko idazle klasikoen lanak euskereatzeari ekin eutson. Jokin Zaitegik Sofokles aukeratu eta bi liburu atara zituan: 'Sopokelen antzerkiak I eta II'. Beste alde batetik, Zaitegi jn.aren obra poetikoan honakoak azpimarratu behar dira: 'Goldaketan. Atzerri, Euskalerri'. Pizkunde euskal argitaratzailea. Mexiko DF, 1946 eta 'Berriz ere goldaketan'. Guatemala, 1962. Loiolan ikaskide izan zituan, besteak beste, bere lagun handiena, Andima Ibiñagabeitia elantxobearra eta Esteban Urkiaga 'Lauaxeta' laukiztarra.

Munduan zehar

Loiolatik Oñako (Burgos) santutegira joan zan 1926an eta handik Venezuelara bialdu eben 1929an. Hortik aurrera, urte asko Euskal Herritik urrun egon arren, euskerea ez eban bazterrean itxi. Venezuelan irakaskuntzan buru belarri eta olerkien magiagaz maiteminduta ibili zan. Handik Belgikara joan zan Teologiako ikasketak egitera eta 1934an Eusko Olerti Eguneko lehen saria irabazi eban 'Tori nire edontzia' poemeagaz.

1938. urtean barriro bialdu eben Hego Ameriketara, El Salvadorrera hain zuzen be. Ordurako, Zaitegi jn.a hasarre egoan Jesusen Lagundiak euskal kulturearen inguruan eukan jarrereagaz eta 1944an itxi egin eban konpainia. Handik Guatemalara jo eban irakaskuntzan jarraitzeko baina idazteari be ez eutson itxi. 1945ean Henry Wasswoth Longefellowren 'Ebangeline' nobelea itzuli eban eta urtebete geroago, 'Goldaketan' poema liburua argitaratu eban.

Eusko Gogoa aldizkaria, gerra osteko lehen euskerazko argitalpena Guatemalan sortu eban Jokin Zaitegik. 'Aspertuta nengoan erderazko aldizkariak irakurteaz. Hasi nintzan deiadarka handik eta idazle askok erantzun eben, gitxi gorabehera 120k, mundu guztiko euskaldunak' adierazo eban Zaitegik 1976ko alkarrizketa batean. Orixe, Jon Mirande, Ibiñagabeitia, Sebero Altube, Telesforo Monzon, Federico Krutwig, Jose Antonio Agirre eta beste askok idatzi eben Euzko Gogoan. Beharrezko diru apurragaz argitaratzen eban Zaitegik aldizkaria.

'Gogoko lanean aldatzik ez' maite eban esaera zaharrari kasu eginaz, 1951. urtean beste proiektu handi bati ekin eutson: Lizeo Landibar ikastetxea sortu eban Guatemalan Orixe eta Ibiñagabeitiaren laguntzinoagaz. Lau urte iraun eban ikastetxeak. Ondoren, Euskal Herrira bueltetea erabagi eban Zaitegik. Miarritzen kokatu zan eta bertatik ataraten eban Euzko Gogoa 1960ra arte.