Barriketan  IV. urtea // 147. zenbakia

Jose Luis Lizundia: 'Euskaltzaindia kritiketeak ez deutso bape mesederik egiten euskerearen normalizazinoari'

Euskaltzaindiako ‘makinistea’, 69tik bertan beharrean dabilena Bizkaiko Herri Izendegiaren aurkezpen ekitaldian atrapau dogu eta hona hemen beragaz egindako barriketaldia:

1.- Egunotan aurkeztutako Bizkaiko Herri Izendegiak orain arteko anabasa edo mordoiloa zuzenduko ete dau? Sopela/ Sopelana, Bilbo/Bilbao, Deustu/ Deustua zorionekoak finkatu dira behingoz?

Euskaltzaindiak 1979an egin eban Euskal Herriko udalen izendegia beharrizana egoalako. Urte horretan egin ziran lehenengo hauteskunde demokratikoak eta udalek eurek eskatu eben izen euskaldunak ofizialtzea. Ganera, 82ko Euskerearen Legeak Euskaltzaindiari erespena emoteko ahalmena aintzatetsi eutson. Hori izan zan lehenengo ekinaldia baina ordutik gorabehera asko izan dira, udalerri barriak, desanexinoak eta enparauak. Orain, barriz, berrazterketea egin eta arau mailea emon dogu baina egia da izenik gehienetan ez dala aldaketarik izan. Edozelan be, 16 udalerri barri agertzen dira eta 1979ko lanean agiri ziran euskerazko izen biko udalen kasuetan, bakarra aukeratu da, berbarako Sukarrieta/Saminola, Areatza/Bilaro, Plentzia/Gaminiz, Sopuerta/Garape, Ugao/Miraballes zein Lanestosa/Isasti horreetan lehenengo zatia hartu da euskal izen arautu lez.

Aitatzen dozuzan adibideon harian, Euskaltzaindiak beti esan dau Sopela dala euskal izena, Arratian, Lemoa eta Uribe Kostan bertan Lemoiz eta Gipuzkoan Lazkao edo Zestoa diran lez; Euskal Herri osoan bokalarteko -n- galdu egiten da. Sopelana euskal toponimoa da baina arkaikoa, zaharkitua. Udalak, barriz, ez dau izena aldatu gura izan, ze izena aldatzea udalbatzari jagoko.

Beste alde batetik, Bilbao be euskal toponimo arkaikoa izan arren, Bilbo da Euskaltzaindiaren aukera; XX. mendearen hasieran Azkuek egindako lanean zehazten da Bilbo erabilten dabela euskal uriburu honegaz hartu-emonak daukiezan guztiek. Beste gauza bat da kanpotarrek zelan erabilten daben. Mungian be entzun dot nik euskeraz berbetan San Sebastian Donostia esan beharrean, jenteak ez dauelako jakin, hizkuntza ez dalako ofiziala izan.

2.- Kasu batzuetan euskal izena eta izen ofiziala desbardinak dira. Horretan Euskaltzaindiak ez dauka aginpiderik?

Ez. Guri ez jagokun kontua da. Gurea aginduzko erespena da baina ez loteslea. Euskaltzaindiak ez dau legerik egiten, legeak parlamentuan egiten dira eta Foru Arauak Gernikako batzarretan. Galiziako legerian, barriz, hango akademiaren erespena loteslea da eta, halan da be, erresistentzia politiko administratiboa dago A coruñako alkatearen partetik, izan be La Coruñaren alde egiten dau sutsu.

3.- Onomastika Batzordea zertan oinarritzen da izenak finkatzeko? Zergaitik Urduña eta ez Orduña? Zergaitik Zornotza? Non geratzen da Etxano? Ugao ala Ugao/Miraballes?

Lekukotasuna eta ikerketea dira ardatzak. Urduñaren kasuan, Carta Puebla eta agiri zaharretan, Urdunia agertzen da beti bai erderaz eta baita latinez be. Gaztelaniaz, barriz, u-tik o-ra pasau da. Urduñak hasieran dauka baina amaierako -u- bokalaren kontrako gaztelaniaren erresistentzia azaldu eban Mitxelenak. Berbarako, Lope Garcia de Salazarrek, XV. mendean ‘Bienandanzas e fortunas’ horretan Basurtu dakar eta horri eutsi deutsagu euskaldunok. Hor dagoz, Gorozikako Esturu, Mutriku eta bestelakoak be. Bitxikeria lez, gaur egun herrian bertan Ondarru erabili arren, agiri guztietan Ondarroa agiri da eta Udalak horren alde egin dau.

