Euskaldunok munduan  IV. urtea // 147. zenbakia

Rubila Andrea Araiarentzat 2005eko Andres Irujo saria


Iratxe Ormatza

Eusko Jaurlaritzeak Andres Irujo saria sortu eban, 'euskaldunok kanpoan dogun presentziagaz zerikusia daben sortze edo ikerketa lanak saritzeko'. Aurten Rubila Andrea Araia Ariztia kazetariari emon deutsie idatzi eta argitaratu dauen lanagatik.

'Arrojos, dichas y nostalgias, Vascos en el Valparaiso del siglo XX' da Araiaren liburuaren izenburua. Bertan Txilera joandako euskaldunen bizimodu, bizipen eta ibilbideak jasota dagoz. Txileko Valaparaiso eta Quinta Region eskualdeko euskaldunen barri emon dau Araiak. Beraren esanetan, 'liburua neurri handi batean intuizinoa eta sentimentua da, teknikoa eta arrazionalizazino handikoa baino'. Lana ez da horrenbeste Valparaisoko euskaldunen historiaren ganekoa, Araiak gurago izan dau Valparaisora joandako euskaldunen istorioak kontau. Izan be, 'istorio bakotxak berezko ñabardurak eta berezitasunak daukaz, eta horrek bakarra eta bakana egiten dabe, eta hori da, nire ustez, testuaren esentzia'.

Liburuaren izenburuaren berben azpian beste batzuk bizi dira. Arrojos erabili dau Araiak: gerrea mingarria izan jaken arren, aurrera egin eta indar eta esfortzu handiagaz ogibidea egin ebelako erbestean. Dichas esan dau: bizimodu zoriontsua izan dabelako eta harro dagozalako, asago bada be, aurrera egin dabelako. Eta, azkenik, nostalgias esan dau: Txile bigarren herria bada be, han geratzeko aukerea egin badabe be, herrimina izan dabelako, eta horrexegatik beragatik Eusko Etxea sortu eben Valparaison.

Aspalditik, bertako euskaldunen bizipenei buruzko lana beharrezkoa ikusten eban Eusko Etxeak. Araia izan da hori aurrera eroan dauena. Eusko Etxeak franko lagundu deutso beraren beharrean: kide zaharren ganeko informazinoa, ahoz aho ebilzan istorioak, bibliografia, argazkiak…

Liburuak danetarik jasoten dau: ume denporakoak, gerrak ekarri ebazan minak eta zoritxarrak, itxosoan egindako bidaiak, aurrera egin ezinak eta aurrera egindakoak, gaztetako maitasunak, jaiak, ospakizunak… Personen istorioak, bizimodu hobearen bila urrun joan arren, Euskal Herriari lotuta bizi ziranak. Hamaikatxu istorio, hamaika bihotz.