Eretxia  IV. urtea // 146. zenbakia

Sasi guztien ganetik…


Iñaki Atxutegi

Komunikabide eta indar politiko konserbadoreek kontrakoa defendiduten badabe be, barri ona da joan dan Zapatuan Barakaldoko BECen inguruan ekitaldi politikoa egin izana.

Hori bai, ekitaldia ez zan egin hasikeran pentsau izan zan modura. Formatua apur bat aldatuta egin zan ekitaldia, Batasunaren asanbladea ez zan (jentaurrean) egin eta uritar batzuek deituta ekitaldi politikoa egin zan hainbat alderdi eta sindikatuko ordezkarien presentziagaz.

Parentesi artean imini dot jentaurrean berbea. Azken hilabeteetan zehar ehundaka bilera eta prentsaurreko egin izan ditu Batasunak, ilegalizauta egon arren be. Publikoki iragarri izan ditu horreetako asko, ganera. Zapaturarte honeek bilerok ezelako arazo barik egin izan dabez eta seguru nago zapaturako eztabaidatu eta erabagi beharrekoa eginda egoala. Danok dakigu BECen egin beharreko ekitaldiaren helburua, besteak beste, erabagitakoa euren militanteen aurrean ofizialki aurkeztea zala. Ez dabe helburu hau lortu, jakina. Baina hau alde batera lagata, beste gauza batzuk geratu dira bistan.

Espainiako estaduak, alde batetik, ezin dau oraindino Batasunaren presentzia ofiziala onartu. Ahaztu daiguzan legearen trikimailuak. Ikuspuntu politikotik ikusita zentzubakokeria da egun honeetan jazo dana. Herri honen zati bat ordezkatzen dauen indar politikoa satorlekuan sartu gura dabe demokraziaren izenean. Errealidadea ukatu gura izaten dabe tribunaletatik, gustau ala ez Batasuna gure herri eta auzoetan badago eta. Honez ganera, Estaduko botere batzuen jokabideak gogora ekarri deusku orain urte biko ilegalizazinoa. Oso denpora tarte txikian, arrapaladan, erlojupean, ekitaldia galarazo, urte bitarako ilegalizazinoa luzatu eta egoitzak itxi egin dabez. Asuntu, probidentzia, epaiketa eta sententzia urte luzetan atara ezinda daukiezan uritar askok harriduraz eta inbidiaz ikusten dabe gai batzuei konponbidea emoteko gogoa dagoanean, Espainiako justizia Superman bera baino bizkorrago ibilteko gauza dala. Astoa kohete bihurtzen da.

Espero zan legez, Arnaldo Otegik ez eutson su-etenik eskatu ETAri. Hori egin barik igerlearena egin eban eta gatazkaren amaierea hur egoala esan eban. Itxaropena berpiztu egin jatala onartu behar dot, Otegik gai honeen ganean esandakoak fundamentu apur bat badaukala uste dot eta. Laino ilunak ikusten ziran euskal zeru politikoan. Kolpe batez desagertarazo ebazan Otegik. Ia berak esandakoa beteten dan.

Aste honeetan zehar bere lekutik urten dana barriro bideratzeko modua badagoala pentsau gura dot. Joan dan astean jazotakoaren aurrean Batasunaren erantzuna zuhurra eta neurtua izan da. Seguru ez daukiela beste erremediorik. Zoritxarrekorik izan ez daiten kontu haundiz dabilzala emoten dau. Sasien ganetik fin ibili dira. Eta hori seinale ona da. Baina Euskadi konponbiderako bidean jarteko ez da Batasuna zentzudun jokatu behar dauen eragile politiko bakarra. Noizko zentzua Estaduaren aldetik? Eta ETAren aldetik?