Jan-edanak  IV. urtea // 147. zenbakia

Neguko barazkiak


Hotzeriaren kontra, neguko barazkiak

Azelgak eta espinakak, orburuak, kuiak, buru-azea edo orri-azea, azalorea edo Brusela azak, txanpinoiak, idar eta babak, porruak, gardua, erremolatxea, errefauak, letxuak (haritz-hostoa, erromatarra, lollo rosa, batabia, etab), berroak… neguko barazkiak dira.

Hilabete honeetan oso jente gutxi ibiliko da arnasketa-gatxetatik urrun, neguan askok atrapetan dabez bronkitisak eta katarroak. Arnas aparatuak askotan eta, batzutan, gura barik izaten dituan gaixotasunen sintomarik ohikoena eta arruntena eztula da. Gatx horren kontra egiteko, sasoiko landareak eskura ditugula aprobetxau behar dogu:

-Barazki aliazeoek (kipulea, berakatza, porrua, etab), berbarako, ezaugarri mukolitiko eta antiseptikoak daukiez: mokoak biguntzen badogu, errazago kanporatzen doguz eta, ganera, gaixotasuna larritu daben germenen (bakteriak edo birusak) kontra dabiz burrukan. Edozein barazki aliazeori darion esentzia arnasteak mokoak kanporatu ezik, eztula bera ere eztitzen lagundu leike .

-Borrajek, barriz, arnas bideetako mukosak leuntzen dabez. Barazki hau be negukoa da eta eragin leungarria dauka. Bere saldea irakinda hartzea arnasketako gatxen kontrako konponbide onuragarria da.

-Gure organismoak A-bitaminea behar dau larruazala eta mukosak (bronkioen barrualdea tapetan dabenak, besteak beste) ondo mantentzeko eta arnasketeari jagokozan gatxen arriskua arintzeko. Azenarioa eta kolore hori-laranja-gorri koloreak daukiezan barazkiak dira betakaroteno gehien daukiezan elikagaiak. Betakaroteno izeneko antioxidatzailea, azkenean, hesteetan A-bitamina bihurtzen da, organismoak horren beharra igarri ahala.

-Sasoiko orridun barazkiek (azelgea, espinakea, endibia, letxugea, arbi-orria, C-bitaminan, E-bitaminan eta azido folikoan aberatsak badira be, betakaroteno ugari daukie, baita zuntza be.

Ganerako barazkiek legez, kanpoko orriak dira bitamina gehien daukiezanak. Beroak betakaroteno edo A probitamina desagertarazoten ez dabenez, elikagaiak egostearen ondorioz substantzia hau ez da murrizten. Ezin ahaztu C-bitaminea beroagaz desagertu egiten dala, hau da, barazkiak balioa galtzen dau egosi ostean. Neguan barazkiak egosita jaten doguzanez, C-bitaminea frutatik atara behar dogu.

Barazki nahiko kontsumidu ezkero, bronkioetako mukosearen egoera hobetu eta eztula bigunduko dogu.

Amaia Laforga,
Dietetika eta Gizaki Elikaduran diplomaduna

Negua hurreratzen dagoanean, armairuko erropak aldatzen doguzan neurri berean tenperaturarik bajuenetara eta eguzkirik ez ikustera egokitu behar dogu gure gorputza be. Garai honetan, tenperatureak behera egiten dauenez, berotasuna mantendu ahal izateko kaloria gehiagoren beharra dauka gure organismoak.

Udako egun luze eguzkitsuetan baliogarriak diran elikagaiek ez dabe balio daborduko; Natureak (beti burutsu, beti jakintsu) negutean izaten diran katarro eta hotzeriei aurre egiten lagunduko deuskuen sasoiko elikagai osasuntsuak eskaintzen deuskuz. Udan izozki ahogozagarriek freskatzen gaituen legez, neguan zopeak berotuko gaitu. Energia erreserbak pilatzen hasteko balioko daben sasoiko elikagai kalorikoak doguz eskura, lekaleak eta patatak berbarako.

Neguko elikagaiak

Sasoiko elementuak hiru ikuspuntu honeekaitik hartu behar dira: nutrizinoa, ekonomia eta ekologia. Elikagai batek daukazan nutriente kopurua (bitamina eta mineralak, besteak beste), hazi dan lurren oparotasunaren eta produktuak eduki dauen manipulazinoaren araberakoa izango da, bestelako faktoreak gorabehera. Klimaren aldetik, barazkiek egutegia daukie: udaberriako eta udako barazki eta fruta gehienen ezaugarri orokorrena da fruta jangarria izatea: kuia, kalabazina, piperra, tomatea, meloia, sandia, pepinoa... Udazkenean eta udan hazten diran barazkietako zati jangarriak, barriz, hostoak, erreboilak edo sustraiak dira: zerbea, ziazerbea, porrua, azea, azalorea, berakatza, kipulea…

Sasoiko elikagaia da gehien-gehienetan kontsumitzailearentzat egokiena: merkeagoa da eta haren ezaugarri organoleptikoak (gustua, usaina..) be hobeak dira. Horrezaz ganera, sasoiko produktuak kontsumiduten badoguz, produzino-ziklo naturala errespetetan lagunduko dogu, ingurugiroan ondorio onuragarriak eraginez, jakina dan legez.