Kulturea  IV. urtea // 147. zenbakia

Bilboren egun esanguratsuenak


Bizkaie!

'Efemérides de Bilbao (La historia de Bilbao en fechas)' liburua argitaratu dau Alberto Lopez Echevarrietak Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailaren eta BBK Fundazinoaren eskutik. Bilbon jazoteko gertakaririk garrantzitsuenak batzen dira 416 orriko liburuan.

Kultura, kirola eta politika mailan izandako gertakariak batzen dira liburuan. Horretarako, egileak egunkarietara eta Euskadiren, Bizkaiaren eta Bilboko historiaren inguruan idatzitako liburuetara jo dau.

Liburuko efemeride gehienak Bilbokoak dira baina Bizkaiko uriburutik kanpo oihartzun handia izan eben gertakariak be batzen dira, berbarako: Hitlerrek eta Francok Hendaian egindako bilerea (1940ko urriaren 23a), Picassoren Guernica Espainiar Gobernuari emon izana (1980ko irailaren 29a), John Lennon Beatle ohiaren hilketea (1980ko abenduaren 8a), Neil Armstrong ilargira heldu zan eguna (1969ko garagarrilaren 20a), Arthur Miller dramaturgoaren Pulitzer Saria (1949ko maiatzaren 2a), Julio Cortazar argentinar idazlearen heriotzea Parisen (1984ko zezeilaren 12a) edo pezetearen desagerpena eta euroaren jaiotzea (2002ko urtarrilaren 1a).

Zineak garrantzi berezia dauka liburuan. Holan, daborduko existidu be egiten ez diran zine-aretoetan izandako estreinaldiak gogoratzen dira; 'El puente sobre el río Kway' filma Kapitol zineman estreinau zan(1958ko abenduaren 8a), 'My fair lady' filmak Olimpia zineman arrakasta itzela izan eban (1965ko abenduaren 7a), Buenos Aires antzokiak 'Con faldas y a lo loco' filmaren emonaldiak legez (1963ko zemendiaren 3a). 'Ciudadano Kane', 'Sissi', 'Siete novias para siete hermanos', 'Sonrisas y lágrimas', 'Psicosis' edo 'Ben-hur' filmen estreinaldiak be aitatzen dira.

Musikeak be lekutxua dauka. Holan, New Orleans Jazz Band taldeagaz Woody Allenek emondako kontzertua gogoan hartzen da (2004ko abenduaren 29a), Van Morrisonenagaz (1992ko garagarrilaren 3a) edota Rolling Stones taldearenagaz batera.

Kulturari lotutako beste data esanguratsuen artean honeek aitatu daitekez: Deustuko Unibersidadea (1886ko zemendiaren 13a) , Guggenheim Museoa (1997ko urriaren 18a), Jose Miguel Barandiaranen heriotzea (1991ko abenduaren 21a), Orixe (1888ko abenduaren 5a) eta Txillardegiren (1929ko zemendiaren 27a) jaiotza egunak, lehenengo Aste Nagusiaren ospakizuna (1978ko abuztuaren 18a), Euskaltzaindiaren onarpena (1976ko zezeilaren 21a) edo Resurrección Maria de Azkuek euskeraren lehenengo katedrea lortu izana (1888ko bagilaren 8a).

Bestalde, ahaztu ezin daitekezan hainbat momentu gogorarazoten dira liburuan: Errege Katolikoek Bilbori Uri Noblearen titulua emon izana (1497ko irailaren 20a), Bizkaiko Zubiaren inaugurazinoa (1893ko garagarrilaren 28a), Bizkaiko Labe Garaiak soziedadearen sorrerea (1882ko abenduaren 5a), Juan Sebastian Elkanoren heriotzea Ozeano Barean (1526ko abuztuaren 4a) edota Artxandako Funikularraren sorrerea (1915 abenduaren 7a).

Bankuen sorrerak, Bilboko kaleei izena emon deutsen personaje historikoen jaiotzak eta heriotzak, komunikabide batzuen sorrerak eta zarratuarazo ebezanekoak, garrantzi handiko urbanizazino proiektuak eta pasarte bereziak be aitatzen dira 'Efemérides de Bilbao (La historia de Bilbao en fechas)' liburuan.