Sud Express
'Sud Express' bizimoduen bidekurutze baten ganeko kontakizuna da. Parisetik Lisboara doan trenean barrena kurutzatzen diran persona anonimoen sei istorio agiri dira. Birtute asko topau daitekez tren baten inguruan egindako 'road movie' honetan, baina aitagarrienetariko bat da gaur egungo hainbat gairi, batez be, inmigrazinoaren gaiari oratzeko guran hain ohikoa izaten dan sentimentalismo merkea erabili ez izana.
Edozelan be, behin baino gehiagotan politikoki zuzena izateko jokaerea azaldu eta odol txar gehiagoren hutsunea igarri arren, 'Sud Express' filmak hausnarketarako giltzarri asko emoten dauz Europaren hego-sartalde honetako gizartearen nahiz norbanakoen gai garrantzitsuen inguruan. Ganera, horretan be asmau dabela esan beharra dago, gai personal eta sozial orokorrak buztartzeko lana naturaltasun osoz egin dabelako. Horri, seguru antzean, filmean entzuten diran hizkuntzen erabilereak be lagundu deutso; bitxikeria modura esan beharra dago filmak Euskal Herrian egindako geldialdi laburretan euskerea be entzuteko aukerea dagoala.
Bestalde, filma garatzeko ebagitako bidea ez da bape hotza, ez urruna, ez eta intelektuala be; Parisetik Lisboara doan trenaren bidaiak personaien kontrapuntu egokiak ezartzeko aukerea emoten dau. Pasarte barregarriak ikusi leitekez, baita iraingarriak, serioak eta absurdoak be, baina guzti-guztien ganetik gizakiaren gorabehera askoren iturburuan dagoan arazo unibersal bat agiri da: bakardadea.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Chema de la Peña eta Gabriel Velázquez.
- Herrialdeak: Espainia, Euskal Herria eta Portugal.
Iraupena: 103 minutu.
- Antzezleak: Gerald Morales (Samuel), Tino Guimarães (Tino), German A. João (Mili), Lidia Pinville (Lucía), Javier Delgado (Rober), Pilar Borrego (Isa), Juanma Hernández (Julián), Miguel Martín (Luis Antonio), Hicham Malayo (Rashid), Séverine Batier (prostitutea), Fernando Tavares (João).
- Argazkia: David Azcano.
- Muntaia: Antonio Lara eta María Lara.