Sarean  IV. urtea // 146. zenbakia

Pixelak saldu eta aberastu


Gotzon Plaza,
informatikoa

Telebistetan eta egunkarietan ikusi dogu Ingalaterratik heldu jakun barri hau. Bertako ikasle gazte batek, Alex Tew izenekoa, asmautako webguneak ikaragarrizko arrakastea izan dau eta gaztea aberastu egin da.

Eta zer egiten dau webgune horrek edo gazteak zer demontre saltzen dau? Egia esan, niretzan ideia nahiko zoroa, fundamentu bakoa da baina, antza danez, beste askok ez dabe holakorik pentsetan.

http://www.milliondollarhomepage.com. Horixe da webgunearen helbidea. Sortu zanean, orrialde zuria baino ez zan. Orri zuri hori puntuz beteta dago, edozein monitore eta telebista-aparatu lez. Gure ordenadoreak monitorearen konfigurazinoa aldatzeko aukerea aemoten deusku. Berbarako, lan egiten nagoan honetan 1024 x 768 pixeleko konfigurazinoa daukat. Pixel bat monitorean dagoan puntutxu bat baino ez da, zenbat eta pixel gehiago izan gero eta kalidadea hobea izango da. Gauza berbera pasetan da kamara digitalakaz, zenbat eta pixel gehiago euki, atarako dogun azgazkiaren kalidadea hobea izango da.

Gazteak orri zuria hainbat zatitan banandu eban, 10 x 10 pixeleko karratutxoetan. Holan, lortutako karratutxuak alokatu egiten ditu publizidadea iminteko. Pixel bakotxeko dolar bat pagau behar da, beraz, holako karratutxu bat alokatzeko 100 dolarreko irabazia eukan. Ideiak, antza, grazia eukan eta apurka-apurka, hasieran lagunak baina gero enpresa serioak be bai, bere orria publizidadez betetan hasi ziran. Orria publizidadez eta bankuko kontua korrontea, diruz.

Baina arazoak oraintxe hasi diran: urtarrilaren 7an lehenengo mezu bat jaso eban. Bertan, txantajea egiten jakon gazteari: 5.000 dolar pagau ezean, webgunea boikoteauko eben. Bigarren mezu batean 50.000 dolarrera igoten eban txantajearen diru kopurua. Gazteak ez eutsen mehatxuei kasurik egin baina hurrengo egunean webgunea blokeauta egoan. Momentuz, arazoa konponduta dago eta Estadu Batuetako FBI erakundea eta Britainia Handiko NHTCU (National Hi-Tech Crime Unit) lanean dabilz, mezularien atzetik. Euren ustetan, mehatxuak Errusiatik datoz, BBCk azaldu ebanez.