Zerua euskaldunago
1.- Euskaltzain osoak
Juan San Martin (2005-05-30)
Patxi Ondarra (2005-07-30)
Juan Mari Lekuona (2005-12-05)
Patxi Altuna (2005-01-20)
2.-Ohorezko euskaltzainak
Eugenio Agirretxe (2005-07-07)
Federico Barrenengoa (2005-12-30)
3.- Euskaltzain urgazleak
Joxe Mari Aranalde (2005-09-24)
Juan San Martin mendizale, idazle eta euskaltzain osoa joan dan urteko maiatzaren 30ean hil zan. 1922ko bagilaren 23an jaiotako eibartarra, tornulari lanean hasi zan egunez eta gabaz eskolara joaten zan. Irakurle sutsu, Egan aldizkariko zuzendari, artikulugile, olerkari (Otsalar ezizenagaz) zanari Espainiako Mendi Federazinoak zilarrezko domina emon eutson 1955ean. EIE eta EIZIEko ohorezko kide, 2001. urtean, Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibersidadearen laguntasunagaz, ‘Juan San Martin’ bekea sortu eban bere izenean. Hondarribiko seme kuttuna daborduko, 2005eko maiatzean, Eibarko ‘seme kuttun’ izentau eben aurrez aurre.
Patxi Ondarra Erdozia euskaltzain nafarra San Martin hil eta bi hilabetera hil zan. Bakaikun jaio zan, 1925ko maiatzaren 19an. Apaizgo ikasketak burutu eta apaiz kaputxino bilakatu zan Zangozan, 1945ean. Txilen hamahiru urte pasau ebazan, Paine-n. 1968tik kaputxinoek Lekarozen daukien ikastetxean hasi zan irakasle legez. Filosofia eta Letretan lizentziau zan 1980an. 1977. urtean Bianako Printzeko Indusketa eta Arkeologia batzordeko kide aukeratu eben. Euskaltzaindian baitan Euskalkiak-Dialektologia batzordeko buru izan zan. Gramatika batzordeko kidea zan eta Onomastika batzordeko aholkulari.
Juan Mari Lekuona poeta eta euskaltzaina joan dan abenduaren 5ean hil zan goizeko ordu bietan, Donostian. 1927an Oiartzunen jaioa, Teologia ikasketak egin eta gerora Erromara joan zan Teologia Izpirituala ikastera. ‘Oianburu’ ezizenekoak Egan, Olerti, Zeruko Argia, El Bidasoa eta beste hainbat aldizkaritan argitara emon dauz bere lanak.
Literaturaz ganera, kantua eta bertsolaritzea be oso gustuko izan dira berarentzat. Manuel Lekuona bere osabaren ordez aukeratu eben Juan Mari euskaltzain izateko. Urte askotan, 1989az geroztik, Juan Mari Lekuona Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaria izan da, 2005eko maiatzera arte.
Eugenio Agirretxe Azpillaga, garagarrilaren 7an hil zan Bermeon, frantziskotarren komentuan. Liburu asko idatzi ez badau be, euskal erretorikan maisu izan zala autortu behar da. Errezilen sortu zan, 1920ko zemendiaren 15ean. Bederatzi urtez San Frantziskoren hirugarren ordenako arduradun izan zan. Gasteizen eta Erroman egin ebazan Soziologia ikasketak. Gerra osteko euskal Eleizeak izan dauen sermoilari, misiolari eta hizlari sutsuen eta dotoreenetako bat izan zan. Aranzazu, Anaitasuna, Goiz Argi eta Zeruko Argia aldizkarietan argitara emon dauz bere artikuluak. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1957ko garagarrilaren 26an eta euskaltzain ohorezko, barriz, 1998ko apirilaren 24an.
Federico Barrenengoa euskaltzain ohorezkoa be 2005eko azken aurreko egunean hil zan. Barrenengoak Irakasle eta Filosofia ikasketak egin ebazan. Euskaldun barria zan -18 urte eukazala ikasi eban euskerea- eta AEKn eta Ikastolen munduan ibilia. Toponimian eta onomastikan aditua. Ikerketa-lan asko egin ebazan, Aiarako toponimiaz batez be. Amurrioko euskal toponimia berreskuratzeko eratu zan lehenbiziko batzordeko kidea izan zan. 1979ko abenduaren 20an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban eta 2004ko zemendiaren 26an, ohorezko euskaltzain. Azkue Bibliotekako batzordekidea be izan zan.
Joxe Maria Aranalde abade, irakasle, bertsozale, idazle eta euskaltzain urgazlea irailaren 24an hil zan. Aranalde Gipuzkoako Gaztelu herrian jaio zan 1933an eta 1958an abadetu zan. Donostiako Añorga auzora bialdu eben parroko izateko 1959tik 1972ra bitartean. Aranalderen lana, euskerearen inguruan, bertsolaritzeari oso lotua izan zan. Hamaika bertso idatzi ebazan, eta urtetan bertso-jartzaile lanean ibili zan. Halaber, Orixe bertsolari-lehiaketearen antolatzaile izan zan, Añorgan bertan. Itzulpengintzan be ibilia zan. Manuel Lekuonaren enkarguz, 1961an liturgiako itzultzaile-taldean hasi zan eta ia hogei urte emon ebazan zeregin horretan.
Azkena joan dan astean hil jaku, San Sebastian egunean: Patxi Altuna euskaltzain osoa. Hizkuntzalari ezaguna eta nabarmena, euskal filologiaren bultzatzaile nagusienetakoa izan dala esan geinke, okerrik barik. Ondino be hain presente eukita, agerikoa da unibersidade irakasle, idazle, ikerlari eta euskaltzainak egindakoak ezagunak dirala.
Zeruko euskaldunen artean egon daitezala danak!
Xabier Paia
Gure herriko euskaldunik onenak danak leku berean dagoz: zeruan. Eta hori dala eta, zerua gero eta euskaldunagoa da. Imajinau zelakoa izan behar dan Etxepare, Axular, Gabriel Aresti eta Lauaxetaren arteko alkarrizketea! Amamak txikitan kontetan eustan gure aitita zeruan egoala, tabernan egoten ei zan legez, musera olgetan. Aitatutakoak, ostera, ez dira kartetan ibiliko, lurtarrok egiten doguzanei begira baino. Eta batzuk gure berbeteari begira egongo dira.
Azken boladan, ganera, gero eta euskera zuzenagoa dago zeruan, euskaltzain askok agur esan deuskuelako: