'Kimuak 2005' bildumako bi film labur Clermont-Ferrand-eko zinema jaialdi ospetsuan
Bizkaie!
Eusko Jaurlaritzearen Kultura Saileko 'Kimuak 2005' bildumako bi film laburrek Clermont-Ferrand-eko zinema jaialdian (urtarrilaren 27tik zezeilaren 4ra arte) parte hartuko dabe, hau da, munduko ospetsuenean genero honi jagokonez.
Kultura saileko iturrien arabera, Estadu mailan ordezkari bakarrak izango dira eta bi laburmetraiak Nacho Vigalondok zuzendu eta Basque Films-ek produzidutako 'Choque' eta Borja Cobeagak zuzendu eta Altube Filmeak produzidutako 'Ëramos Pocos' dira.
Bi lan honeen atzean, gainera, Arsénico Producciones da produktore gehitu modura, Borja Cobeaga, Borja Crespo, Nahikari Ipiña, Koldo Serra eta Nacho Vigalondok osotua. Vigalondo bigarren aldiz izango da Clermont-Ferrand-en, igaz '7:35 de la mañana'-gaz Gazteriaren Saria lortu ondoren.
Bi film laburrak Clermont-Ferrand-eko Cocteau aretoan proiektauko dira zezeilaren 1ean, aretorik handienean 1.400 jesarlekugaz. Egun berean, KIMUAK-en merkatuko emonaldia egingo da goizeko 11:00etan.
Europa mailan prestigio handia dauen Rotterdam-go Nazinoarteko Zinemaldian (urtarrilaren 25etik zezeilaren 5era), 'Kimuak 2005'-eko beste lan batek esku hartuko dau: 'La guerra', Luiso Berdejo donostiarrak eta Jorge C. Dorado madrildarrak zuzendurik, Koldo Zuazua (Common Films) produktore lanetan.
Atlantikoaren beste aldean be 'Kimuak' bildumako beste labur batek ere, 'El gran zambini-k parte hartuko dau, non eta Victoriano Zinema Independienteko jaialdian, Kanadan (urtarrilaren 27tik zezeilaren 5era). Martian, barriz, 'Los ojos de alicia'-k Bruselako Fantasiazko Zinemaldian parte hartuko dau (15etik 25era), eta bildumako zazpi laburrak lehian arituko dira hilaren 13tik 18ra International Film Festival Illes Balears izenekoan Mallorkako Palma urian.
Orain arte, 'Kimuak 2005'-eko laburrak 60 zinemaldi baino gehiagotan erakutsiak izan dira ('Choque 22tan eta 'Éramos Pocos' 33tan), estadu nahiz nazinoarte mailan, 61 sari eta aitamen irabazi dabez.
Euskadin produzidutako film laburrentzat gure herrian zabalpenerako bideak eskaintzea, eta horregaz batera, munduan zehar bideak zabaltzea, landare bati ataraten jakozan adar barrien kemenez; horixe da Eusko Jaurlaritzearen Kultura Saileko ekimen honen helburua.