Bidaide  IV. urtea // 147. zenbakia

Kurdistan ilunera bidaia (II)


Testua,
Zigor Aldama

Alkarrizketearen lehenengo zatiaren amaieran, Turkiako Terrorismoaren Kontrako Brigadearen galdeketa aretoan itxi genduan Txema Garcia. Turkiaren errepresinoa salatzeko eskaria eginaz, kurdiar batek emon eutson agiria atzemon eutsien eta giroa nahasten hasita egoan. Poliziari iruzur egitea leporatu eta hortik aurrera golpeak eta ‘armeniar putasemea’ oihuak bata bestearen atzetik etorri ziran.

- Terrorismoaren Kontrako Brigadearen eraikinera heldu aurretik be bildurra sentidu zenduan, ezta?

Bai, batez be, autobusean egindako bidaian parapoliziak segika euki nebazanean. Inor ez egoan lekuan eta jente asko, baita kazetariak be, desagertu izan diran lekuan atara gintuen autobusetik. Gaur egun be oraindino sarritan pentsetan dot gura izan balebe erraz-erraza izango zala gu hirurok garbitzea. Zerrenda luzean, hiru gehiago baino ez ginateke izango.

- Poliziaren eraikineko laugarren pisuan, segurutik bildur handiagoa pasauko zenduan eta, akaso, Kurdistango gatazkan desagertutako milaka lagunak etorriko jatzuzan burura...

Ez. Dana dala, agiria atzemon eustienean, golpeka hasi jatazan espia armeniarra izango nintzalakoan edo. Hor bai bildurtu nintzan ze turkieraz berba egiten eben eta ez neutsen ezer ulertzen. Etsita nengoan, izan be, egoerea deseperetako modukoa zan, leku horretan, abstrakzino metafisikoa ziran Giza Eskubideak. Torturak sufridu ebezan asko pasau ziran gure albotik eta geu be antzeko egoeran gengozan.

- Dana dala, ez ete da gatxagoa kazetari atzerritarra torturau eta hiltea?

Ez eizu pentsau. Polizien ‘jarduna’ amaitu zanean, mediku batek arpegira begiratu barik, agiri bat sinatu eban torturarik ez genduala jaso ziurtatuz. Alboan, poliziak barreka egozan eta eten barik ‘ermeni orüspocucu’ (armeniar putasemea) lako perlak botaten eustiezan. Barriro Terrorismoaren Kontrako Brigadearen bulegoan bueltan, gerrikoa, zapatetako lokarriak eta erlojua kentzeko agindu euskuen. Larritzen hasi ginan.

- Kontuak kontu, kurdiar kazetaria lasai egoan...

Bai. ‘No problem’ esaten eban sarri eta irribarrea ezpanetan erabilen beti nahiz eta galdeketaren ostean, goiko pisuan giltzapetu ziega ilun eta zikinean. Bertatik alboko ziegetan beste preso batzuk zelan torturetan ebezan entzuten genduan. Txilioak, hotza eta zikintasuna. Egunaren argia barriro ikustea zan nire amesa, besteak beste, egun argiz gizonak gauez baino hobeak dirala pentsetan dodalako.

- Bildurra da hori...

Bai, baina zorionez eguna argitzen hasi zanean, egoereak hobera egin eban. Data edo ordu zehatzik barik baina laster libre izango ginala aurreratu euskuen. Bihotzean holako lasaitasun bat sentidu neban. Medikuaren beste ‘azterketa’ bat eta libre itxi gintuen. Jakina gure papel, argazki-film eta ganerako materialik barik. Eraikinetik kalera urteteaz batera, oihu egiteko gogoa neukan baina oraindino bildurra hazurretan sartuta neukan.


- Zer egin zenduen orduan?

Istambulera bueltau ginan. Nahikoa zan. Geure burua ez genduan barriro arriskuan jarri gura. Halan da be, Europa eta Asiako aldeak dituan urian estualdi bat izan genduan, izan be, antzoki batean egindako mitin batera joan ginan eta ekitaldia tiroka amaitu zan. Kontua da ze uritik hanka egin arte, ez ginala lasai ibili; hegazkina aireratu arte ez neban neure burua seguru ikusi.

- Arnasa lasai hartuko zenduan orduan...

Bai, duda barik. Oraindino be, han bizitakoak gogoratzen dodazanean, oilo-ipurdia jarten jat. Ordutik ez naz Turkiara bueltau eta ez dot uste barriro joango nazanik.

- Gauzak asko aldatu dira 1991tik. Euskal Herrian, Egin eta Euskaldunon Egunkaria zarratu eta Gara eta Berria jaio ziran. Iraken, barriz, Saddamen agintaldia amaitu eta kurdoek zeozelan itxaropena berreskuratu dabela emoten dau. Zelan dago egoerea gaur egun?

Saddamek boterea galdu ostean, zapaltzaile eta errepresore handi bat desagertzea sekulako poza izan da kurdiarrentzat. Edozelan be, orain ikusteko dago asmo independentistak zelan gauzatuko diran. Sikeran, azken bi urteotan baliabide propioak garatzen eta apliketan erritmo bizian dabiz. Turkiaren asmo anexionistak gerarazoteko AEBek behar daben estadu baten sorburua da. Dana dala, ez dot uste estadu hori sortuko danik, besteak beste, turkiarrek eta irandarrek iraintzat hartuko leukielako. Ganera, kurdiarrak orain daukienagaz konformetan dirala emoten dau eta, oraingoz, euren aberastasuna aprobetxau gura dabela. Badakie ondo dozena erdi herrialdez osotutako herrialde kurdiarra ezinezkoa dala.

- Zelan ikusten dozu Turkia Europako Batasunera biltzeko aukerea?

Nire eretxiz Europak ez leuke Turkiaren txantajerik onartu behar eta, esangura horretan, zorrotzago eskatu beharko leukio Giza Eskubideen errespetua. Dana dala, hipokresia handia dago ze demokrazia eskatu arren, Turkiako gobernuari armak saltzen jakozalako.

- Euskal Herriagaz ze antzekotasun eta ze desbardintasun ikusten dozu?

Herri biek autodeterminazino eskubidea eskatzen dabe eta biek daukiez hizkuntza, kultura eta folklore propioak. Edozelan be, desbardintasunak asko dira eta konparau ezinezkoak. Kurdistanen askosaz larriagoa da errepresinoa eta eurena gizarte feudala da, geureagaz zerikusi gitxi daukana.