Zornotza eta Etxanoren harian, arazo geografiko-historikoa dago ze Amorebieta, Etxano eta bai Zornotza, hirurak diralako euskal toponimoak. Edozelan be, euskaldunek beti erabili dabe Zornotza eta hori da izen euskalduna.

Bestetik, Munitibarren kasua be berezia da. Udalerri osoa hartzen dauen izena Munitibar da baina izen historikoak agertzea beharrezkoa danean, Arbatzegi-Gerrikaitz jarri daiteke edo gaur egungo izenaren atzean jarrita.

4.- Bizi osoa daroazu Euskaltzaindian eta erakundeko ‘makinista’ be izentau zaitue. Barrutik zelan bizi izan dozu euskal hizkuntzaz arduratzen dan erakundearen ibilbidea? Euskaltzaindia erakunde arkaikoa dala dinoenei zer esango zeunskie?

Bai, 69tik egun erdiz eta 72tik egun osoz nabil Euskaltzaindian. Ibilbidean gorabehera asko egon dira; berbarako, Euskera Batuaren eregite prozesuan izandako arazoak, batuako aditzak, Bizkaiko aditz jazoa edo batua; 60 eta 70. hamarkadetan hizkuntzearen estandarizazino eta normalizazinoaren fase bi izan ziran. 1978an, barriz, Euskaltzaindiaren VIII. Biltzarra egin zan Bergaran eta nik uste dot Euskera Batuaren estrategia finkatu zala. Hortik aurrera, Orotariko Euskal Hiztegia, Atlasa eta Euskaltzaindiako Batzorde Iraunkor guztiak finkatzea nabarmenduko neukez.

Bigarren itaunari erantzunez, pentsetan dot ezin dala Euskaltzaindia epaitu, Espainiako Erret Akademiaren parametroakaz, izan be, 300 urte daroaz beharrean eta, beraz, arkaikoak garala dinoenei aldameneko akademien jarduna aztertzeko eskatuko neuskie. Berbarako, Galiziako akademiari ‘cementerio dos vivos’ kritikea egin eutsien sasoi batean baina nik uste dot ikaragarrizko indarra hartu dauela orain. Gizarte ikonoklastagoan bizi garanetik, uste dot holako kritikek, batzuk onargarriak izan arren, hizkuntzearen normalizazinoari ez deutsela bape mesederik egiten. Ganera, Galizia zein Kataluiniako akademiak geure dinamismoagaz harrituta geratu dirala be esango deutsut, izan be, beharrizanek eraginda euskal gizarteak, euskalduntzeak eta kulturgintza prozesuek ikaragarrizko dinamikea dauke eta, beraz, geure akademia arkaikoa dala esatea zentzunik bakoa da. Beste gauza bat da edozein ikerketa egiteko denporea behar dala erabagiak eta arauak zentzunez plazaratzeko.


5.- Politikan be ibilia zara Euskadiko Ezkerrako parlamentari lez baina gehienbat euskerea, toponimia, geografia eta historia ikertu eta landu dozuz herria, lurra eta hizkuntza lotuz. Nafarra zara jaiotzez baina bizkaitarra bizibidez eta, esangura horretan, mendebaldeko euskalkia merezi dauen lekuan dagoala pentsetan dozu?

Bai. Bizkaieratik batura jo behar da baina mendebaldeko euskereak oraindino ekarpen handiagoa egin beharko leuskiola euskera amankomunari pentsetan dot ze euskera batu hori ez da herrialdearen erdiguneko euskerea; ekialdeko euskereari be kasu gutxi egiten jako eta hori be salatzekoa da.

Edozelan be, bizkaiera arautu eta jazo bat egotea nahitaezkoa dala esango neuke.

6.- Euskalkia ahozkorako eta batua idatzirako?

Zorrotzegi jokatzea ez da komeni. Erregistro desbardinak dagoz eta egoerak eta erabilera eremuak bereizten jakin behar da. Euskalkia noiz, non eta zertarako erabili zehaztea da giltza. Ni neu 69tik nago Euskaltzaindian eta lankideakaz bizkaieraz eta hika egiten dot eta idatziz be bizkaieraz idazten dot Anboto aldizkariaren hilebeteroko kolaborazinoan.

