Hegaldiak egiteko, Internet da onena
Gotzon Plaza,
informatikoa
Hegazkina hartu gura dogun bakotxean, zuhur ibilten bagara, prezioak gure alde zelan egiten dauen ikusiko dogu. Teorian enpresen arteko konpetentziak prezioen jatsierea ekarriko deuskun gizarte honetan bizi gara baina gero errealidadea beste bat izaten da ze patrikeretan ez dogu horrenbeste igarten.
Azken urteotako fenomenoa da hegazkin konpaniakaz pasetan jakuna: alde batetik, enpresa txikiagoak sortu dira eta eurei esker hegaldi merkeagoak merkaturatu dabez (hor dagoz kasuak, Bilbotik Londonerako txartela erosi eta laster konturatuko gara gehiago pagauko dogula aierportura eroango gaituan autobus txartelagaitik hegalldiagaitik baino). Eta bestetik, eta honek bai enpresa txiki zein nagusie be bajagoke, Internet bidez txartelak erostea askozaz merkeagoa da bidai agentzia baten bitartekaritzaz erostea baino.
Argi dago bigarren puntu honen arrazoia: komisinoak. Komisinoen kontua ez da bromea. Hor dagoz aspalditik hegazkin konpainiak eta bidaia agentziak tirabiraka bakotxak bere negozioaren alde eginez. Berbarako, 2003an Iberiak % 6ko komisinoa pagetan eutsien agentziei eta aurten % 1 besterik ez da izango. Urte bi barru ez dala ezelako komisinorik izango be esan dabe.
Hezgakin konpainiek dirua aurreratu gura dabe batez be kostu txikiko enpresei aurre egiteko. Baina beste plan bat be badaukie: papelezko txartel klasikoa desagertarazotea. Beste berba batzukaz esanda, bidaia agentziei euren merkatua kendu gura deutse eta, era berean, zuzen-zuzen bezeroakaz egiten diran hartu-emonak bereganatu.
Ideia hau IATA-k bultzatzen dau (Nazioarteko Aire Garraioko Elkartea). Elkarte honek mundu osoko 265 enpresa barrubiltzen ditu, diran guztietatik % 94. Honeen esanetan, urtero 350 miloe txartel inprimiduten dira mundu osoan. Jakina, gehienek bidaia agentzietan baina enpresen euren bulegoetan be bai. Orduan, alde batetik papela eta inprimigailuak kentzen badoguz eta beste aldetik, agentziek ez badabe holakorik ataraten ez dago ezelako komisinorik pagau behar. Joko biribila ze euren kalkuluetan aldaketa honi esker konpainiek urtero 2.500 miloe euro aurreratuko leukiez. Holako zatiren bat eukiko bageunke gure patrikeran!
Eta papelezko txartelik ezin badogu erosi, zelan sartuko gara hegazkinetan? Papelezkoak ez baina elektronikoak bai. Eta onek zer esan gura dau? Txartelak Internet bidez erosiko doguzala eta gero gure inprimigailutik atara zigilu elektroniko bategaz.
Ideia hau apliketan Iberia konpainia izan da lehenengoa eta sarritan publizidadearen helburuak ez diranez betetan, beste erremedio gogorragoetara pasau da: hemendik aurrera papelean inprimiduten dan txartel bakotxari 15 euroko gainordaina jarriko deutso. Ondo pentsau beharko doguz gauzak ze batzuetan merkeagoa izango da ziber-kafetegi batera joan eta han egitea Internetera konekzinoa txartela erosteko, agentziara joatea baino.
Iberiaren asmoa ondokoa da: gaurko Internet bidezko salmentak % 18,5etik % 37ra pasetea bi urteko epean. Gaur egun txartel guztien % 38 Sarearen bidez saltzen dira eta pasa dan urtean ia 400 miloe bidaiarik erabili eben Internet horretarako.
Bien bitartean, batzuk dardarka hasten gara pentsaurik bidaia agentzien erantzuna be etorriko dala, jakina. Oraindino agentziek hegazkinetako hamar txarteletik zortzi (papelezkoak nahiz elektronikoak) saltzen dabez, baina ikusten dogunez, portzentajeak laster aldatuko dira. Agentziek be zeozer eskaini beharko dabe bazterrean geratu gura ez badabe behintzat. Agentziek bidaiaren beste arlo batzuk jorratu beharko dabez, hegalaldia bera negoziotik kanpo itxi eta beste bide batzuk bilatu: hotela, aireporturako bidaia eta antzekoak, hau da, sarritan oporraldi agentzia edo turismo agentzia bihurtzea, beste erremediorik ez dabe izango.
Gauzak holan dirala, guk bezero arruntok patrikeran igarri geinkez gorabehera horreek guztiak eta onerako bada, aurrera.
Hegaldiren bat hartu gura izan ezkero, interesgarria izan daiteke ondoko helbidea: www.vuelosbaratos.com. Ganera, web horretatik loturak topauko dozuez konpainia desbardinen webguneetara.