Irakeko gerrea eta urre baltzaren balioa
Hau guztia irakurrita, oso erraz aitu daitekez gerra honen benetako arrazoiak; milaka miloe dolar jokoan dagoz eta AEBk zein Britainia Handiak argi eta garbi dabe euren multinazionalen interes ekonomikoen alde egingo dabena, besteak beste Espainiako PPko gobernua lako konparsakaz batera. Hori bai, guztia askatasunaren eta demokraziaren izenean, baina herritarron eretxia kontuan hartu barik. Bien bitartean, Frantzia, Errusia eta Alemania enbarazu egiten ahaleginduko dira, une honetan Irakeko petrolio merkatuan daben nagusitasuna babestu edo, besterik ezean, pastela bananduteko akordio onuragarri bat lortzearren. Ahaleginak ahalegin, hemendik lasterrera gerrea izango dogu, kalkulu baikorren arabera bostehun mila irakiarren odola isuriko dauen gerrea. Baina, jakina, boteretsuen ustetan, hildako errubakoen kopurua anekdota txiki bat besterik ez da miloe askoko etekinen aldean. GERRARIK EZ.
Joseba Terreros
Zehaztu bako makina bat argudio ilun emon deuskue Irakeko gerrearen aldeko guzur biribila aurrera atarateko. Bush eta beraren menpeko lagun interesatuak herri baten kontrako sarraskia arrazoiez janzten ahalegindu dira, baina ez dabe inor be engainetan. Munduko herritarrik gehienak temati agertu eta inperioari ezetz esaten ausartu badira be, gerrea errealidade bihurtuko da hemendik lasterrera.
Gerreari ekiteko arrazoiak
Iraki eraso egiteko emondako arrazoietariko bakar batek be ez dauka ez hankarik ez bururik. Irakek, antza danez, nazinoarteko legezkotasuna gitxiesten dau, baina, oso oker ez bagagoz, prest dago AEBko hegazkin zelatariak eta atzerriko ikuskatzaileak Sadamen ohe azpian be onartzeko. Dakigunez, bi izan dira Irakek egindako gerrak, Iranen kontrakoa AEBen laguntzaz. Erasoetan nazinoarteak galazotako gasak erabili zituala esan deuskue, baina AEBk Vietnamen botatakoak askozaz be kaltegarriak izan ziran eta ez zan ezer pasau. Kurduak be inbadidu ditu eta erasoaren aliatuetariko batek, Turkiak, mendeetan zehar zapaldu arren estadu demokratikotzat hartzen da. Sadam diktadore eta tirano hutsa da eta hori guztiz tragikoa izan da Irakeko herriarentzako; are tragikoagoa Golkoko Gerratik aurrera ezarritako blokeoa eta jatorkun gerra honek eragingo dauen hildako kopuru ikaragarria. Horrezaz ganera, arma atomikoak egiteko baliabideak dituela jakinarazo deuskue; nazinoarteko adituak, ostera, ez datoz bat adierazpen horregaz, baina guztiek baieztauko dabe, Sartaldeko munduaz aparte, arma horreek Txina, Pakistan, India eta Israelen eskutan be badagozala eta gitxi barru Ipar Koreak be izango dituala. Azken arrazoi merkea da Sadamek ez dauela egiarik esaten desarmearen inguruan eta suntsipen handiko armak gordeta dituala; edozelan be, AEBk erakutsitako lau argazki gorabehera, ez dago ezelako frogarik, baina jakin badakigu inperio yankeeak frogak faltsututeko gaitasuna dauena, Tonkin-go golkoan ondo baino hobeto egin eban legez. Aitamen eta argudio mordoa dago, baina erasoa justifiketako froga argirik bapez. Hori bai, guztiok argi eta garbi dogu Iraken munduko petrolio erreserbarik handienetarikoak dagozana eta AEBk bostehun mila lagun baino gehiago hilteko prest dagozana multinazionalen mesederako.
Petrolioaren garrantzia
Iraken kontrako erasoaren lehenengo ondorioa petrolioaren prezioaren gorakadea izango litzateke. Kupel bakotxeko 35etik 50 eurora bitartekoa izan daitekela igoerea espero da; ondorioz, munduko ekonomiak presino handia jasango leuke. Gerrea laburra balitz, Ipar Ameriketako estrategek kalkulau daben legez, petrolioaren merkatua berehala egonkortu eta handik aurrera askoz be seguru, egonkor eta merkeagoa izango litzateke.
Aditu guztiek dakie petrolioak zelako garrantzia dauen munduko inportatzailerik handienarentzako, AEBentzako, hatan be. Irakek munduko bigarren erreserbarik handienak ditu. Ganera, Irakeko petrolioa nahiko kalidade onekoa da eta berori lurpetik atarateko kostua merkeenetariko bat da. Petrolioaren etorkizuneko merkatua aztertukeran, Irak ezinbesteko erreferentzia izaten da beti.
Londresko Petrolio Institutuaren analistek uste dabe gerrearen ostean nazinoarteko petrolio enpresek urtebete baino gitxiago behar izango dabela Irakeko gaur egungo produkzinoa bikoizteko. Hemendik urte bira, gaur egungo ustiapen eta prospekzino teknologiak erabilita, Irak munduko bigarren produktorea izango litzateke eta egunean sei miloe kupel merkaturatzeko moduan egongo litzateke, beti be Saudi Arabiaren antzean.
AEBk petrolio asko produziduten dau, egunero ia sei miloe kupel, baina bertako ekonomiak kopuru horren hirukoitza behar dau. 2001ean, AEBk batez beste 11,6 miloe kupel inportau zituan eta petrolio horren % 20 baino gehiago Saudi Arabiatik etorren. Menpetasun hori nahikoa izan zan Bush presidente ohiak (oraingoaren aita) Kuwait eta Saudi Arabiaren alde jarduteko, Irakek 1991n indarrez hartu zituanean.
Petrolioaren multinazionalak
AEBetako eta Britainia Handiko petrolio multinazionalek uste dabe Irak indarrez hartzeko gerrea bide bakarra dala arlo ekonomiko honetan daben nagusitasuna ez galtzeko; izan be, euren lehiakide frantses, errusiar eta txinatarrek produkzino kontratu garrantzitsuak sinatu ditue Ekialde Hurbileko eremu honetan.
Nazino Batuetako Institutu batek, Politika Globalari buruzko Foruak egindako txostenak halantxe egiaztatzen dau. Agiri horretan industria honetako enpresa erraldoien ardurea azpimarratzen da. Izan be, AEBko 'ExxonMobil' eta 'ChevronTexaco', Britainia Handiko 'BP' eta Holandako 'Royal Dutch Shell' enpresek munduko merkatu honen nagusitasuna galtzeko arriskua ikusten dabe, une honetan Iraken esplotazino kontraturik ez dabelako.
Txostenak ondoko hau dino berbarik berba: 'AEBko eta Britainia Handiko konpainiak artega dabilz, baina, era berean, oso gogotsu, esku-hartze militarra euren lehiakideei lekua kentzeko baliabide bakartzat joten dabelako; modu horretara, Irakeko petrolio merkatu baliotsuan nagusitasuna berreskuratuko dabe'.
Agiriak dinoanari jarraituz, merkatu honetarako sarbidea lortzen dauen konpainia bakotxak 29.000 miloe dolarreko etekinak eskuratuko leukez urtean (gobernuak eskuratu beharreko % 50 kontuan hartuta), hau da, bost enpresarik garrantzitsuenek lortzen dituen etekin guztien heren bi.
Frantziako 'TotalfinaElf', Errusiako 'Loukoil' eta Txinako 'National Oil Company' enpresek 1997an esplotazino kontratuak sinatu zituen Irakeko agintariakaz, herrialdeko hainbat eremu ustiatzeko, eta orain arte egoera ezin hobeari eutsi deutsie herrialde honetako petrolioa bananduteko pastelean.
NBEren txostenak dinoan legez, 'ExxonMobil', 'BP' eta 'Shell ven' enpresek urduri baina gogotsu ikusten dabe Washingtonek aurrera eroan gura dauen gerrea, erreserben kontrola eskuratzeko bitarteko ezin egokiagoa dalakoan.