Arima bako hizkuntzea?
Bidean oztopo piloagaz egingo dogu topo. Erreparo barik, hizkuntzeak eta kultureak inposatzen ohituta dagozanak artegatu egingo dira beharbada, baina, hizkuntza guzti-guztiek eta eurekaz doazen kulturek irauteko eta osasuntsu biziteko eskubide berberak daukiezala uste dogunok bazterkeriazko jarrerei eskapan ibiliko gara… eta desafioari tamainako erantzuna emongo deutsagu. Hala beitez!
Erramun Osa
Hizkuntzak, eurak guztiak, ez dira ideia, nahi eta esperientziak personen artean trukatzeko bitarteko soila. Horrezaz ganera, hizkuntzak, beste osogai batzuen ondoan, eurei loturiko kulturen erakusle edo adierazpen sinboliko dira (azken baten, komunidade etnokulturalarenak), kultura horreen zati dira eta eurei, neurri handi edo txiki baten, komunikazinorako oinarria emoten deutse. Gauzak holan, ez dago euskerarik kultur edukin barik, halan da ze, euskerearen indarbarritzeaz ari garala, gure kulturearen indarbarritzeaz, belaunaldi batetik bestera transmitiduteaz be aritu beharko geunke derrigorrean.
Euskerea indarbarritzeko ahalegin horretan euskerearen aldeko ez dan errealidade demolinguistikoari iges egin guran, hezkuntza arautuan eta helduen euskalduntzean, albait hiztun gehien eperik laburrenean lortzeko pausuak egin doguz. Baina, maila bereko ahalegina egin ete dogu euskereagaz lotutako kultur erreferentziak-eta lantzeko, transmitiduteko? Ezetz esango neuke nik.
Hezkuntza gaietan eskuduntza oso zabalak daukaz Eusko Jaurlaritzeak, halan da be, Estaduaren eskuduntzak urritu arren, esku hartzeko joerea ez da hagatik murriztu. Inguruabar horretan, besteak beste, curriculumaren % 55 finkatzeko ahalmena dauka Madrilek, eta ganerakoa Eusko Jaurlaritzearen esku dago. Halan, % 55 hori garatzeko orduan ezarritako edukinen lanketak-eta denporearen % 55 baino askozaz gehiago eskatzen dau, hemengo curriculumari tarte oso laburra, bazterrekoa eskainiz, bide batez.
Hezkuntza eragile gitxiren aldarria entzun dogu holako jazoeren aurrean, eta horrek herri baten ari garan hezkuntza eragile lez lehentasunak non doguzan oso agerian ixten dau. Baina aitatutakoaz batera, badago egon beste kontu bat. Izan be, Eusko Jaurlaritzeak jagokon ehunekoa zehazteko eta horretan pausuak emoteko erakutsi dauen jarrerea oso nasaia izan da. Zertako nahi doguz eskuduntzak, gero, jagokun mailan erabilteko lan eragingarririk burutzen ez badogu? Gai honi jagokonez, bada, jarraibide bi jorratu beharko geunkez, nik uste; batetik, Administrazino zentralak esku hartzeko daukan gehiegizko joera horri langak jarri beharko geunskioz; bestetik, geuri jagokun neurrian, curriculumaren euskal dimensinoa zehazteko eta ofizial bihurtzeko pausu bizkorrak emon beharko geunkez.
Prozesu horretan, hezkuntza eragileakaz kontetea eta eurek arduratsu jokatzea be erabagigarria izango da, prozesu hori gauzatu ezinean ito egingo da, osterantzean. Baina, eginkizun dogun horretaz aparte, herri lez bizirauteko eta etorkizunari begira indarbarritzeko, Euskal Herria gure jarduerearen eremutzat daukagunok, Administrazino eta bestelako zatiketetatik haruntzago, zer euki geinkean bardin, eta holan, edonon zer bideratu geinkean zehaztea be erabagigarria izango da.
Gailurrera heltzeko, gure jarrereak edegia izan beharko dau, derrigorrean, zertako eta, Curriculum diseinua eregiteko, berreskurapen eta integrazino kulturalaren ereduen arteko buztarria eginez, euskal kulturea ardatz hartuz, horren inguruan hartu-emon kulturalak, curriculum ofizialak, Europako kultura eta kultura unibersala buztartuz, immigranteen arteko hartu-emon kulturak buztartzen dauzen curriculum integratzailea, azken baten, gauzatuz.