Euskaldunok munduan  IV. urtea // 147. zenbakia

Jeanette Esponda Maxwell hil da: AEBetan 43 urtez irratsaio bat zuzendu eban euskeraz


Iratxe Ormatza

Jeanette Esponda Maxwell urtarrilaren 23an hil zan, gaixotasun luze baten ostean. 'The Buffalo euskaldun ordua' izena emon eutson irratsaioari, 1950eko hamarkadan egiten hasi zanean. Irratia bere senarrak eta berak erosi eben, eta handik gitxira saioari heldu eutson. Domekero izaten eben hitzordua Espondak eta beragaz batera jardun izan eben zortzi kolaboratzailek.

Buffalo herria Wyoming estaduan dago, AEBetan. Hango euskaldunei zuzentzen eutsen irratsaioa Jeanette Espondak: albisteak, musikea eta euskaldunen arteko mezuak zabaltzen ebazan. Era berean, eta irratsaioa euskeraz eginda, Euskal Herriko ohiturak, kulturea eta hizkuntzea bera aberasten lagundu eban Espondak. Irratasioari eusteko Buffaloko euskaldunen laguntzea garrantzitsua izan zan. Esponda buru zala, hango euskerea eta euskal kulturea landu eta zabaldu zan, irratsaioaren bidez. Bigarren belaunaldiko euskalduna zan, Jon Esponda aita Baigorrikoa eta Dominica Etxamendi ama Arnegikoa ebazan. Halanda ze, euskerea zan haren ama hizkuntzea.

Irratsaioak berrogei urte bete ebazanean, Jeanette Espondak eta kolaboratzaileek omenaldia jaso eben. AEBetako NABO alkarteak eta Euskal Herriko instituzinoek eta erakundeek agur beroa egin eutsien. Esan baharra dago, ganera, ez dala egon horren luze iraun dauen beste euskerazko irratsaiorik.