Sarean  II. urtea // 20. zenbakia - 2003ko zezeilaren 15a

Internet & Irakeko gerrea


Internet burrukarako gune?

Internet gerrearen kontrako foro bihurtu da aspaldion baina beste alde batetik, Internet bera be gerra zelai bihurtu leiteke: orain dala pare bat hilebete, 'The Washington Post egunkariak argitaratutako albiste baten arabera, ezkutuko agiri bat aitatuz, Bush presidentearen gobernuak 'arerioen' sare informatikoen kontrako ustezko erasoetarako egin beharreko lanak abiarazo behar zituan hainbat arinen. Hackerrek erabilten dituen teknikak eta teknologia erabiliz, arerioen sare informatikoak eta, horren ondorioz, komunikazinoetarako sareak edota misilak jaurtiteko erabilten diran ordenagailuak eta sistemak zapuzteko ahaleginak egingo dira.

Kontua da ze, Sarearen kontra honezkero egon dirala eraso ahalegin batzuk, eragin handiegirik izan ez daben arren. Orain, AEBetako gobernuak eraso birtual posible horreek justifiketako legeak diseinau beharko ditu. Antza, hemetik aurrera, gerrak ez dira betiko moduan egingo, teknologiaren indarrak ez dauka muga jakinik eta, esangura horretan, gerra teknologikoak beste zentzu bat hartuko dau.

Internet, internautak eta Irakeko gerrea (orrialde interesgariak):

jmaznar@presidencia.gob.es
www.antelaguerraactua.org
www.nodo50.org/paremoslaguerra/
www.attacmadrid.org
www.izquierda-unida.es/informes/irak/docs.htm
www.bakea.euskadi.net
www.idleworm.com/nws/2002/11/iraq2.shtml

Gotzon Plaza, informatikoa

Internautak nahiko bereziak dirala entzuten dogu sarritan, persona bakartiak, gizartean bizi doguzan arazo eta ardura nagusietatik aparte dagozanak eta arrarotzat be hartzen doguzan morroiak. Mundu birtualean itsu-itsuan sartuta eta mundu errealeko arazoetatik urrun bizi dirala leporatu jake sarritan. Horren erakusgarri, munduan zehar gaur egun bizi dogun egoereari erreparetan badeutsagu, laster konturatuko gara internauta askok eta askok Iraken kontrako gerra posible horren aurrean, konpromiso zehatza eta gerrearen kontrako jarrera argia erakusten dabela.

Europa mailan, Espainian ei dago gerrearen kontrako jarrera garbi handiena, holan dakarre behintzat ikerketa soziologikoek: Gallup International erakundeak egindako inkesta erraldoi baten arabera, estadu mailan gerrearen kontra dagozanak % 74 dira. Internet Sarean be argi ikusi da erabiltzaileen jarrerea; internautek euren eretxiak emoteaz ganera, protesta ekintza zehatzak be antolatu ditue. Gai honetan, internautak, talde bakezaleak eta giza eskubideen aldekoak bat etorri dira eta euren web orrialdeak erabili ditue informazinoa eta protestak zabaltzeko.

jmaznar@presidencia.gob.es

Orain dala gitxi, internauten artean Espainiako Gobernu Presidentearen korreo elktronikoko helbidea zabaldu zan (jmaznar@presidencia.gob.es) posta helbide horretara protestako korreoak botateko asmoagaz.

www.antelaguerraactua.org

Nazinoarteko egoera politikoa larriagotzen joan ahala, Medicos Sin Fronteras, Greeenpeace, Intermon Oxfam eta Amnesty International erakundeak euren indarrak batu eta web orri bat preparau eta sareratu dabe: www.antelaguerraactua.org. Zenbat-gura informazino dago helbide horretan eta, helburuen artean, gerrearen kontra ahalik eta babes handiena lortzea dago. Orrialde horretatik, Jose Maria Aznar presidenteari karta elektronikoa bialtzeko aukerea be badago eta lerro honeek idazteko momentuan, 116.000 lagun baino gehiago izan dira karta hori sinatu dabenak (dogunok). Pentsau daigun J.M.Aznaren buzoi edo postontzia noraino beteta egongo dan!

www.nodo50.org/paremoslaguerra/

Beste koordinazio adibide bat, Nodo 50 izenekoan ikusten dogu. Hemen gobernuz kanpoko 600 erakunde baino gehiagok euren indarrak batu eta beste orrialde bat plazaratu dabe: www.nodo50.org/paremoslaguerra/.

'Gerrea gelditu daigun' lemapean artikuluak, komunikatuak eta manifestazinoetarako deialdiak agiri dira.

www.attacmadrid.org

Attac beste erakunde baten izena da eta Irakeko gerrearen kontrako deialdi ugari egin ditu www.attacmadrid.org web orrialde horretatik. Beste alde batetik, PP kenduta, alderdi politiko gehienak gerrearen kontra agertu dira eta berbarako, Ezker Batuaren eta Alderdi Sozialistaren web orrialdeetan kontrako eretxiak azaltzen dira.

www.bakea.euskadi.net

Euskal Herri mailan, Eusko Jaurlaritzeak bere aldetik web orrialde bat atondu dau gerrearen kontrako karta bat sinatzeko asmoz eta karta hau Nazino Batuetara bialtzeko usteagaz (www.bakea.euskadi.net ).

www.idleworm.com/nws/2002/11/iraq2.shtml

Gerrearen kontrako ekintzen artean, badira nahiko bitxiak be: Interneten dabilen joko antzeko baten bitartez Irakeko gerrea eta honen ondorioak batez be ondo ikusi geinkez: (www.idleworm.com/nws/2002/11/iraq2.shtml).

Orrialde horretan (inglesez dago), jokoa aurrera doan neurrian, jokalariak AEBetako agintari nagusien txostenak eta CNN telebista katearen zorionik beroenak jasoten ditu; Colin Powell eta Condoleezza Rice personaien karikaturen bidez, egoerea zelan doan aldatzen adierazoten jako erabiltzaileari. Hasieran, Bagdag bonbardeatu ondoren, gauzak amaitu baino okertu egiten dira, eta egoerea zelan gaiztotuten dan ikusiko dogu: talde islamisten hazkundea, eraso kimikoak Israelen kontra, eraso nuklearrak, matxinadak Hurreko Ekialdeko herrialde gehienetan eta azkenerako egoera guztiz korapilotsua eta gatazkatsua. Ekintza guztien artean, AEBetako agintarien karikaturak geure aurrean agertuko jakuz egoerearen barri emoteko, arazoa kontrolpean dagoala esanaz.

Ez da benetako jokoa, programa zarratua baino eta komikiagaz zerikusi gehiago dauka baina beronen helburua gerreak ekarri leikezan kalte guztien barri emotea da eta agintariek askotan aitatzen daben estaduaren seguridadeagaitik egin beharrekoa dan gerra honek ez dauela zentzurik eta atxakia baino ez dala ezagutarazotea.

Bromatzat hartu geinke baina animazino horretan agertzen edo komentetan diran egoerak ez dira ez fikzinoa, benetan jazo daitekezanak baino.