7.- Nori jagoko euskalkiak arautu, finkatu eta normalizetea?

Hizkuntzea arautzea eta finkatzea akademiari jagoko baina, jakina, Labayruk eta beste batzuek proposamen onak eta zehatzak egiten badabez, uste dot Euskaltzaindiak beretzat hartuko dauzela. Holako gauzetan guk ez dogu monopoliorik gura eta, esangura horretan, Labayru eta Euskaltzaindiaren artean hitzarmena egiteko asmoa daukagu; ganera, beste batzuen ekarpenak eta eretxiak jasoteko be prest gagoz. Dana dala, nik uste dot tradizino literarioa ezagutu ezkero, erregistroak aspalditik badagozala finkatuta

8.- Arrate irratian, egunkari eta aldizkari askotan ibili zara beharrean eta Euskal Herriko RTVEko aholku batzordean eta EITBko Administrazino Kontseiluan be parte hartu izan dozu. Eusko Jaurlaritzeak laster onartuko dauen tokiko telebista digitalari buruzko dekretuan, euskereak ze leku beharko leuke? Deskonekxinoetan kuotak ezarri beharko litzatekezala pentsetan dozu?

Ez naz gai sentiduten tokiko telebista digitalaren kontua epaitzeko eta ganorazko erantzuna emoteko baina gauza batzuk esango deutsudaz. Eusko Jaurlaritzeak eta EITBk tokiko telebistak babesteko betebeharra dauka, izan be, ezin dogu talde pribatu indartsuen pentzutan itxi gaia.

Beste alde batetik, banaketarako egindako eskualde-mapeagaz ez nator bat. Araban, berbarako Zuiako Koadrila, Gorbeia barrenean, eremurik euskaldunena dana (Aramaio, Legutio eta Zigoitia) ezin da sartu Gasteizeko makrozefalian ze gaztelaniak iruntsi egingo leuke. Bizkaian aurreikusitako sei eskualdeen banaketeari be ez deutsat ez bururik ez hankarik ikusten, ez geografia historikoan zentzutik ezta soziolinguistikearen ikuspegitik be. Gaia berplanteetako beharra ikusten dot eta, akaso, mankomunitateei indar handiagoa emotea izan daiteke bidea; Dimak edo Zamudiok ez baina mankomunidade bakotxak bere tokiko telebistea euki leike.

9.- Xabier Kintana, Ana Toledo eta zuk zeuk Bernardo Atxaga proposatu dozue Juan Mari Lekuonaren jesarlekua betetako. Zergaitik? Inoiz ikusiko ete dogu bertsolari bat Euskaltzain oso?

Pentsetan dogu hautagaia gipuzkoarra izatea nahitaezkoa dala Lekuona be gipuzkoarra zalako eta idazlea behar zala. Euskaltzaindian, euskalki bakotxerako gitxienekoa planteetan da eta Mitxelenak berak proposautako klausula batek argi dakar euskalki batek ezin dauela hegemoniarik izan.

Jakina, Atxaga persona egokiena da momentu honetan euskereari, euskal literatureari eta Euskaltzaindiari nazinoarteko proiekzinoa emoteko.

Bestalde, Jon Lopategi hor dago ohorezko euskaltzainen artean eta Andoni Egañak be baditu merezimentuak horretarako. Bertsolariak ez eze, zientzietako, komunikabideetako zein gizarteko ganerako alorretako lagunek be lekua daukie Euskaltzaindian eta, ganera, urgazleen artean, berbarako, danetatik dago. Datu lez, sorrerako Euskaltzaina eta lehen diruzaina, Jose Aguerre ‘La voz de Navarra’-ko zuzendaria izan zan.

10.- Euskaltzaindia 1919an sortu zan eta, beraz, 13 urte barru 100 beteko ditu. Hamarkada horretan zeintzuk izango dira egitekoak?

Euskara-Euskara hiztegia, Euskal Gramatika Orokorra, Euskal Korpus Onomastikoa, inguruko exonimo edo kanpo izenen bildumea nabarmenduko neukez.

Lana ez jaku faltako, hizkuntzearen normalizazinoa luzarorako joango da.

Koldo Isusi Zuazo