Bernardo Atxaga proposatu dabe Euskaltzaindiarako
Bizkaie!
Xabier Kintana, Ana Toledo eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek Bernardo Atxagaren izena proposatu dabe eta ofizialki erregistrau, 2005eko abenduan hildako Juan Mari Lekuonaren aulkia beteteko Euskaltzaindian.
Hautagaitzea, urtarrilaren 27an egingo dan osoko bilkuran aurkeztuko da. Akademiaren arauek agintzen dabenez, aurkeztu dan proposamenak hautagaiaren literatur eta hizkuntzalaritza lanean bildutako merituak zehazten ditu, baita haren curriculum luzea be.
Botazinoa martiaren 31n egingo dan osoko bilkuran izango da.
Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa, 1951)
Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zan Bilboko Unibersidadean, eta hainbat lanbidetan ibili izan zen (euskera irakaslea, irratiko gidoilaria, liburu-saltzailea, ekonomialaria...), harik eta, azkenik, laurogeiko hamarkadearen hasiera aldera, literatureari bete-betean ekin eutson arte.
Hasiera-hasieratik langile saiatu eta zorrotza izan da (1972an argitaratu ebazan bere lehenengo poemak euskeraz, antologia labur batean; 1976an bere lehenengo eleberria argitaratu zan, Ziutateaz; 1978an Etiopia poema-liburua atara eban. Barne-mundua bikain erabilten dau eta, ondorioz, hizkuntza jaso legez euskereak dauen adierazkortasunaren eta sendotasunaren erreferentzia bikain bihurtu da Bernardo Atxaga.
Baina, are gehiago, Valeria Clompiren eretxiz, une bakotxean erabilten dauen hizkuntzearen parez pare eregiten dau beti bere literaturea Atxagak. Eta, izan be, Atxagaren lanaren edertasunak aintzatespena jaso dau eten barik 1989tik: Obabakoak liburuaren edizinoak (1988an aurkeztu zen) mundu hispaniko osoaren mirespen sutsua lortu eban. Euskadi saria, Kritikearen saria eta Prix Millepages jaso ditu, eta bere lana hogei hizkuntza baino gehiagora itzuli da; hori guztia dala eta, idazleak merezitako errespetua lortu dau, eta errespetu hori berretsi egin da, ezelako salbuespenik barik, lan barri bat argitaratu dauen bakotxean. Poemas & HÃbridos (1993) bilduma goretsia, Dos hermanos (1995, Bi anai) edo Esos cielos (1996, Zeru horiek) adibide ezin hobeak dira.
'Mundua toki guztietan dago', dino bere idatzietako batek. Atxagaren lanak apurtu egiten dau konpromiso batek behartutako idazlearen topiko kaikua, eta literatureak dauen autonomiaren eta beste ezeren gainetik dagoan gizatasun tresnatzat dauen balioaren defendatzaile porrokatua da. Atxagaren lumari metahizkuntza unibertsala dario, irazki iradokitzaile eta oso zorrotz baten koordenadetan oinarritutakoa beti be. Patu berbera ezkutatzen daben dualtasun formalak enblematikoak dira; berez xaloa dan orainaren gaineko -ez dogu esango etorkizuna- (seguru hondatuko dana) ezbai gogorraren aurrez aurre, bizitzearen edertasun ukaezinaren aldean ulertezina dan kanpoaldearen aurrez aurre jarriko gaitu lasaitasun osoz. Azken batean, bere estiloaren gardentasun handiak, bere argumentuen xalotasun zirraragarriak eta bere irudien adeitasun adierazgarriak milurtekoaren amaierako literatur hispanikoan dagoan sakontasun eta originaltasun handieneko sortzaileetako bat bihurtzen dabe Bernardo Atxaga.